Etxebizitza beharrei erantzuteko lan lerroak zehaztu ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 9a, 21:09
Alde Zaharreko etxebizitzak, parrokiako kanpandorretik ikusita.

Iaz egindako azterketaren emaitzak eta horiek kontuan hartuta osatu duen Etxebizitza Plana aurkeztu ditu erakundeak. Herritarrei informazioa eta aholkularitza emateko etxebizitza bulegoa martxan jartzea jaso dute planean, eta hutsik dauden bizitokiak mobilizatzea eta alokairura bideratzea "lehentasuna" izango da.

Etxebizitza politika "propioa" garatzeko tresna berriak prest ditu Azpeitiko Udalak. Herrian gaur egun dauden beharren argazkia erakusten duen azterketaren emaitzak, eta horiek kontuan hartuta erakundeak osatu duen lehen Etxebizitza Plana aurkeztu dituzte gaur Nagore Alkorta alkateak eta Josu Labaka zinegotziak 

Etxebizitza politikari dagokionez, udalak arlo eta eremu desberdinetan egiten ari den "ariketa" bera gauzatu duela esan du Labakak: "Beharrak detektatzea, batetik, eta ondoren behar horiei erantzuteko neurriak hartzea eta baliabideak jartzea. Izan ere, udalaren egitekoa da herritarren bizi kalitatea eta bizi baldintzak hobetzea". Egiteko horren barruan, etxebizitzaren arloak duen "garrantzia azpimarratu" behar dela esan du zinegotziak, etxebizitza nola eskuratzen den herritarren eta familien "etorkizuna eta etxeko ekonomia asko baldintzatzen" duen faktorea izaten delako.

Gaur aurkeztu dituzten azterketa eta plana udala azken urteetan jorratzen ari den ildoaren jarraipena direla ere nabarmendu du Labakak; aurreko azterketa 2016an egin zuten, eta hartan oinarrituta hartutako neurriak eta gauzatutako proiektuak izan dira, besteak beste, Esklabetan eta Alde Zaharrean eraiki dituzten edota eraikitzen ari diren babestutako etxebizitzak eta bizitokiak. "Ikusten genuen momentu egokia zela etxebizitzaren gaineko azterketa eguneratzeko. Azterketa berria egin da, eta horren emaitzek erakusten dutenari erantzuteko plana osatu ere bai".

Emantzipatu gabeko gazteak

Hiru iturri baliatu ditu udalak etxebizitzaren gaineko azterketa berria egiteko: hainbat erakundetan jasotako datuak, eta bi galdetegi. Emantzipatu gabeko 562 gazteren iritzia eta egoera ezagutzeko galdetegia izan da bata, eta alokairuan bizi diren 126 herritarri egin dietena, bestea. Datuak zein galdetegiak, 2021ekoak dira. Azterketaren emaitzetako batzuk nabarmendu ditu Labakak gaurko agerraldian; emaitza guztiak jasotzen dituen txostena bere webgunean jarriko du udalak, nahi duenak kontsulta ditzan.

Azpeitian gora egin du azken urteetan biztanleen kopuruak, eta 15.000 biztanleren langa gainditu du herriak. "Biztanleriaren zahartzea errealitate bat" dela jabetuta dago udala, eta herriratu diren "etorri berriak" ere "beste profil esanguratsu bat" dira azterketan jaso dituzten datuetan, Labakaren esanetan. Etxebizitza eskariari dagokionez, 2021eko ekainaren 1ean, 568 ziren Etxebide zerbitzuan izena emanda zeuden azpeitiarrak; horietatik %44,4ren asmoa etxebizitza bat erostea zen, eta %38,3k alokairuan hartu nahi zuen etxea. 18 eta 35 urte arteko 2.854 gazte zeuden erroldatuta iaz Azpeitian, eta horietatik 1.804 (%63,2) emantzipatu gabe daude, hau da, gurasoekin edo familiakoekin bizi dira. Hiru adin tartetan banatu dituzte gazte horiek azterketan –18-24, 25-29 eta 30-35–; 18 eta 24 urte artekoena da adin tarte jendetsuena, 1.116 biztanle daude adin tarte horretakoak, eta askoz handiagoa da tarte horretan emantzipatu gabeen kopurua: ia %92ra iristen da. Azterketako beste bi adin tarteetan, aldiz, gehiago dira emantzipatuta bizi direnak, emantzipatu gabeak baino.

"Datozen urteetan gazte horiei emantzipatzeko nahia edo beharra areagotuko zaiela ikusten da, eta etxebizitza beharra sortzen joango da", ondorioztatu du Labakak, eta horrek "etxebizitza politikan eskaintza jarraitu bat egitearen premia erakusten" duela esan du. Galdeketan parte hartu duten gazteen %93k beren bizi proiektua Azpeitian eraikitzeko asmoa eta nahia adierazi dute, eta hori "datu esanguratsua" da zinegotziaren ustez. Galdetutako gazteen %63 etxebizitza erostearen aldekoak dira, baina alokairuaren aldeko joeraren pisua ere "nahiko agerian" utzi dute emaitzek.

Labakak adierazi du azterketaren emaitzek erakusten dutela "familia tipologia desberdinak osatuko direla, eta etxebizitza eskaintza anitza izan beharko da, forman eta edukian, gaur egungo beharrei erantzuten jarraitu ahal izateko". Ildo horretatik doaz udalak azterketaren emaitzen argitara atera dituen ondorio nagusiak. "Etxebizitza politika jarraitua eta eskaintza iraunkorra egitearen garrantzia agerian" gelditu dira, Labakaren esanetan, eta horiek gauzatzeko tresnak jaso nahi izan dituzte Etxebizitza Planean.

Josu Labaka eta Nagore Alkorta, gaurko agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Lau ardatz

Alkateak azaldu ditu Azpeitiko Udalaren Etxebizitza Planaren nondik norakoak. Lau ardatz edo erronka nagusi ditu plangintza berriak, eta horiei aurre egiteko ekintzak ere jasotzen ditu.

  1. Herritarrei etxebizitzaren arloan "arreta pertsonalizatua, informazio osoa eta aholkularitza zerbitzu integrala eskaintzea" da lehen ardatza, eta helburu horiek gauzatzeko, etxebizitza bulegoa martxan jarriko du udalak "epe motzean. Informazioa eta aholkuak emateaz gain, etxebizitzarekin lotutako zenbait gestio errazten ere lagunduko die bulego horrek herritarrei.
  2. "Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta alokairura bideratzea" da planean jaso duten bigarren erronka, eta "lehentasuna" izango da hori, gainera. Helburu hori lortzeko baliabide batzuk dagoeneko erabiltzen ari direla gogoratu du alkateak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan hutsik dauden etxeei ezartzen dieten errekargua edo alokairurako laguntzen Bizibide programa, esaterako. Horiek mantentzeaz gain, Euskao Jaurlaritzak lege bidez etxe hutsei ezarri dien kanona aplikatzen hasiko da udala. Halaber, alokairua sustatzeko eta errazteko neurri gehiago ere aurreikusi dituzte Etxebizitza Planean.
  3. "Babes publikoko etxebizitza berriak sustatzea" da planaren hirugarren ardatza. Babes ofizialeko etxebizitza eskaintza iraunkortzeaz eta etxebizitza tasatuak eraikitzeaz gain, gizarte larrialdietarako etxebizitza poltsa osatzea eta indartzea aurreikusten du planak, eta "sortzen diren beste beharrei erantzuteko tipologien azterketa" egitea ere bai.
  4. "Etxebizitza parkearen eta eraikinen birgaitzea sustatzea" da planaren laugarren erronka, herriko etxebizitza eraikinen "bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetuz". Irisgarritasunari dagokionez, "auzo eta kolektibo zaurgarrienetan fokalizatu" nahi dituzte jarduerak. "Bakarrik bizi diren adinekoak, batez ere emakumeak" aipatzen dituzte planean; horiei dagokienez, irisgarritasuna hobetzeko jarduerak ez ezik, etxebizitza trukea errazteko ekintzak ere aurreikusi dituzte.

Plan berria Azpeitia 2030 Plan Estrategikoaren "marko orokorrean" kokatu du Alkortak eta bere helburu nagusia "azpeitiarren etxebizitza beharrei erantzutea" izango da, behar horiek zehazteko azterketa lanarekin egin den diagnostikoa izan baita plana osatzeko "abiapuntua". Etxebizitzaren "funtzio soziala" azpimarratu du alkateak

Etxebizitzari dagokionez, Alkortak esan du "zenbait sektorek dituzten zailtasunak agerian" gelditu direla beharren azterketaren emaitzak ikusita. Azpeitira etorri berriak eta gazteak dira etxebizitzaren eremuan "behar nagusienak dituzten kolektiboak", baina horiez gain "behar espezifikoak" dituzten beste batzuk ere identifikatu dituzte, hala nola emakumeak, familia monoparentalak, banandutakoak edota adinekoak.

Etxebizitza Planean jasotako erronkak eta ekintzak "etxebizitzak duen funtzio soziala" azpimarratzera eta bermatzera bideratu ditu udalak. Etxebizitzak "herritarren bizi kalitatean duen eragina eta gizarte bazterketa eragozteko izan dezakeen funtzioa" nabarmendu ditu Alkortak, nazioarteko zein etxeko legeek babesten dituztelako, eta 2015eko etxebizitzaren euskal legeak herritarrei aitortzen dien etxebizitza bat izateko "eskubide subjektiboa" ere aipatu du. Funtzio sozial hori "materializatzeko" tresna izan nahi du udalaren Etxebizitza Planak, alkatearen esanetan.