Espanyolek irabazi du infantil nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa

Julene Frantzesena 2022ko eka. 19a, 18:21

Bartzelonako taldeak Madrilen aurka neurtu ditu indarrak, eta 3 eta 2 nagusituta, harentzat izan da txapelketako garaikurra. Kopako finala Betis Bk irabazi du, Racingen aurka irabazita. Zale onenen saria Valentziarentzat izan da. Datorren asteburuan, ostiraletik igandera, 2010ean jaiotako mutilen txapelketa izango da.

Bartzelonako Espanyol taldeak irabazi du infantil nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa. Ostiralean hasita, 30 talde aritu dira garaikurra lortzeko lehian, baina bik eskuratu dute gaur eguerdian jokatu duten finalerako txartela: Espanyolek eta Madrilek neurtu dituzte indarrak, eta 3 eta 2 nagusitu da Kataluniako taldea.

Era berean, partida horren aurretik kopako finala jokatu dute Santandergo Racingek eta Betis Bk. Hutsean bukatu da bi talde horiek arteko neurketa, eta penaltietan Sevillako taldea nagusitu da, 4 eta 2 –Racingek ez du bosgarren penaltia bota–. Beraz, Betisentzat izan da kopako garaikurra.

Txapelketaren bukaerako ekitaldian beste hiru sari ere banatu dituzte. Hain zuzen ere, txapelketako atezain onenaren saria Donostiako Antiguoko taldeko Andrea Berganzak eskuratu du, eta jokalari onenaren saria, berriz, Espanyoleko Jana Valdasquinek. Bestalde zaleen artean ikusmina piztu du afizio onenaren sariak; izan ere, hura banatzerako futbol zelaian ziren bonbo eta guzti Betiseko eta Valentziako zaleak, eta Valentziakoentzat izan da garaikurra. Haiek petardo sail bat bota dute zelaian, ohitura dutenez.

Bestalde, aipatzekoa da Lagun Onakeko neskek txapelketan egin duten bidea. Izan ere, kopako azken fasera sailkatu ziren, nahiz eta ez zuten lortu finalerdietara sartzea. Jokatutako hiru jardunaldietan oso lan txukuna egin zuten horiek.

Giro bikaina izan da hiru eguneko txapelketan, eta horixe nabarmendu dute txapelketaren antolatzaileek. Haien arabera, dena "oso ondo" atera da, eta gustura agertu dira, nahiz eta eguraldi beroak ez duen atsedenik eman, atzo batez ere.

Datorren asteburuan bestea

Datorren asteburuan izango da Azpeitia Cupeko hirugarren eta azken txapelketa; 2010. urtean jaiotako mutilen txanda izango da. Iazko abenduan ziren txapelketa hori jokatzekoak, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Txapelketa jokatuko den datak "ez dira onenak", Azpeitia Cupen antolatzaileen arabera, denboraldi amaiera delako taldeentzako. Horregatik, ohi baino talde gutxiago lehiatuko dira; 24, zehazki. Horietatik hamalau talde izango dira Espainiako Ligako lehen mailako taldeen harrobietakoak.

Aurreko asteburuan, berriz, 2011n jaiotako mutilen txapelketa izan zen hiru egunez Garmendipen, eta Betisentzat izan zen garaikurra.