Martxan da infantil mailako nesken Azpeitia Cup

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 17a, 21:08

30 talde bost taldetan banatuta lehiatuko dira igandera bitartean. Beroa izan da lehen jardunaldiko protagonista nagusia.

Joan den asteburuan 2011n jaiotako kimu mutilen txapelketa jokatu ondoren, asteburu honetan infantil mailako nesken txanda da Domusa Teknik Azpeitia Cup lagunarteko futbol txapelketan.

Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako 30 lehiatuko dira igandea bitartean txapelaren bila, bost multzotan banatuta. Gaur 18:00etan hasi da lehia eta 20:00ak bitartean ordu erdiko hamazazpi partida jokatu dituzte Garmendipeko zelaietan; txapelketako lehen neurketa jokatu du, esaterako, Lagun Onakek, Athleticen kontra. Beroa izan da lehen jardunaldiko protagonista nagusia, eta feskagarri eta itzal bila ibili dira jokalariak zein jarraitzaileak.

Bihar goiz eta arratsaldez jokatuko dira partidak; 09:00etan hasi eta 12:30ean bukatuko da goizeko jardunaldia, eta 16:30etik 20:30era jokatuko dituzte arratsaldeko neurketak. Igandean, berriz, ligako eta kopako azken faseak jokatuko dituzte. 09:00etan hasiko da azken jardunaldia ere, 13:00etan hasiko da kopako finala, eta 13:30ean ligakoa.