Txupinazoa botata, hasi dira Lagun Onak eguna ospatzen

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 11:20

Klubarekin lotura estua duen Leunda familiako kideek bota dute aurtengo suziria. Goiz partean, gaztetxoen partidak eta puzgarriak izango dira Garmendipen. Arratsaldean, Lagun Onaken gizonen bigarren taldeak igoera faseko itzulerako partida jokatuko du Zumaian. Gauean, afaria eta sari banaketa egingo dituzte Kiruri jatetxean. 

Suziria botata, Lagun Onak futbol taldea hasi da klubaren eguna ospatzen. 10:00etan bota du festari hasiera emateko txupinazoa klubarekin lotura estua duen familia batek: hain zuzen ere, futbola utzi berri duen Oinatz Elustondo, Iñaki Leunda zuzendaritzako kidea eta Aimar Leunda futbolaria arduratu dira txupinazoa botatzeaz.

Beste urteetako antzeko planteamendua egin du klubak aurtengorako ere. Ohi bezala, futbol eskolako haurren partidak izango dira goiz partean, 09:00etatik 12:00etara bitartean, zelai naturalean zein artifizialean. Gainera, infantil mutilek finalaurrekoetara sailkatu ala ez erabakitzeko neurketa jokatuko dute, 11:00etan, goiko zelaian. Infantil neskek, bestalde, finala jokatu ala ez erabakitzeko partida jokatuko dute, 12:15ean, beheko zelaian.

Aurtengoan, bereizgarri bat ere izango du Lagun Onak egunak. Izan ere, igoera fasea jokatzen ari da Lagun Onaken gizonen bigarren taldea, Zumaiakoren aurka. Joan den astean jokatu zuten joaneko partida etxean, eta 1 eta 0 gailendu zen Lagun Onak. Beraz, abantaila hori patrikan joango dira gaur itzulerako partida jokatzera, Zumaiara. Zumaiakoren aurkako kanporaketa irabaziz gero, Gizonezkoen Gorengo Mailatik Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailara igoko da taldea.

Arratsaldean ere festa

Normalean, Lagun Onak eguna girotzeko, elektrotxaranga bat kontratatu ohi du klubak, baina aurten, udalak antolatutako Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketaren harira, bi saio izango dira: Matraka eta OstiKda taldeenak, hain zuzen ere. 19:00etatik 20:30era plazatik Perez Arregirako ibilbidea egingo du lehen taldeak; eta alderantzizko bidea osatuko du bigarrenak, 20:30etik 22:00etara.

21:00etan, afaria egingo dute klubeko kideek Kiruri jatetxean; 200 lagun inguru elkartuko direla aurreikusi dute. Hara joateko, autobusak abiatuko dira anbulatorioaren aurretik 20:40an, 20:50ean eta 21:00etan. Afalostean, urteko jokalari onenen sari banaketa egingo dute, eta ekitaldia 00:00 alderako amaituko dela aurreikusten dute. Guztia amaitzean, herrigunera itzultzeko autobusak izango dira.