Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa egingo dute maiatzean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 22a, 09:14
Elektrotxufla da elektrotxarangen lehen lehiaketan ariko den taldeetako bat. (Elektrotxufla)

Alde Zaharreko tabernarien elkarteak (AZTE) antolatu du, udalarekin elkarlanean. Maiatzaren 7an, 21ean eta 28an, bina elektrotxaranga ibiliko dira Alde Zaharrean, Plaza Nagusiaren eta Perez Arregi plazaren artean. Zütik, Elektrotxufla, Game of Txaranga, 3Indarrok, Matraka eta OstiKda dira lehiaketan parte hartuko duten elektrotxarangak.

Maiatzeko zapatuetan ez da musikarik eta girorik faltako herriko Alde Zaharreko kaleetan. Udalarekin elkarlanean, Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko tabernarien elkarteak (AZTE), eta datorren hilaren hiru larunbatetan egingo da lehiaketa hori: maiatzaren 7an, 21ean eta 28an.

Egun horietako bakoitzean, bina elektrotxaranga ibiliko dira kalez kale Plaza Nagusiaren eta Perez Arregi plazaren artean. 19:00etatik 20:30era plazatik Perez Arregirako ibilbidea egingo du batek; eta alderantzizko bidea osatuko du besteak, 20:30etik 22:00etara.

Horrenbestez, sei elektrotxaranga lehiatuko dira Azpeitian, Euskal Herriko lehen garaikurraren bila: Zütik eta Elektrotxufla ibiliko dira kalez kale maiatzaren 7an, Game of Txaranga eta 3Indarrok maiatzaren 21ean, eta Matraka eta OstiKda maiatzaren 28an.

Antolatzaileek Azpeitiko musikariekin osatuko dute epaimahaia, eta epaimahai horren puntuazioak erabakiko du zer elektrotxarangak irabaziko duen lehiaketa. 6.000 euroko saria jasoko du lehiaketaren irabazleak.