Hasi da Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa

Anartz Izagirre 2022ko mai. 9a, 11:55
Gazteleku 2 eta Tolosa taldeetako jokalariak, atzo, Izarraitz pilotalekuan (Ilunpe)

Atzo, igandea, hasi zen Izarraitz pilotalekuan Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa. Andoaingo Gazteleku 2 taldeak irabazi zuen bi partidetako bat Tolosaren aurka, eta Ordiziako Oianguk bestea, Gazteleku 1 taldearen aurka. Datorren igandean beste bi norgehiagoka izango dira.

Abian da dagoeneko Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa, eta, aurten, jardunaldi guztiak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte. Atzo, igandea, izan ziren lehen bi partidak. Alde batetik, Andoaingo Gazteleku 2 eta Tolosako taldearen aurkako partida izan zen, eta andoaindarrak izan ziren nagusi, 45-12. Bestetik, Gazteleku 1 eta Ordiziako Oiangu taldearen arteko norgehiagoka izan zen frontoian, eta 26-45 amaitu zen partida, ordiziarren alde.

Datorren igandean, hilak 15, izango da txapelketaren bigarren jardunaldia, 10:00etan, Izarraitzen. Gainontzeko jardunaldiak, berriz, hilaren 22an eta 29an jokatuko dituzte, eta final handia ekainaren 5erako aurreikusi dute, nahiz eta egun horretan Izarraitz pilotalekuan izango den aizkora txapelketa medio finalaren eguna eta lekua alda ditzaketen oraindik.

Urtero jokatu ohi da Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa lurraldeko udalerriren batean, eta, aurten, Ilunpeko Erreminta Sailari egokitu zaio txapelketa antolatzea. Guztira, sei bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik bikote bat izango da azpeitiarra; hain zuzen ere, Eneko Martija eta Mikel Sanchez azpeitiarrak arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila.

Gazteleku 1 eta Oiangu taldeen arteko partidako une bat. (Ilunpe)