Azpeitian jokatuko dute aurten Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa, igandean hasita

Anartz Izagirre 2022ko mai. 4a, 12:00
Mikel Sanchez eta Eneko Martija, Izarraitz pilotalekuan. (Ilunpe)

Maiatzeko igande guztietan izango dira jardunaldiak, Izarraitz pilotalekuan, eta ekainaren 5erako aurreikusi dute finala. Ilunpe pilota elkartetik Eneko Martijak eta Mikel Sanchezek osatutako bikotea lehiatuko da txapelketan.

Urtero jokatu ohi den Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa Azpeitian jokatuko da aurten. Ilunpe pilota elkartea buru-belarri aritu da azken hilabeteetan antolakuntzan, eta dena prest dago igandean Izarraitz pilotalekuan hasiko den txapelketarako. Guztira, sei bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik bikote bat izango da azpeitiarra; hain zuzen ere, Eneko Martija eta Mikel Sanchez azpeitiarrak arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila. Beste bikoteak Andoaingoak —bi bikote—, Errenteriakoak, Tolosakoak eta Ordiziakoak izango dira.

Bi taldetan banatutako maila bakarra izango da txapelketan, eta horietako bakoitzean hiru bikote arituko dira lehian. Maiatzeko igande guztietan jokatuko dira jardunaldiak Izarraitzen, 10:00etan hasita, eta talde bakoitzetik partida bana jokatuko dute horietako bakoitzean. Finala, berriz, ekainaren 5erako aurreikusi dute, baina egun horretan aizkora txapelketa dagoela eta, antolatzaileek oraindik ez dakite ziur finala noiz eta non egin ahal izango duten. Bestalde, jakinarazi dute partidak ikusteko sarrera doakoa eta librea izango dela.

Urtzi Lopetegi Ilunpeko kidearen arabera, duela pare bat urte hasi ziren elkartean Erreminta Saila sustatzeko lanekin, eta pala luzeaz gain, beste hainbat modalitate zabaldu nahi dituzte herritarren artean; esaterako, gomazko paletak zein larruzkoak. "Federazioan ikusi dute mugimendua dagoela Azpeitian, eta galdetu ziguten ea zer iruditzen zitzaigun txapelketa aurten Azpeitian egitea. Ados geundela esan genien", azaldu du azpeitiarrak. Lopetegik, bestalde, eskerrak eman dizkie Fundibide enpresa babesleari eta Azpeitiko Udalari txapelketa antolatzeko emandako laguntzagatik.