'Lima' aurkeztu du Miren Gorrotxategik, gaztetxoei zuzenduta idatzi duen lehen eleberria

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 29a, 13:18
Miren Gorrotxategi 'Lima' liburuaren ale batekin, gaur, Donostiako Udal Liburutegiko eskaileretan. (Elkar)

Liburuari izenburua ematen dio errealitatea eta fantasia nahasten dituen istorioaren protagonistak, eta mitologiara ere jo du idazle azpeitiarrak. "Irakaslea naiz neu DBHn. Ez dakit zor den hitza, baina nahi nien zerbait eskaini 'nire' ume horiei", azaldu du aurkezpenean Gorrotxategik. Elkar argitaletxearen Taupadak bilduman argitaratu du lan berria.

Ikasle batzuetatik beste batzuetara, horrela dabil azkenaldian Miren Gorrotxategi. Joan den otsailean, Legarraren desagerpena aurkeztu zuen, bere hirugarren nobela beltza –33 ezkil eta Sotoan gordeak kaleratu zituen aurretik–, A2 mailako euskara ikasleei egokituta. Gaur, berriz, bereziki gaztetxoei zuzendutako bere lehen eleberria aurkeztu du azpeitiarrak: Lima. Aurrekoak bezala, Elkar argitaletxearekin plazaratu du azken lana Gorrotxategik; argitaletxe horren Taupadak bildumako 62. liburua da, hain zuzen ere, Lima.

"Irakaslea naiz neu DBHn. Ez dakit zor den hitza, baina nahi nien zerbait eskaini 'nire' ume horiei. Hortik etorri da Lima. Abantaila dut, badakit zer gustatzen zaien, edo horrela uste dut behintzat, eta saiatu naiz haiek gustura irakurriko duten liburu bat idazten", azaldu du egileak aurkezpenean. Donostiako Udal Liburutegian egin dute aurkezpen prentsaurrekoa, eta Elkarreko Antxiñe Mendizabal editorea izan du ondoan Gorrotxategik. "Gaztetxoen gustuko liburua izateko ezaugarri asko" ditu Limak Mendizabalen ustez ere, eta horietako batzuk aipatu ditu azpeitiarra aurkezteko egin duen sarreran: "Misteriotik, abenturatik, badu Limak, intriga eta korapiloa, eta mitologia gehitu dio kontakizunari. Errealitatea eta fantasia nahasten ditu. Estilo arina du testuak. Atal motzak, elkarrizketa ugari, gustura eta arrapaladan irakurtzen da. Umorea ere badu, garrantzizkoa da hori kontakizunean".

Lima baino, "granada"

Istorioaren protagonista da Lima, hori da bere goitizena. Libururaren lehen atalean aurkezten du Limak bere burua, eta hango pasarte bat irakurri du Gorrotxategik gaur. Gaitzizena ilearen koloreagatik edota fruituaren izenetik ez datorkiola argitzen du Limak, izen-abizenetatik baizik: "Lili Maruri naiz, Li-Ma". Munduko neskarik zorigaiztokoena da atal horren izenburua, "horrela sentitzen da Lima", egilearen hitzetan: udako oporrak bukatuta, institutuko lehen eskola egunean abiatzen da kontakizuna, baina hori ez da izango istorioan zehar izango duen arazo nagusiena. Gurasoek mendian aurkitu zutela jakingo du Limak, Paulita tutorea desagertu egingo da, haren ordez Maia tutore berri "bitxia" iritsiko da, "hain gogokoa" duen Markosen amaordea, bere ama biologikoa ezagutuko du... Markos, Brenda eta Egoitz lagunekin batera egin beharko die aurre Limak gorabehera guzti horiei, bere buruarekin dituen borrokak alde batera utzi gabe.

Protagonistaren nondik norakoak azaltzerakoan, eta fruituen izenekin jolas eginez, "Lima baino, granada izena jarriko nioke", esan du Gorrotxategik, umoretsu: "Lehertzear dagoen nerabe bat da, bere burua ezagutzen ari dena eta aldaketak sumatzen ari dena, eta bere jatorriari buruzko datuak ezagutzen ari dena. Limaren aldarteak eragina du eguraldian, ez da beste edozein nerabe bezalakoa". Gaur aurkeztu duen liburuak eta Limaren istorioek jarraipena izango dutela aditzera eman du idazleak: "Ale honetan Lima eta bere lagunak ezagutzen besterik ez gara hasten".

Eskaintza berezia

Mitologiako elementuak erabili eta uztartu ditu Gorrotxategik gaztetxoei zuzendutako bere lehen nobelan. Mitologiarekiko grina txikitatik datorkiola azaldu du azpeitiarrak: "Joxe Migel Barandiaranen liburu potolo batetik niretzat ipuinak zirenak kontatzen zizkidan amak. Betidanik gustatu izan zait mitologia, eta gaztetxoei ere helarazi nahi izan diet hori". Hala ere, gaineratu du liburuan pertsonaia mitologikoak "oso hezur-haragizko bihurtuta" agertzen direla.

Tanyari eskaini dio liburua Gorrotxategik, 2017tik etxean hartu izan duen Ukrainako neskatilari: "Gabonetan etorri zenean zin egin nion irakurriko niola gauetan, eta ez dakit noiz etorri ahal izango den berriro".