Mendeku gosea, ikerketaren hazia

Ihintza Elustondo 2022ko ots. 18a, 08:30

Miren Gorrotxategi eskuinean, 'Legarraren desagerpena' liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. (Elkar)

Miren Gorrotxategik Legarraren desagerpena eleberria kaleratu du, euskara ikasten ari direnei zuzenduta. Nobela beltza da: Telmo Legarra poliziak desagertutako alaba aurkitu nahiko du.

33 ezkil lehenik, Sotoan gordeak gero, eta Legarraren desagerpena orain. Hirugarren eleberri beltza argitaratu berri du Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak. Elkar argitaletxearen Arian Irakurgaiak bildumaren barruan kaleratu du azken lana, eta badu berezitasun bat atal horrek: euskara ikasten ari direnei zuzendutakoa da; zehazki, A2 mailakoentzat egokitutako liburua da Gorrotxategik idatzitakoa. Ulermena errazteko, audio liburua, zenbait ariketa eta hitzak gaztelaniara nahiz frantsesera itzultzeko hiztegia ere baditu osagarri gisa liburuak. Horrez gain, Manu Ortegaren marrazkiekin ilustratu dute lana. 

Detektibe baten istorioa da Legarraren desagerpena nobelaren ardatza, Gorrotxategik azaldu duenez. "Telmo Legarra polizia da protagonista. Haren alaba Nahia desagertu egin zen, eta ordutik, hamar urtez Europan barrena ibili da Legarra alabaren bila. Etsita, herrira itzultzea erabaki du, baina herrian aztarna berriak topatuko ditu. Bere garaian, Nahiarekin batera, beste neskato bat ere desagertu zen, eta haren aita Andresek pista bat emango dio ikerketari berriro ekiteko. Orduan, polizia senari eutsi ezinik, bilaketa hasiko du Legarrak". Oraingoan aurkituko ote du Nahia? Horixe izango da irakurlearen jakin-mina piztuko duen galdera. 

Alabaren bilaketaz gain, beste hainbat korapilo ere askatu beharko ditu Legarrak. Izan ere, atzerritik itzultzean, emazte ohi Maiterekin elkartuko da. "Hark  leporatuko dio ihesi joan zela, nahiz eta Legarrak dioen Europan barrena alabaren bila ibili zela", adierazi du idazleak. 

Protagonistak hasieran gizon utzi samarra dirudi, baina kontakizunak aurrera egin ahala, aldatuz joango da haren jarrera: "Hasieran utzia dago, alaba aurkitu ez izanaren porrota daramalako barruan". Ondoren, baina, mendekua izango da protagonista mugiaraziko duena: "Alabaren bilaketak emango dio motibazioa aurrera egiteko. Gainera, emaztea berreskuratu nahiko du". Hasieran ikerketa bat diruena mendekuaren bueltako kontakizuna bilakatuko da, beraz. 

Nobela beltzetan ohikoak diren elementuak daude liburuan: maitasuna, tortura, autopsiak...  Horrez gain, zenbait gogoeta ere egin nahi izan ditu Gorrotxategik. "Polizia barruko ustelkeria ere ageri da kontakizunean, baita gizartearen hipokresia ere. Emakume bat galtzen denean, gizartea mobilizatu egiten da berehala, baina desagertuak prostitutak badira, aldatu egiten da ikuspuntua. Horretaz ere hausnartu dut liburuan".

Erraz idaztea, zaila

Idazlea izateaz gain, euskara irakaslea ere bada Gorrotxategi, eta oraingoan, bi rolak praktikan jartzea tokatu zaio, euskara ikasleei zuzendutako liburua idatzi behar izan duelako. "Ausart hasi nintzen idazten, erraz egingo nuela pentsatuz, nire idazkera soila eta sinplea delako. Baina momentu batean, ohartu nintzen kezkatuago nengoela hizkuntzarekin istorioarekin baino. Orduan, kontakizunean zentratzeko ariketa egin behar izan nuen. Errazago irakurtzeko moduan idazteak ez du esan nahi idazketa prozesua errazagoa denik; alderantziz, ziurrenik". Dena den, Jone Dorronsoro editorearen arabera, hizkuntz baliabide gutxiagorekin oso ondo kontatutako istorioa da Gorrotxategik ondu duena.