Karguekin aske utzi dituzte atzo Gasteizen atxilotutako gazteak

Julene Frantzesena 2022ko mar. 25a, 09:11

Atzo hainbat lagunek salatu zituzten atxiloketak plazan. (Gedar.eus)

Ikasle Abertzaleak mugimenduak deitutako greba eguna izan zen atzokoa, eta Gasteizen istiluak izan ziren. 34 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak han; tartean, hiru azpeitiar. Desordena publikoa eragitea leporatu diete horiei.

Ikasle Abertzaleek atzorako deitutako greba egunaren harira izandako protestetan atxilotutako gazteak aske utzi dituzte, karguekin. Gasteizen istiluak izan ziren atzokoan, eta 34 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak han; tartean, hiru azpeitiar. "Modu mailakatuan", goizaldeko 01:00 alderako utzi dituzte aske gazte horiek guztiak. Desordena publikoa eragitea leporatu diete.

Atxiloketak salatzeko, Euskal Herrian hainbat elkarretaratze egin zituzten atzo arratsaldean. Azpeitian ere bai, eta dozenaka lagun elkartu ziren plazan, Atxilotuekin elkartasuna, EHU erantzule lelopean.