Gaurko protestetan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute plazan Ikasle Abertzaleek

Anartz Izagirre 2022ko mar. 24a, 20:45
Ikasle Abertzaleek antolatutako elkarretaratzeko irudi bat. (Anartz Izagirre)

Ikasle Abertzaleak mugimenduak deitutako greba eguna izan da gaur, eta 34 lagun atxilotu dituzte protestetan; tartean, hiru azpeitiar daude. Atxilotzeak salatzeko elkarretaratzea egin dute arratsaldean plazan, eta hainbat herritarrek bat egin dute deiarekin. Uztarria.eus-ek azken orduetan jakin ahal izan duenez, atxilotutako hiru azpeitiarretatik bakarrak jarraitzen du atxilotuta.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta greba egin dute gaur ehunka ikaslek, eta horren harira, istiluak ere izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 34 lagun atxilotu dituzte Gasteizen izandako protestetan, eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleek baieztatu dutenez, horietatik hiru azpeitiarrak dira.

Atxilotze horiek salatzeko elkarretaratzea deitu du antolakundeak Azpeitian zein Euskal Herriko beste hainbat txokotan, eta hainbat pertsonak bat egin dute deiarekin, Atxilotuekin elkartasuna, EHU erantzule lelopean. Uztarria.eus-ek azken orduetan jakin ahal izan duenez, 34 atxilotu horietatik hamar bakarrik askatu dituzte momentuz, eta horietatik bi azpeitiarrak dira; beraz, oraindik ere azpeitiar batek atxilo jarraitzen du.

Mobilizazioaren amaieran Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideek azaldu dutenez, "hezkuntza sistema sozialistaren aldarria ozen" defendatu da gaur, eta "gogor" salatu dute "unibertsitatearen izaera poliziala": "Edozein gatazkaren testuinguruan aterabide poliziala baliatzen dute, eta gaur inoiz baino argiago ikusi dugu unibertsitatean ez dagoela askatasun politikorik; oinarrizko askatasuna ere ukatu zaigu". Gaurko atxiloketen aurrean, EHU dela "errudun eta erantzule zuzen" azaldu dute antolakundeko kideek, eta "askatasun politikoen defentsan" jarraituko dutela lanean.

Era berean, Segurtasun sailburuaren "ardura" salatu dute: "Argi gelditu da politika egiteko eskubidea dirudunek soilik dutela, hala frogatzen baitu indar polizialaren erabilerak, zeina soilik instituzioetatik kanpo antolatzen direnen aurka joaten baita. Garbi gelditu da hezkuntzaren  modernizazioaz, aurrerapenez eta guztion onerako hezkuntzaz ahoa betetzen zaien horien asmoa zein den: antolakuntza oro errotik moztea, zigortzea, bortxaz ezabatzea, ikasleria langilea zapaltzea eta itotzea". Azkenik, gaur atxilotutakoen kargugabetzea "exijitu" dute Ikasle Abertzaleek, baita poliziak unibertsitatera sarbiderik izan ez dezan eskatu ere.