Hiru gazte azpeitiar atxilotu dituzte ikasle grebaren harira Gasteizen izan diren protestetan

Julene Frantzesena 2022ko mar. 24a, 16:18
Eguerdian Gasteizen egin duten manifestazioko irudi bat. (Gedar.eus)

Ikasle Abertzaleak mugimenduak deitutako greba eguna izan da gaur, eta hainbat protesta eta istilu izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizen, esaterako, 34 lagun atxilotu dituztela jakinarazi du Segurtasun Sailak. Uztarria.eus-ek jakin duenez, horietako hiru azpeitiarrak dira. Atxiloketa horiek salatzeko, Ikasle Abertzaleek kontzentrazioak deitu dituzte arratsalderako; Azpeitian ere egingo dute, 19:30ean hasita, plazan.

Istiluak izan dira gaur, osteguna, Gasteizen, Ikasle Abertzaleak mugimenduak deitutako greba eguneko protestetan, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 34 lagun atxilotu dituzte han. Uztarria.eus-ek jakin ahal izan duenez, ikasle horietako hiru azpeitiarrak dira. Dena den, hedabideak oraingoz ezin izan du jakin atxilotuei zer egozten dieten eta horiek nora eraman dituzten.

Atxiloketa horiek salatzeko, kontzentrazioak deitu dituzte arratsalderako Ikasle Abertzaleek. Azpeitian ere egingo dute elkarretaratzea, 19:30ean hasita, plazan, Atxilotuekin elkartasuna, EHU erantzule lelopean.

Ikasle Abertzaleak mugimenduak "lege eta erreforma bidez hezkuntza etengabe ari delako eraberritzen" egin zuen greba deialdia gaurko, eta Euskal Herriko milaka ikaslek egin dute bat harekin. Azpeititik, esaterako, 250 bat ikasle joan dira Donostian eguerdian egin duten manifestaziora. Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere egin dituzte protestak, eta istiluak ere izan dira tartean.

Erreformen aurka

Grebaren deitzaileen arabera, askotariko erreforma horiek "elite ekonomikoek gidatu eta politikari profesionalek egikarituko" dituzte. "Hor kokatzen ditugu Bigarren Hezkuntzan ezartzen ari diren LOMLOE neurri sorta, unibertsitateetan martxan jarri nahi duten LOSU erreforma eta jada onartuta dagoen Lanbide Heziketarako Plana".

Lege horietako bakoitzak "krisi kapitalistari" erantzuten diola adierazi dute Ikasle Abertzaleek. "LOMLOEren bidez, esaterako, gaitasun tekniko-digitalen irakaspena bermatu nahi dela zehaztu dute, baita ikasleen balioak lehiakortasunean eta ekintzailetza kapitalistan oinarrituko direla eta pentsamendu kritikoa garatzeko edozein aukera ezabatuko dela ere". Lanbide Heziketako Planaren helburua, berriz, "lan indar merkea sortzea eta enpresen etekinak handitzea" direla uste dute. "Enpresek norabidetuko dituzte ikasketa alorrak, baita praktikak ere. Enpresa handien esku utziko dute Lanbide Heziketa".

Unibertsitateetako Bizikidetza Plana onartu dutela eta LOSU izeneko neurri sorta mahai gainean dela salatu dute Ikasle Abertzaleek. "Etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatu eta bestelakoak pixkanaka desintegratuko dira, enpresen finantziazioa handitzea onartuko da, horien esku gera daitezen ikerketa lerroak eta graduen edukia, eta jarduera zein militantzia politikoa zigortuko dira ondorio akademikoen bidez".

Erreforma horiek "langile klasea zuzen-zuzenean kolpatzen" dutela ere esan dute grebaren deitzaileek, "hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino".  Haien arabera, agerikoak dira ondorioak: hezkuntzaren garestitzeari aurre egin ezina, ikasteko baldintza kaskarrenak dituena zigortzen duen ebaluazio sistema, lana eta ikasketak uztartzeko ezintasuna, lan egiteagatik ordaindu behar izatea, eta horrek guztiak egunez egun ikasle langilearen antsietatean eta buru osasunean duen eragina".

EHUren salaketa

EHUk salatu duenez, unibertsitate horretako hiru campusetako fakultateetan sartu dira gazte talde batzuk, eta ekintza horiek "bereziki larriak" izan dira Arabako campusean. "Petardoak eta bengalak jaurti, hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuetako altzariak txikitu dituzte", azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateak ohar bidez. EHUren arabera, atxiloketak "ordena publikoa nahasteagatik" gauzatu ditu Ertzaintzak. Halaber, unibertsitateak kalteak baloratzen ari dela azaldu du, "dagokion salaketa jartzeko eta erantzukizunak eskatzeko".

Errektoretza taldeak indarkeria ekintzak "salatu" ditu, "gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka egindako atentatuak" direla uste duelako eta horiek "ez dituztelako EHUko ikasleak ordezkatzen". Gainera, talde horiek unibertsitatea eta haren balio "etikoak eta akademikoak" ez dituztela ulertzen salatu du. "Inork ez du eskubiderik unibertsitateko bizitza indarkeriaz nahasteko, ezta ondasun publikoak kaltetzeko ere; eta are gutxiago, unibertsitateko kideen osotasun fisikoa arriskuan jartzeko".