2022ko Martxoaren 8a

Emakumeenganako zapalkuntzen kontra antolatzeko deiak hartu ditu kaleak Martxoaren 8an

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 8a, 21:22

Euskal Herriko mugimendu feministaren irakurketarekin bat eginez, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean kontzentrazioa egin dute 18:30ean hasita, plazan. Ondoren, 19:30ean hasita eta Itaiak deituta, manifestazioa egin dute plazatik hasita, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean.

Beste urte batez, aldarriz bete dituzte Azpeitiko kaleak Martxoaren 8an. Goizean, gaztetxoenek  askotariko ekintzak egin dituzte herriko ikastetxeetan, berdintasunaren aldarria ardatz. Era berean, hitzaldiak eta elkarretaratzeak egin dituzte Urola ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Urola Erdiko IAk deituta. Arratsalderako zeuden deituta mobilizazio nagusiak, eta jende ugarik egin du bat deialdiekin.

Kontzentrazioan, aldarri feminista

Aurrena, herritar talde batek deituta eta Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat eginez, kontzentrazioa egin dute plazan, 18:30ean hasita. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelo hartuta egin dute elkarretaratzea, eta dozenaka herritar batu da deialdira. Udalak bat egin du deialdi horrekin.

Elkarretaratzea amaitzean, hitza hartu dute elkarretaratzearen deitzaileek, eta mugimendu feministaren irakurketa plazaratu dute. Adierazi dute "egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen" dituen sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista kiskali" nahi dutela. "Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu", adierazi dute. Era berean, "bizitzea merezi duen" mundu bat eraiki nahi dutela azaldi eta horretarako bidea feminismoa dela aldarrikatu dute. Mugimendu Feministaren arabera, iraultza feministak "bizitza politizatzea" eskatzen du, "eguneroko borrokak eremu bihurtzea, gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontziente izan eta errotik eraldatzeko prest egotea".

Era berean, bizitzaren sostengurako "ardura kolektiboa" eskatu du Mugimendu Feministak, "zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zeharlerro izan dadin eta ez daitezen emakumeen gain erori, merkantilizatu edo norberaren aukera ekonomikoen arabera utzi". Publikoa, doakoa eta integrala izango den zaintza sistema eskatu dute. Halaber, soldata arrakalarekin bukatzeko enplegu duina ere eskatu du mugimenduak, eta horrez gain, pentsio sistema publikoa deuseztatzea ez dutela onartuko azaldu du. Bestalde, kapazitismoaren aurka agertu da, "aniztasun funtzionala duten pertsonen aurkako diskriminazio forma" delako. "Ezin dugu onartu emakume bakar bat gehiago eraila izatea, gure gaineko indarkeriak jarraitzea". Egoeraren erantzuleetako bat instituzio publikoak direla azaldu dute: "Ez dute baliabide nahikoa jartzen, ez arretan, ezta prebentzioan ere". Gainera, "askatasunaren esanahia hutsaldu duen" faxismoak tokirik ez duten jendartea eraiki nahi dute, eta hori lortzeko, antolatu egin behar dela azaldu dute.

Manifestazioan, sozialismoa eraikitzeko deia

Ondoren, 19:30ean hasita eta Itaiak deituta, manifestazioa egin dute plazatik hasita, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. Besteak beste, emakumeen lan baldintzak okertzea, zaintza lanen lan karga handitzea, hipersexualizazioaren normalizazioa, indarkeria matxistaren forma berriak eratu izana eta alderdi politikoek feminismoarekin duten jokabidea salatu dituzte.

"Egiturazko langabezia, lan baldintza txarrak, gure gorputzak saltzera behartuak, zaintza lanen zama, etengabeko erasoak, erailketak, gure itxurarekiko obsesioa, gutxiespenak… Emakume langileok bizi ditugun zapalkuntzaren adibide batzuk baina ez dira horiek. Eta emakume langileon zapalkuntzak forma berriak garatu baditu ere, bere horretan mantentzen da", adierazi dute. Gainera, salatu dute "krisi kapitalistan murgildurik eta pandemiaren testuinguruan, langileriaren bizi eta lan baldintzen okertzea nabarmena" izan dela, eta ondorio larrienetarikoak emakume langileak jasaten ari direla: "Langabeziak gora egin du eta soldatak beheranzko joeran daude. Era berean, bizitza garestitzen ari da, pezioen igoera medio. Horrez gain, Estatu eta Administrazio Publikoek orain arte bermatuta zeuden zenbait zerbitzu murriztu eta pribatizatu dituzte: osasun baliabideen murrizketa, zaintzaren deshumanizazioa... eta lan karga horietako asko berriz ere emakumeongan jauziko dira".

"Nahiz eta ezkerreko alderdien proposamen feministek guztiok eskubide berak izatea aldarrikatzen duten eta aberastasunaren birbanaketa bat galdegin, emakume langileak askatzeko ezintasuna dago guzti horren atzean", adierazi dute manifestazioaren amaieran. "Alderdi ezkertiar feministak egonda eta kaletik aldaketa instituzionalen alde presioa eginez gero berdintasuna lortuko omen dugu. Instituzioak, baina, burgesiaren menpekoak dira, eta argi dago oligarkiak ez duela berdintasuna sustatzeko inongo interesik. Politika horiek lortu dutena klase altuko emakumea askatzea izan da". Era berean, salatu dute hipersexualizazioak emakumeen zapalkuntza "indartzen" duela: "Sexu industriak sortzen dituen etekin ekonomikoez gain, komunikabide, sare sozial, zein realityek emakumeon muturreko sexualizazioa erreproduzitzen dute. Horrek ondorio lazgarriak ditu gure egunerokoan: depresioa, gure gorputzekiko mespretxua, antsietatea... eta era berean, indarkeria matxista normalizatzen dute, eraso eta jazarpen matxistak areagotuz". 

Itaiak adierazi du "gero eta argiago" daukala zein den emakume langilea askatzeko bidea: "Emakume langileok askatzeko bidea estatu sozialista eraikitzea da; guztiok bizi baldintza berak izango ditugun eta aberastasunaren fruituak denon eskura izango diren errealitatea, hain zuzen ere. Bide horretan, zapalkuntza guztien aurka borrokatu eta antolatu behar dugu, emakume langileon problematikak lehen lerroan egongo diren eta beraz, emakumeok sozialismoaren eraikuntzan arituko garen antolakuntza politikoa eraikiz".

Erlazionatuak

Martxoaren 8ko aldarriak, bideoan

Maialen Etxaniz 2022 mar 09 Azpeitia