2022ko Martxoaren 8a

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egin eta elkarretaratzea deitu dute Martxoaren 8rako

Julene Frantzesena 2022ko mar. 3a, 08:48
2020ko Martxoaren 8an plazan egin zen mosaikoko irudia.

Plazan izango da kontzentrazioa 18:30ean hasita, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean. Hain zuzen ere, "egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen" dituen sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista kiskali" nahi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deiarekin bat eginez, herritar talde batek elkarretaratzea deitu du Martxoaren 8rako. Plazan izango da kontzentrazioa 18:30ean hasita, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelopean.

Hain zuzen ere, "egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen" dituen sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista kiskali" nahi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Jendartearen zati handienarentzat, eta bereziki emakumeontzat zein sexu genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu", azaldu du.

"Bizitzea merezi duen" mundu bat eraiki nahi duela eta horretarako bidea feminismoa dela ere aldarrikatu du. "Ezinbestekoa da antola gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa, auzo eta herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lantokietan, lagun zein auzolagunekin. Hel gaitezen batzuok besteongan, borroka gaitezen batzuk besteengatik, ezagutaraz eta parteka ditzagun borrokak, zapalkuntzak, aldarrikapenak eta proposamenak, urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela".

"Bizitza politizatzeko" deia

Mugimendu Feministaren arabera, iraultza feministak "bizitza politizatzea" eskatzen du, "eguneroko borrokak eremu bihurtzea, gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontziente izan eta errotik eraldatzeko prest egotea". Bizitzak erdigunean jarri nahi dituela ere azaldu du, baina erdigune hori okupatzeko, botere egitura eta harremanak aldatu behar direla gogorarazi du. "Etxeko eta zaintza lanak produktiboak eta politikoak dira, eta pandemia urte hauetan agerian geratu bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko". Egungo zaintza eremua, baina, emakumeen gain esplotazioan oinarritzen dela salatu du mugimenduak, bereziki emakume migratzaileenean. "Aliantza heteropatriarkala, kapitalista eta kolonialista" da.

Hori horrela izanik, bizitzaren sostengurako "ardura kolektiboa" eskatu du Mugimendu Feministak, "zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zeharlerro izan dadin eta ez daitezen emakumeen gain erori, merkantilizatu edo norberaren aukera ekonomikoen arabera utzi". Publikoa, doakoa eta integrala izango den zaintza sistema eskatu du. Halaber, soldata arrakalarekin bukatzeko enplegu duina ere eskatu du mugimenduak, eta horrez gain, pentsio sistema publikoa deuseztatzea ez dutela onartuko azaldu du. Bestalde, kapazitismoaren aurka agertu da, "aniztasun funtzionala duten pertsonen aurkako diskriminazio forma" delako.

Egungo sistemari "su" eman nahi diola esan du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Ezin dugu onartu emakume bakar bat gehiago eraila izatea, gure gaineko indarkeriak jarraitzea". Egoeraren erantzuleetako bat instituzio publikoak direla azaldu dute: "Ez dute baliabide nahikoa jartzen, ez arretan, ezta prebentzioan ere". Gainera, "askatasunaren esanahia hutsaldu duen" faxismoak tokirik ez duten jendartea eraiki nahi dute, eta hori lortzeko, antolatu egin behar dela azaldu dute. "Plazak, kalea, txokorik txikiena borroka feministaz bete behar dugu, antolakuntza espazio guztiak feminismoz blaitu behar ditugu".