2022ko Martxoaren 8a

Politikan bidea urratzeagatik, Aldundiaren omenaldia jasoko dute Maria Jesus Aranburuk eta Esther Larrañagak

Julene Frantzesena 2022ko mar. 2a, 09:12
Ezkerretik eskuinera, Gambra, Zabaleta, Otegi, Aranburu eta Elgarresta. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Martxoaren 8aren bueltan, hemezortzi emakume politikari aitzindariren testigantzak eta elkarrizketak biltzen dituen ikus-entzunezkoa estreinatuko du Aldundiak. Omenaldia jasoko dute politikagintzan bidea urratu zuten emakumeek, eta tartean dira bi azpeitiarrak. Aranburu lehen emakume foru diputatua izan zen, eta Larrañaga, berriz, Batzar Nagusietako lehen emakume presidentea.

Azken lau hamarkadetan Gipuzkoako nahiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikagintzan bidea urratu duten emakumeek "euskal gizartearen eta berdintasunaren alde" egindako ekarpena ikusarazi eta aitortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Omenduen artean dira, besteak beste, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako lehen foru diputatua eta Esther Larrañaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehen emakume presidentea.

Martxoaren 8aren atarian egingo du ekitaldia erakundeak, Haziak, euskal politikan aitzindariak izan diren emakumeak izenburupean, eta hainbat erakundetan, alderditan eta alorretan ordezkaritza politikoa izan duten emakumeen testigantza ezagutaraziko ditu. Hain zuzen ere, martxoaren 7an izango da berdintasunaren hazia erein zuten emakumeen ekarpena ikusarazteko eta aitortzeko ekitaldia, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Emakume horiek Gipuzkoako gizartearen eta politikagintzaren bilakaeran "arrasto garrantzitsua" utzi dutela uste du Miren Elgarresta Berdintasun foru zuzendariak. Hala adierazi zuen Ion Ganbra Giza Eskubideen foru zuzendariarekin nahiz Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako lehen emakume diputatuarekin, Gema Zabaleta lehen emakume diputatuarekin eta Inaxi Otegi Gipuzkoako lehen emakume alkatearekin batera eskaini zuen agerraldian. "Bakoitzak bere alderdian, bere ibilbide politikoan, gizarte zein herri ordezkaritzan, kristalezko sabaiak hautsi ditu. Estereotipoak gainditu dituzte, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean mugarriak ezarri eta ondorengo belaunaldientzako bidea urratu dute".

Zuzendariaren aburuz, "berebiziko garrantzia" du ahalduntzearen garrantzia plazaratzeak eta ikusarazteak: "Benetako berdintasun eraginkor eta egiazko baterantz aurrera egiten jarraitzeko, funtsezko faktorea da. Inaxi, Maria Jesus eta Gema bezalako emakumeak eredu dira konpromiso politikoan eta publikoan sinesten dugun guztiontzat, eta, zalantzarik gabe, aitzindariak dira ahalduntze politikoaren eta sozialaren alorrean".

Testigantzekin dokumentala

Gambrak azaldu duenez, andrazkoek protagonismo "berezia" izan dute "Euskadiren eta gizarte justu baten eraikuntzan". Hain zuzen ere, horixe aldarrikatu nahi izan du aldundiak Haziak egitasmoaren bidez. Euskal politikagintzan aitzindari izan ziren emakumeen testigantzak jaso ditu Ainhoa Novo EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak, eta orotara, euskal gizarteko alderdi eta mugimendu politiko desberdinetan aritutako hemezortzi emakume elkarrizketatu ditu; tartean, Aranburu eta Larrañaga azpeitiarrak. Aldundiak azaldu duenez, Gipuzkoako gizartearen pluraltasuna eta sentsibilitate anitzak hartu dituzte kontuan testigantza bilketa egiterakoan. "Guztiek maila pertsonalean eskaini dute beren testigantza, ez alderdi politikoen izenean".

Bildutako testigantzak eta elkarrizketak baliatuta, ikus-entzunezko bat osatu du foru erakundeak, eta zehazki, horixe emango dute hilaren 7an Antzoki Zaharrean egingo duten ekitaldian. Gainera, aitzindari izan ziren emakume horietako batzuk solasaldia eskainiko dute. Ekitaldia irekia izango da, baina hara joan ahal izateko, aurrez gonbidapena eskatu beharko da honako lotura honetan.

Honako hauek dira ikus-entzunezko lanean parte hartu duten emakume politikari aitzindariak: Inaxi Otegi (HB), Mirentxu Etxeberria (EAJ), Aurora Bascaran (PSE-EE), Gema Zabaleta (PSE-EE), Maria Jesus Aranburu (EAJ), Begoña Amunarriz (EAJ), Mari Karmen Garmendia (EAJ), Arantza Quiroga (PP), Marta Mitxelena (EE), Bakarne Larrañaga (EAJ), Esther Larrañaga (EAJ), Ana Miranda (PSE-EE), Ana Urtxuegia (PSE-EE), Maria Jose Usandizaga (UCD/PP), Maria Pilar Larreina, Lola Arrieta (Alderdi Komunista exekutibako kidea), Anttoni Nazabal (HB) eta Kontxu Yarza (HB).