Maria Jesus Aranburu: "Ordaindu gabeko lan piloa dago egiteko"

Uztarria.eus 2013ko aza. 13a, 20:27
Maria Jesus Aranbururen karikatura, Enok Sudupek aldizkarirako egina.

Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 155. zenbaki horretan Maria Jesus Aranburu politikari eta irakasle ohiari egindako elkarrizketa luzea ekarri dugu hona.

Ikasgelako atea eraztunarekin kax-kax jo, hamar arte kontatu eta sartuko zen. Barruan, ikasleak zintzo eserita izango zituen zain. Hala gogoratzen dute bere ikasle ohiek. Izaera zorrotzeko emakumea, zorrotza bere jardunean eta besteei ere hala eskatzen dakiena. Erretiroa hartu berritan, Uztarriarentzat bere ibilbide profesionalaren eta pertsonalaren errepasoa egin du.

Zer moduz jubilatuaren bizimoduan?

Ondo, momentu honetan jubilaziora moldatzen eta bizitza berrantolatzen. Oso pozik nago, hainbeste urte eta gero, iritsi naizelako adin honetara eta aukera berri honi ahalik eta etekin handiena atera nahian.

Ardura handiko lanak bete izan du orain arte zure bizitza; orain, erretiratuta, nolakoa da zure egunerokoa?

Egun batetik bestera pertsona bezala ez da zure balioa bukatzen. Balio bera duzu, gertatzen dena da beste modu batera egin behar dituzula gauzak. Eta nik buruan berrogei mila gauza ditut egiteko, eta bat da nire seme-alabek, Olatzek eta Ikerrek, behar banaute, prest izango naute laguntzeko. Bestalde, 50. urteurrena beteko du Azpeitiko Ikastolak eta horren antolaketan zenbait lantxo egiteko ere prestutasuna agertu dut. Eta gero alderdia, militante bezala ere mila lan daude egiteko. Nik esaten dut, jubilatzen garenean, bukatzen da diruaren truke lan egiteko garaia, baina diru hori kentzen baldin baduzu ere, ordaindu gabeko lan pilo bat dago.

Elkarrizketako hitzordua jartzeko deitu nizunean, gimnasioan harrapatu zintudan.

Bai, kar, kar, kar. Hankei ere eragiten diet, pixka bat. Baigera Jubilatuen Elkarteak antolatuta, astean bitan gimnasiara noa. Gero, eguneroko paseoak ere bai. Egiteko dudan beste gauza da, etxean ditudan argazki guztiak ordenatzea, ikastolakoak, nire bizitza politikokoak, familiarenak, lagunartekoak... Baina antolatu egin behar; bestela 'egin behar diat' horretan geratzen dira gauzak.

Baserriko bizimodua asko gustatzen zaizu. Getarian duzun baserrian mermeladak egiteko denbora gehiago izango duzu orain.

Bai, denbora gehiago badut. Gertatzen dena da oraindik ere ez dudala nire agendan hori behar den bezala sartu. Zuk esan bezala, orain fruitua jasotzeko garaia da, ondoren mermeladak eta horrelakoak egiteko. Uda osoa han pasatzen dugu.

Irakaskuntza eta politika izan dira zure ibilbideko bi lan ildoak. Non sentitu izan zara erosoago?

Ez dira konparagarriak, baina bai irakaskuntzan, bai politikan, zerbitzu publikoaren sentimenduarekin zaude. Era oso desberdinean, baina biek dute hori, zure onena eman nahia besteen onurarako; noski, zeu ere aberastuz. Eta esango nuke nire bizitzan hori izan dela ibilbidearen ezaugarria.

Atzera begiratuta, nola baloratzen duzu egindako lana?

Beno, nire lana baloratzeko, beste batzuek baloratu dezatela. Nik neuk esan dezakedana da bai irakaskuntzan eta bai politikan, oso pozik egon naizela. Eta ahal dudan ondoena egin izan dut lana bai batean eta bai bestean. Pertsonekin harremanetan egotea, txikitan ezagutu nituen ikasleak egun non dauden ikustea... hori dena aberasgarria da oso. Eta politikan gauza bera. Zenbait proiektu aurrera atera izan dituzu, batzuk handitu egin dira, beste batzuk desagertu... Neu asko aberastu nau bai batak, zein besteak.

Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolan urteetan aritu zara irakasle lanean. Asko aldatu al da irakasleen lana?

Bai, asko aldatu da. Hasieran, pentsa, elizaren eskola ginen, ilegala zelako ikastola. Gero, legalizatu zen. Garai hartan ginen militante, militanteak. Ez genuen gizarte segurantzarik, ez dirurik. Guraso eta irakasleak txandakatuz, oilaskoak erre, patata tortillak egin eta taberna astebururo genuen irekita Artzubian, Huiti familiaren lokaletan. Hasiera hartan, ikastola aurrera ateratzeko espiritu hura ezinbestekoa zen eta hala ibiltzen ginen, baina hark ezin zuen betirako izan. Irakasleen prestakuntza akademikoari dagokionean, berriz, orain mila aldiz hobea da. Orduan, aldatu? Ikaragarri. Bai baliabideen aldetik eta baita gizarteko beharrei erantzuteko moduan ere.

Eta ikasleak, aldatu al dira?

Asko, gizartea asko aldatu delako. Baina badaude gauzak aldatu ez direnak. Gu umeak ginenean, zuek umeak zinetenean, beti ibili izan zarete eta gara baimentzen ziguten haren ertzean. Gertatzen dena da lehenago baldin bazen bost metroko koadroa, orain dela askoz ere eremu zabalagoa, kilometroko koadroa. Baina jarrera bera da. Beti autoritatea duen horrek esaten didana ea pixka bat gainditzen dudan. Gero, badago beste gai bat niretzako asko aldatu dena. Eta da, gaur egun, gure gaztetxoek nahi duten hura nahi dute ja. Nik bizikleta bat lortu nahi dut eta etxean esan didate gainditzen badut, ondo portatzen banaiz, eta aurrezteko pixkanaka nik ere eta, orduan, ba hori lortzeko saiatu egingo naiz. Gaur egun, saiakera horren espiritu hori galdu egin da. Eta ez diot inori errua gainera botatzen, zeren guraso bezala guk egin dugu hori gure umeekin. Horiez gain, ni umea nintzela, eskolako edozein kexarekin joaten bazinen etxera, irakasleak edukiko zuen arrazoia. Eta orain beste muturrean gaude. Orduan, aldaketa handiak daude. Zer gizarte mota egiten ari gara? Edo, egin dugu? Hor denok dugu zer pentsatua. Ez bakarrik gurasoek eta irakasleek.

Besteak beste, gaztelania irakatsi izan duzu. Horretan gabezia handia izan dela diote. Hala al da? Eta egun?

Dudarik gabe. Nik adibide bat ipiniko dizut. Gu garai haietan uda guztietan irakaskuntzako prestakuntza-ikastaroak egitera joaten ginen, Donostiara eta Nafarroara. Eta nik beti nahi izaten nuen gaztelera erakusteko ikastaroren bat egitea. Eta ez zen egoten. Egoten ziren euskararen erabilera bultzatzekoak eta. Azpeitia bezain herri euskaldunak ez ziren asko. Orduan, gabezia bazegoen. Baina, beno, inor ez zen galdu munduan, e! Denek gainditu zuten hasieran zuten hutsune hura.

Zure ikasle ohiek esandakoa da, gelako 'bihurrienekin' bereziki ondo konpontzen zinela.

Bai, egia da. Ikasle arruntek, ikasle onak izan zirenek eta direnek, noski, atentzio bat behar dute eta atentzio hori ematen diezu. Baina zure erronka nagusia dira ikasi nahi ez dutenak, geldirik egon ezina dutenak... Eta nik horiekin bereziki harreman ona izan dut eta, gaur egun, kalean ikusi eta hitz egiten dugunean, emozionatu egiten naiz. Garai hartan, truku asko ibili izan nuen nik. Ikasle bihurriak zirenei agintzen nien, suspentso kopurua jaitsiz gero, Uranganera meriendatzera joango ginela. Eta egin izan genuen.

Zeure ikasle garaian kanpoan egon zinen ikasten. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?

Hamabi urterekin interna joan nintzen Donostiara, Jesuitinetara. Gaur egun, ez nuke bidaliko nire iloba bat 12 urterekin interna, baina orduan normala zen. Garai hartan, ikasteko borondatea zenuenean, edo zure gurasoek nahi zutenean zuk batxilergoa egitea, joaten ginen interna. Gero, 16 urterekin, Frantziara joan nintzen, eta 18rekin Donostiara, Majisteritza ikastera. Oso oroitzapen ederrak ditut. Hegoak ia zabalduta, Frantzian egon nintzen urtea ere oso berezia izan zen.

Politikara etorrita, noiz hasi zinen EAJn militatzen?

Ni familia abertzalekoa naiz eta nire gurasoak jeltzaleak izan ziren beti. Ni independiente bezala sartu nintzen Udalean zinegotzi EAJrekin, 1983an. Orduan ez nengoen afiliatuta; alderdian zatiketa izan zen garaian afiliatu nintzen, Udala utzi eta gero, 1987an.

Emakume asko al zineten garai hartan militantzia horretan?

Bai, militantzian emakume asko izan ditu beti alderdiak. Herrietan emakume zinegotzi batzuk baziren, baina kargu publikoetan nire generazioan hasi ginen normalizazio batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko lehenbiziko emakume diputatua izan nintzen, Gema Zabaleta PSOEkoarekin batera, 1991n. Emakume diputatuak izateak hainbat aldaketa ere ekarri zituen.

Zure aurreneko kargua zinegotziarena izan zen.

Esperientzia fuertea izan zen, zatiketa tokatu zitzaigulako, baina aldi berean, oso-oso aberatsa eta ederra. Imanol Elias alkate genuela sartu ginen ekipoa. Zatiketa izan zenean Imanolek alkatetza utzi egin zuen eta Jose Mari Bastida orduan ipini zen alkate. Ni kultura eta euskarako zinegotzi izan nintzen. Legealdi hartan ipini genituen martxan Euskal Antzerki Topaketak, euskaltegia, Azpeitian zer? aldizkaria, udako zinea arkupetan, dantzak... Garai hartan gauza asko egin genuen. Zerbitzu aldetik hazten ari ziren udalak eta hasiera hartan denetik egin behar zen, edozerri heldu behar zitzaion. Zerbitzu espiritu horrekin egon behar zenuen. Nik ez dut esaten orain ez dagoenik zerbitzu espiritua, horixe dagoela. Baina beste mundu bat zen.

Herri mailako politika eskola ona izan al zenuen Gipuzkoa mailakoa garatzeko?

Bai, dudarik gabe. Herri mailan ezin zara eskakeatu. Udaleko zinegotzia baldin bazara, erakusleihoko lehenengo ilaran zaude, eta orain ere halaxe daude. Edozein herritar etorri daiteke eta eskatu, txalotu edo aurpegiratu halako ez duzula ondo egin. Diputazioan beste distantzia batekin zaude herritarrengandik. Udalean zaudela, herritarrengandik oso hurbil zaude, satisfazio askoz ere gehiago dituzu.

Eta nola iritsi zitzaizun Azpeititik Gipuzkoako Foru Aldundira jauzia emateko aukera?

Alderdi barruan nengoen, banituen ardura batzuk, baina ia Udala utzita, ez nengoen bizitza publikoan, nolabait esateko. Azkoitiko ikastolan zuzendari nengoela, nire harreman zirkuloa irakaskuntzan zabaldu egin zen. Eta nik uste dut hor juntatu egin zirela izarrak, eta Eli Galdosek hots egin zidan ea bere ekipora joan nahi nuen galdezka. Sorpresa handia izan zen. Normala den bezala etxean kontsultatu nuen gizonarekin. Nik artean umeak gaztetxoak nituen. Gizonak horretan oso ikuspegi irekia zuen eta esan zidan, "nahi baduzu aurrera". Eta halaxe joan nintzen, 1991n.

Esther Larrañaga zure alderdikideak dio emakumeei gehiago kostatzen zaiela politikan eta beste arlo batzuetan ardurak izateko aukerei eustea. Zer uste duzu zuk?

Zuena beste belaunaldi bat da eta egoera asko aldatu da. Gure belaunaldiko emakume asko ondo prestatuta zegoen, askok aukerak izan zituzten, baina jasotako hezkuntza eta kultura medio, familia lehenesten genuen. Nik suerte ikaragarria izan nuen, senarrak oso ondo ulertu zuelako eta familian presentzia berak izan zuelako. Emakumeok, gizonezkoek bezala, ausardia puntua eduki egin behar dugu, noski, inguruak laguntzen badigu. Izan ere, 'segurola' baldin bagara, ez dugu inoiz aurrerapausorik emango.

Kultura, Euskara eta Gizarte Zerbitzuak arloetan aritutakoa zara politikari. Zer eman dizute hiru mundu horiek eta zer ikasi duzu?

Nik uste eman didatela, nire familiarekin eta lagunekin batera, naizena. Eman didate bizipoza, eta estomagoko min bat baino gehiago ere bai. Baina, azken batean, mundu horietan egin naiz. Azpeitiko familia normal bateko alaba naiz, eta aukerak eduki ditudanean baietza eman eta aurrerapauso bat eman dut, orduan horrek eman dit aukera pertsona askorekin harremanak izateko, bidaiatzeko, mundua prisma desberdinetatik ikusteko eta, azken batean, zuk bizi izan dituzun arlo guzti horiek zu osatzen doaz. Eta, beno, gaur naizena izatera heldu naiz.

Azpeitiari dagokionez, nola ikusten duzu esparru horien osasuna?

2011n Diputazioa utzi nuenean, neure buruari ipini nion obligazio bat: distantzia bat markatzea ordura arte kultura arloan eduki nituen harremanekin. Hori neure osasun mentalarentzat ezinbestekoa zen. Izan ere, lehenago banengoen mostradorearen alde horretan, antolaketan eta zerbitzuan, orain nago mostradorearen alde honetan, bezero bezala. Erradikala izan nintzen. Urtebete pasan ez nintzen kultur ekitaldietara joan. Gero, poliki-poliki, hurbiltzen joan naiz, beti ere eskuko frenua botata. Zeren nire karakterra kontuan izanda, zezena bezalaxe sartuko nintzateke. Eta, herria nola ikusten dudan ekintza eta bizitza horretan? Egia esango dizut, ez nago sartuta oraindik. Espero dut joango naizela sartzen, pixkanaka.

Eta egungo herriko politikagintza nola ikusten duzu?

Ba, zer nahi duzu esatea. Herri honetako herritarrek beren botoa eman zuten eta gaur dugun Udala da herritarrek nahi izan dutena. Eta horrek merezi du errespetu guzti-guztia. Orain, ni alderdi batekoa naiz, EAJkoa, eta ezin dut pasatzen utzi egun Azpeitian dugun egoera. Azpeitia krisi oso larria pasatzen ari da. Ikusi besterik ez dago zenbat tailer itxi den, eta nahiz eta jakin Udalak bere eremua duela mugitzeko, kanpotik begiratuta nik, Maria Jesus Aranburu bezala, pentsatzen dut gehiago egin zitekeela. Krisi garaian etorkizuneko ikuspegia azaldu behar da eta proiektuak landu, garaia etortzen denean proiektuak aurrera ateratzen lehenengoak izateko. Orain da momentua horretarako. Eta ez zait iruditzen horretan ari denik Udala.

Azken udal hauteskundeetan lehen aldiz EAJ ez zen izan alderdirik bozkatuena. Are gehiago, Bilduk gehiengo osoa lortu zuen. EAJko kide bezala ezusteko handia izan al zen?

<>Ez. Akaso, ez nuen espero hainbeste boto, baina Bilduk, bere izenak esaten duen bezala, alderdi desberdinak bildu zituen. Ordura arte, zatiketa garaitik zeuden EAJ, EA, Aralar, Ezker Batua... Eta horiek horrela joanda, gure alderdiak ateratzen zituen boto gehien. Ez hori bakarrik. Berriro ere ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezteko aukera edukita, hainbeste urtetan aukera hori kendu egin ziotela kontuan edukita, jakinekoa zen. Hori da malguki baten efektua bezala. Zuk malguki bat zapalduta baldin baduzu, toki gutxi okupatzen du eta beste norbaitek hartuko du haren tokia, baina askatzen duzunean, bouuum!, botea egiten du; baina poliki-poliki, boteak emanaz, boteak emanaz, bere onera etortzen da. Orduan, sorpresa? Akaso, hainbeste boto izatearena.

Kalean askotan hitz egin izan da zuen alderdi barruko 'familiez'. Ba al daude? Eta hala bada, ondo konpontzen al dira?

Nik ez dut uste daudenik, ez. Nik uste dut gure alderdian, beste alderdi eta kolektibo guztietan bezala, gauza berdina ikusteko modu desberdinak daudela. Matizak, esango nuke. Gure alderdian denok alderdi berekoak gara eta oinarrizko printzipioetan erabat ados gaude. Bestela ez ginateke egongo alderdi berean. Gero, gauza batzuk egiteko moduan, gehiago gustatuko zaizu estilo hau edo bestea. Baina familiak eta historiak daudela, hori gure arerioen kontua da.

Familiaren zentzu hertsira etorrita, ondorengoak badituzu etxean, bat baino gehiago, iloben artean. Mahaiaren bueltan elkartzen zaretenean, politikaz asko hitz egiten al duzue?

Bai. Batetik, Azpeitiko iloba batzuk ditut politikan, beste iloba bat Tolosan... Bai, gure familian politika bizi dugu. Egun denetik dago gure etxean, abanikoko kolore guztiak, eta bai, politikaz hitz egiten da.

Politika utzi eta berriro ikastolara itzuli zinen, 2011n. Nolatan?

2011n aurrejubilaziorako aukera banuen, baina nahiago izan nuen 65 urtera arte lanean jarraitzea, hasitako tokira bueltatu eta andereño hasi eta andereño bukatu. Eskerrak eman nahi dizkiot ikastolari, azken bi urte hauetan izan dudan harreragatik eta nire lanean hain gustura ibili izanagatik.

Bidaiak, zigarroa, ipuinak

Aitortzeko moduko bizioez edo zaletasunez galdetuta, hiru behintzat aitatu ditu Maria Jesus Aranburuk. Haietako bat, munduko bazterrak ezagutzeko asmoz, "koadrilan bidaiatzeko duten ohitura polita". "Ibilaldi oso ederrak" egindakoak dira, eta jarraitzeko asmoarekin. "Hilero hainbesteko bat botatzen genuen, eta hasieran bi urtetik behin ateratzen baginen ere, gero urteroko ohitura bihurtu zen. Aurreneko bidaia Parisera egin genuen, eta ondoren etorri ziren Viena, Kuba, New York, Grezia, Lisboa, Berlin, Amsterdam... A zer oroitzapenak!".

Beltza. Ducadosa. "Utzita egon nintzen, baina alarguntzean, berriz heldu nion zigarroari eta ez dut askatu. Orain, zigarro itxurako plastikozko txotxa hartuta entretenitzen naiz. Asko ari naiz jaisten; pakete batek hiru egun irauten dit. Gainera, asko soziala da. Jendearekin nagoenean, bakardadean irakurtzen ari naizela, informe bat idazterakoan...". Bizioa lagun.

Irakurtzea eta ipuinak idaztea ere afizio ditu. "Egon naiz urte batzuk behar bezala leitzeko denborarik gabe eta, orain, berriz hasi naiz. Jose Luis San Pedroren Escribir es vivir liburuarekin ari naiz". Ipuinak idaztea, berriz, ikaragarri gustatzen zaio. "Betidanik izan dut ipuinak kontatzeko zaletasuna, eta orain urte batzuk idazten hasi nintzen. Oraindik ez dut batere argitaratu; horiek argia ikustea geroko istorioa da". Osasuna eta umorea lagun baditu, "langile" izaten jarraituko duela, dudarik ez dago.