Juan Nuñez: "Urtero pentsatzen dut futbola utziko dudala, baina azkenean, ez dut uzten"

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 23a, 14:01
Juan Nuñez futbolaria. (Ihintza Elustondo)

38 urte ditu, eta oraindik futbolean jarraitzen du. Urola taldearekin 300 partida jokatu dituela eta, klubaren omenaldia jaso du. Tatuaje denda dauka Zumarragan, eta areto dantzak ere praktikatzen ditu. Geldirik egotekoa, behintzat, ez da Juan Nuñez.

Juan Nuñez futbolaria (Azpeitia, 1983) omendu zuen joan zen asteburuan Urola taldeak, gizonen talde nagusiarekin 300 partida jokatu dituelako. Erdilariak hamahiru denboraldi egin ditu Urretxu-Zumarragako (Gipuzkoa) klubean, eta momentu ugari bizi izan ditu han.

Zer sentiarazi zizun omenaldiak?

Ilusioa egin zidan. Denboraldi asko daramatzat Urolan, eta partida dezente jokatu ditut taldearekin. Horri han egin ditudan entrenamendu guztiak gehitu behar zaizkio. Momentu asko pasatu ditut han, eta polita izan zen omenaldia. Ederra da klubak baloratzen zaituela ikustea.

Bergararen aurkako partidaren atsedenaldian egin zizuten omenaldia. Nolakoa izan zen ekitaldia?

Urolan 300 partidatik gora egin ditugun jokalariak elkartu ginen: ni eta beste bost. Beste guztiak erretiratuta daude dagoeneko; batzuk helduagoak dira, eta beste bik nirekin jokatu izan dute, baina iaz erretiratu ziren. Joan den astean ni bakarrik omendu ninduten, besteei egin zizkietelako bere garaian omenaldiak. Kamiseta bat eta oroigarria eman zizkidaten. Beraz, denera sei lagun gara Urolarekin 300 partida jokatzera iritsi garenak. Gainera, ni naiz horietatik Urretxu-Zumarragakoa ez den bakarra.

Zuk jokatu al zenuen joan zen asteko partida hura?

Ez. Ez ninduten deialdian sartu. Kontua da gutxi joaten naizela entrenatzera. Izan ere, Zumarragan tatuaje denda daukat, eta denda itxi arte ezin izaten dut bertaratu; beraz, 20:00etatik 21:00etara-edo entrenatzen dut. Beste jokalariek gehiago entrenatzen dute, eta badituzte motiboak ni gutxiago zelairatzeko. Horregatik, azken bi denboraldietan gutxiago jokatu dut.

Denboraldi pila bat egin dituzu Urolan. Zer moduzkoa izan da ibilbidea?

Gaur egun, Ohorezko Mailan dago taldea, baina maila bat beherago ere egon izan da. Hortxe ibili gara, gora eta behera. Denetarik bizitzea tokatu zait; momentu onak eta ez hain onak.

Zerk bultzatu zaitu hainbeste urte han egitera?

Ondo sentitzen naiz taldean; azkenean, lagunak egin gara guztiok. Baina Urolan bakarrik, futbolean aritu izan naizen beste taldeetan ere gauza bera gertatu zait.

Denboraldi gehien Urolan egin dituzun arren, beste hainbat klub ere zapaldutakoa zara.

Hori da. Eskola kirolean aritzetik Lagun Onakera egin nuen jauzi, 10 bat urte-edo nituela. Kadete mailara iritsi nintzenean Realak fitxatu ninduen, eta urte eta erdi egin nuen talde horretan. Handik berriro Lagun Onakera itzuli nintzen; uste dut bi urte egin nituela jubeniletan, eta jubeniletako azken urtean Aretxabaletara joan nintzen. Talde horretan egin nituen beste bost urte, eta handik Urolara joan nintzen. Gero, Lagun Onakera itzuli nintzen, eta hiru urte egin nituen Azpeitian; ondoren berriro Urolara itzuli nintzen. Eta gaur arte.

38 urte dituzu, eta eskola kirolean hasi zinen futbolean. Beraz, bizi erdia behintzat badaramazu kirol horretan.

Erdia ez, ia osoa [barreak].

Zer eman dizu urteotan futbolak?

Lehiatzea beti gustatu izan zait. Horrez gain, futbolaren bueltan sortzen den lagunarteko harremanak asko ematen du; afariek eta saltsa horrek. Eta kirola ere asko gustatzen zait. Zer izaten diren gauzak: hasi nintzen, eta ezin gelditu.

Hasi al zara erretiroarekin pentsatzen?

Urtero pentsatzen dut futbola utziko dudala, baina azkenean, ez dut uzten [barreak]. Arratsaldeetan Zumarragan lan egiten dudanez, ez zait kostatzen handik entrenatzera joatea. Horrek bultzatu nau pixka bat jarraitzera. Bestela beste zerbait egingo nukeen: mendira joan, gimnasiora... Baina lantokia gertu daukadanez eta futbola gustatzen zaidanez...

Denboraldi honetan, zer moduz ari da Urola? Zein duzue sasoi honetako helburua?

Helburua beti da mailari eustea. Une honetan, nahiko egoera txarrean gaude. Talde dezente gaude sailkapenaren behe aldean; hamargarren postutik behera talde asko gaude antzeko puntu kopuruarekin. Oraindik dezente falta da denboraldia bukatzeko; beraz, ikusiko da zer gertatzen den.

Eta pertsonalki, zein da zure helburua?

Ahal dudan gehien jokatzea. Hala ere, ulertzen dut gutxi jokatzea, gutxi entrenatzen dut eta. Beti pentsatu izan dut horrela: gutxiago entrenatzen duenak gutxiago jokatu behar du. Ni beti izan naiz entrenatzekoa, baina orain, lana tarteko, zailagoa egiten zait.

Goizetan lan bat egiten duzu, arratsaldeetan beste bat, futbolean aritzen zara, areto dantzetan ere bai... Malabareak egiten ibili beharko duzu...

Pixka bat bai [barreak].

Lehen mailako jokalariek zuk baino lehenago uzten dute futbola...

Bai, eta hori haiek futbolaz gain beste lanik ez dutela egiten. Nire ibilbidean ez du lesio garrantzitsurik izan, eta horrek lagundu egin dit. Zortea izan dut alde horretatik, eta horrela izan dadila aurrerantzean ere. Oraingoz, behintzat, ondo sentitzen naiz fisikoki.

Beste urte batzuez futbolean jarraitzeko moduan zara, beraz. 50 urte egin arte, akaso?

80ra arte ere bai, agian [barreak]. Uste dut aurtengoa izango dela azken denboraldia, baina badaezpada ez dut altuegi esango.