'Sormenean hezi, kulturaz bizi' jardunaldiak egiten ari dira Sanagustinen

Anartz Izagirre 2021ko aza. 20a, 10:54
'Sormenean hezi, kulturaz bizi' jardunaldietako irudi bat. (Anartz Izagirre)

Goizean goizetik hasi dira saioak, eta 14:00ak bitartean hainbat eragiletako ordezkariek parte hartuko dute zikloan. 2019an Azpeitian egin zuten lehen jardunaldiaren jarraipena da gaurkoa.

Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien bigarren edizioa ari dira egiten gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) elkarlanean antolatutako jardunaldiok 2019koen jarraipena dira, eta, guztira, lau saio egin dituzte lau herritan. Gaurkoa da azkena.

Goizean goizetik, 09:30ean hasi da zikoa UEUko zuzendariaren, Azpeitiko Udalaren eta antolatzaileen sarrerarekin, eta 14:00ak bitartean hainbat eragiletako ordezkariak izango dira Sanagustinen kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gai desberdinak jorratzen; esaterako, kulturgintza sozialaz, belaunaldiartekotasunaz eta kulturgintza sozializatzeko plazez arituko dira solasaldietan. Honako lotura honetan ikus daiteke gaurko egitarau osoa eta jardunaldietan parte hartuko duten eragileen zerrenda. Gainera, zuzenean ere jarrai daitezke jardunaldiak, hemen.