Hezkuntza ez-arautuaren esparrua jorratuko dute 'Sormenean hezi, kulturaz bizi' bigarren jardunaldiek

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 18a, 14:16
Kepa Sarasola, Nagore Alkorta, Maite Azpiazu eta Gotzon Barandiaran, jardunaldien kartelarekin. (Mailo Oiarzabal)

2019an Azpeitian egin zuten lehen jardunaldiari jarraipena emanez, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa erdigunean jarrita lau saio antolatu dituzte aurtengorako Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Azken saioa Azpeitian izango da, azaroaren 20an. Azoka Plazan aurkeztu dituzte gaur jardunaldiak, eta horietarako izen-ematea zabalik da UEUren webgunean.

Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien bigarren edizioa aurkeztu dute gaur Azpeitiko Azoka Plazan. 2019an lehen jardunaldia egin zen areto berean aurkeztu dute aurten lau saiotan eta herritan banatuta egingo dituzten jardunaldiak: Senperen (Lapurdi) izango dute lehen hitzordua datorren larunbatean, urriaren 23an; Laudion (Araba) egingo dute bigarren saioa, azaroaren 6an; hirugarrena, azaroaren 13an, Lesakan (Nafarroa); eta Azpeitian, Azoka Plazan bertan, bukatuko dituzte jardunaldiak, azaroaren 20an.

Ahotseneak, Oinherrik, Bertsozale Elkarteak, Azpeitiko Udalak eta UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) elkarlanean antolatutako jardunaldiok 2019koen "jarraipena" izango dira, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Gotzon Barandiaranek (Ahotsenea), Maite Azpiazuk (Oinherri) eta Kepa Sarasola UEUren zuzendariak gaurko aurkezpenean azaldu dutenez. Barandiaranek esan bezala, "kezka" batek bultzatuta egin zuten jardunaldien lehen edizioa duela bi urte. Euskal kulturgintzaren transmisioan, ezagutzan zein praktikan, "eten bat eman" da, "hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta etxe giroan edo familian ere bai", eta horiek dira "transmisiorako hiru kanal nagusiak". Eten horri aurre egiteko, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa "egituratzea eta sendotzea" dira Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa. Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldien helburuak.

2019koan hezkuntza arautuaren esparrua jorratu zuten, eta 2021eko lau saioetan hezkuntza ez-arautuaren esparruari eutsi nahi izan diote. Duela bi urteko jardunaldiaren emaitza "inportanteena" izan zen, antolatzaileen arabera, gaur egun hezkuntza arautuan Euskal Herri osorako ikuspegiarekin euskal kultur transmisioa bermatzeko helburuarekin lanean ari den lantaldea sortzea. Aurtengo saioekin "hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu" eta "egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu" nahi dute, batetik. Azken hori osatzeko, hausnarketarako hainbat galdera jarriko dituzte mahai gainean: "Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileok?". Bestetik, eta lehen jardunaldian egin bezala, Euskal Herri osorako ikuspegiarekin lanean ariko den talde bat eratu nahi dute, eskolaz kanpoko transmisioa nola bermatu aztertzeko eta proposamenak egiteko.

Saioak eta izen-ematea

Jardunaldien bigarren edizioa osatuko duten lau saioek egitura bera baina protagonista desberdinak izango dituzte. Arlo ezberdinak jorratzen dituzten tokiko bina kultur eragilek beren esperientziak aurkeztuko dituzte saio horien lehen zatian, eta bina mahai ingururekin osatuko dituzte saioak, beste hainbat eragile eta esperientzietako kideen parte-hartzearekin. Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belaunaldiartekotasuna izango da lau egunetan lehen mahai inguruaren gaia; eta Kulturgintza sozializatzeko plazak: aretoak, kalea, Internet izango da, berriz, bigarren mahai inguruaren hizpidea.

Herritar orori zuzenduta daude jardunaldiak, eta saio bakoitzerako izen-emateak ere irekita dituzte UEUren webgunean. Launa orduko saioak izango dira, eta matrikulak 10 euro balio du. Jarraian datozen loturetan ikus daitezke saio bakoitzaren edukiak, eta bakoitzean izena emateko egin beharrekoak eta epeak:

- Senpere (Larraldea), urriaren 23a.

- Laudio (Aiaraldea Ekintzen Faktoria), azaroaren 6a.

- Lesaka (Harriondoa), azaroaren 13a.

- Azpeitia (Azoka Plaza), azaroaren 20a.