Itzalaldia eta kontzentrazio zaratatsua, enpresa elektriko handiak egiten ari diren "gehiegikeriak" salatzeko

Julene Frantzesena 2021ko urr. 9a, 09:17
Atzo dozenatik gora herritarrek egin zuten bat plazan.

Deskonektatu elektriketatik pankartaren atzean, dozenatik gora lagun elkartu ziren atzo, ostiralarekin, plazan, enpresa elektriko handien "gehiegikeria" salatzeko. Azpeitiko EH Bilduk egindako deialdiari erantzunez, herritarrak lapikoak eskuetan joan ziren 22:00etan plazan jarrita zegoen hitzordura. Gainera, plazako kioskoko, Azoka Plazako nahiz udaletxeko argiak itzali zituzten, eta hainbat tabernak ere bat egin zuten itzalaldiarekin –Alde Zaharreko tabernarien elkarteak bat egin zuen deialdiarekin–.

Llotja de Marreko ituna sinatu zuten alderdi politikoek (Esquerra Republicana, EH Bildu, Junts, Mes per Mallorca, BNG, CUP eta Mes Menorca) "oligopolio elektrikoaren gehiegikeria" salatzeko itzalaldia eta mobilizazioak deitu zituzten atzorako. Hitzordu horien testuinguruan, Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten astearteko udalbatzarrean. EAJren udal taldeak, berriz, beste mozio bat aurkeztu zuen mozio hari erantzunez.