Argindar enpresen "iruzur larria" salatuz eta "burujabetza energetikoa" aldarrikatuz mozioa onartu du udalak

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 6a, 18:24

EH Bilduren udal taldeak Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! izenburuarekin aurkeztutako mozioak aurrera egin zuen atzoko udalbatzarrean, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin. EAJk mozio horren kontra bozkatu zuen eta kontramozioa aurkeztu zuen, baina atzera bota zuen udalbatzarrak, oposizioko taldearen botoak bakarrik lortuta.

Llotja de Marreko ituna sinatu zuten alderdi politikoek (Esquerra Republicana, EH Bildu, Junts, Mes per Mallorca, BNG, CUP eta Mes Menorca) "oligopolio elektrikoaren gehiegikeria" salatzeko itzalaldia eta mobilizazioak deitu dituzte etzirako. Deskonektatu elektriketatik leloarekin egin dute deialdia, eta azpeitiarrei bat egiteko dei egin die Azpeitiko EH Bilduk; 22:00etatik 22:30era gonbidatu dituzte herritarrak beren etxeetako argiak itzaltzera, eta 22:00etan plazan egingo duten elkarretaratze zaratatsuarekin bat egitera ere bai, plazan bertan edo etxez etxe kazolak astinduz.

Hitzordu horren testuinguruan, eta argindarraren azken asteetako etengabeko gorakadak dirauen bitartean, Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren udal taldeak mozioa aurkeztu zuen atzoko udalbatzarrean. "Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria" salatu eta "Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar" duela aldarrikatu du ezkerreko koalizioak, besteak beste, Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! izenburudun mozio horrekin. EAJren udal taldeak, berriz, mozio horri erantzunez beste mozio bat aurkeztu zuen udalbatzarrean. Konektatu energia trantsizioarekin izenburua jarri zion oposizioko taldeak bere mozioari; EH Bilduk aurkeztutako zorrotz kritikatzearekin bat, besteak beste Azpeitiko Udalean ordezkaritza duten alderdiek "Euskadin energia berriztagarriak ezartzeko eta energia aurrezteko duten konpromiso politikoa berrestea" zein "herritarren kontzientzia zorrotz eta egiazkoa sortzen laguntzea" eskatzen zuen EAJren mozioak, "trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketaren erronkarekin bat etorriz jardutea errazteko".

Talde bakoitzak bere mozioa osorik irakurri zuen atzoko bilkuran, baina bozkatu aurretik ez zen bi testuen gaineko eztabaidarik piztu. Bozketan, berriz, aurreikusitakoa gertatu zen: EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzarrak, Udal Gobernuaren gehiengoan oinarrituta, eta EAJkoen kontrako botoekin. Aldiz, oposizioko taldeak bakarrik bozkatu zuen berak aurkeztutako kontramozioaren alde; EH Bilduko ordezkariek kontrako botoa eman zioten, eta atzera bota zuten, horrenbestez, jeltzaleen proposamena.

Lotura honetan irakur daiteke, osorik, EH Bilduk aurkeztu eta udalbatzarrean onartutako mozioa; eta jarraian datorrena da EAJk aurkeztu eta atzera bota zuten mozioa.