Enpresa elektriko handien "gehiegikeria" salatzeko ekitaldiekin bat egin du AZTEk

Tabernetan ere aldizkako itzalaldiak egingo dituzte gaur, egitasmoarekin bat eginez. AZTEko kideen arabera, argindarraren etengabeko gorakadak bereziki kolpatu ditu herriko tabernak eta komertzio txikiak ere. Llotja de Mar ituna sinatu zuten alderdiek deitu dituzte protestak gaurko, eta Azpeitiko EH Bilduk itzalaldia ez ezik, kazola-jotzearekin lagundutako ekitaldi zaratatsua antolatu du gaurko: 22:00etan izango da, plazan.

AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko tabernarien elkarteko kideek bat egin dute gaurko deituta dauden itzalaldiarekin eta mobilizazioekin. Tabernetan ere aldizkako itzalaldiak egingo dituzte, egitasmoarekin bat eginez. Izan ere, haien arabera, argindarraren etengabeko gorakadak bereziki kolpatu ditu herriko tabernak eta komertzio txikiak. "Joan den urteko ordain-agiriekin alderatuz gero, Espainiako Estatuko Hostalarien patronatuak aurreikusten du energia kostua %30 eta %40 artean igoko dela. Horri pandemiaren eraginez sektoreak jasan duten egoera gehitu behar zaio".

Tabernariek azaldu dutenez, urteak daramatzate enpresa elektrikoen "gehiegikeriak" ordaintzen, baina azken hilabeteetan "inoiz baino nabarmenagoa" ari da izaten arazoaren kontrolik eza. "Prezioak gora eta gora ari dira egiten, eta badirudi inork ez duela bukatu nahi iruzur honekin. Hori horrela da, hain zuzen, Espainiako Estatuko alderdi nagusiak zein hainbat ordezkari arazoaren parte direlako". AZTEko kideen aburuz, herritar "kalteberenak" ari dira gehien sufritzen, eta "gutxi batzuen mesedetan", familia askoren egoera "oso larria" dela azaldu dute. "Taberna eta denda txikien egoera ez ezik, diru sarrerak baxuak dituzten beste hainbat etxebizitzetakoari ere erreparatu nahi diegu".

Llotja de Mar-ekoek deitutako itzalaldia

Enpresa elektriko handien iruzurrari erantzuteko, itzalaldia ez ezik, kazola-jotzearekin lagundutako ekitaldi zaratatsua izango da gaur plazan, 22:00etan hasita. Plazako ekitaldiaz gain, etxean diren herritarrak ere gonbiatuta daude 22:00etatik 22:30era bitartean argiak itzaltzera eta etxetik kazola-jotzean parte hartzera. Deskonektatu elektriketatik izenburupean, oligopolio elektrikoaren gehiegikeria salatzeko itzalaldia proposatu dute Llotja de Mar ituneko kide diren alderdi politikoek: Esquerra republikanak, EH Bilduk, Junts-ek, Mes per Mallorcak, Benegak, Cup-ek eta Més Menorcak. Azpeitiko EH Bilduk bat egin du deialdiarekin, eta herritarrei protestetan parte hartzeko dei egin die.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide