Joxe Takolo beka, Izarraizko lurpeko altxorrak azaleratzeko

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 19a, 11:03
Felix Ugarte elkarteko kideak, udal ordezkariak eta Lagun Onak MBkoak udaletxean, Izarraitz atzean dutela. (Mailo Oiarzabal)

Lehen aldiz, espeleologiako proiektu batentzat izango da Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak MBk mendizale azpeitiar zenaren omenez ematen duten dirulaguntza. Felix Ugarte elkarteak jaso du 2021eko beka, Itziarko hainbat kobazuloren arteko lotura frogatu nahi duen egitasmoarekin: Izarraizko lurpeko altxorraren bila.

Felix Ugarte elkarteak jaso du 2021eko Joxe Takolo beka, Izarraizko lurpeko altxorraren bila proiektuari esker. Lehen aldiz, espeleologiako proiektu batentzat izango da Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak mendizale azpeitiar zenaren omenez ematen duten dirulaguntza –3.000 euro–; eta lehen aldiz, gainera, Euskal Herrrian bertan eta Azpeititik oso gertu garatuko den egitasmo batek lortu du beka. Atzo arratsaldean jakinarazi zuten irabazlearen izena, eta bekaren onuradunek beren proiektuaren xehetasun guztiak azaldu zituzten udaletxean.

Bost proiektu aurkeztu dira 2021eko deialdira, eta pozik agertu dira erantzunarekin Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburua eta Aitor Unanue Lagun Onak MBko kidea. 20. urteurrena bete du aurtengoarekin Joxe Takolo bekak. Sortu zenetik hainbat "gorabehera" izan dituela gogoratuta, 2021eko "egoera berezia kontuan hartuta" bost hautagai aurkeztu izanak beka "osasuntsu" dagoela adierazten du, Arrutiren esanetan. Proiektu irabazleari dagokionez, Arrutik azaldu du espeleologiaren sailekoa izateak "ilusioa" eragin diela proiektuak aztertzen dituen batzodeko kideei. Felix Ugarte elkartekoen proposamena "asko gustatu" zaie batzordekideei, eta egindako lanagatik zoriondu ditu zinegotziak bekaren irabazleak. Arrutiren ildo beretik hitz egin zuen Unanuek. Alpinismotik at dagoen eta "askorentzat oso ezezaguna" den arlo bateko proiektu batek irabazi izana ez ezik, beka jaso duen egitasmoa "lehendabiziko aldiz euskal lurretan" egingo dela azpimarratu zuen.

Kondaira egiaztatzeko ahalegina

Felix Ugarte elkarteko Jon Eletxigerra eta Candido Garcia ere pozik azaldu ziren atzoko ekitaldian. Joxe Takolo beka urte berezian iritsi zaiela aipatu zuten biek, 2021a Kobazuloen Urtea baita, Unescok hala izendatuta. "Urte ezinhobea horrelako proiektu bat aurrera eramateko", zioen Eletxigerrak. Garciak, berriz, bekari esker izango duten "ekarpen ekonomikoa baino zabalkundea garrantzitsuagoa" dela nabarmendu nahi izan zuen.

Izarraizko lurpeko altxorraren bila proiektuarekin, funtsean, Itziarko hainbat kobazuloren arteko lotura frogatu nahi dute Felix Ugarte elkartekoek; Izarraitz mendilerroan dauden Aixa, Ibarrengo, Pagatza eta Ermittia kobazuloetako galeriak lotuta daudela, ""arro hidrologiko bera osatzen dutela", eta guzti horietako isuriak Debara iristen direla. Hipotesi hori egiaztatzen badute, kobazuloen "Gipuzkoako sistemarik handiena litzateke" Izarraizko hori, Eletxigerraren esanetan. Eta, horrez gain, "kondaira egiaztatuko" lukete. Kondaira horrek dio artzain batek ardi bat galdu zuela Itziarko kobazulo batean; ahaleginak eta bi egin ondoren ardiaren arrastorik berreskuratu ez eta laguntza bila jo zuen artzainak Debara, eta Debako hondartzan aurkitu zuen Itziarko kobazuloan galdutako ardia.

Hipotesia egiaztatzeko bidea ez dute hutsetik hasiko. Aipatutako kobazuloak ez dira ezezagunak, Felix Ugarteko kideak ere behin baino gehiagotan ibili dira horietan bide berriak irekitzen, eta frogatu nahi duten sare osoaren konexioa egitea falta bazaie ere, kobazulo horietako batzuen arteko loturak egiaztatuta dituzte dagoeneko. Joxe Takolo beka eskuetan dutela, aurten bertan ekingo diote jardunaldi espeleologiko berriari Izarraitz aldean, "uda amaieran edo urriko zubian", Eletxigerraren arabera. Elkarteko hamar-hamabost kidek parte hartuko dute saiakeran, taldera batu daitezkeen beste boluntario batzuen parte-hartzea baztertu gabe. Aixa kobazuloaren barruan jarriko duten kanpalekuan geldituko dira batzuk, eta Lasturko aterpetxea izango da espedizioaren "oinarrizko kanpalekua".

Lurpeko ingurumenaren babesa helburu

Felix Ugarte elkartea 2000. urtean sortu zuten, Arantzazun, eta Irunen du egoitza. Lurpeko ingurumenaren ikerketa eta zaintza dira elkartearen xede nagusiak, eta horiek lortzeko hainbat jakintza, sail eta jarduera ezberdin uztartzen dituzte elkartearen barruan, hala nola espeleologia eta arkeologia.

"Babesteko, ezagutu egin behar da", zioen atzo Eletxigerrak. Lurpeko eremuaren ezagutzan sakontzeko asko dago oraindik, Felix Ugartekoaren ustez. "Asko ikertuagatik, beti topatzen dira gauza berriak", eta Izarraizko lurpeko altxorraren bila proiektuarekin "ikerketa integral bat" egin nahi dute; topografia espeleologikoa, ikerketa klimatikoa eta ikerketa sedimentologikoa uztartuko dituzte Izarraizko kobazuloetan egingo duten jarduera espeleologikoarekin. Jarduera horren zabalkundea egiteari ere garrantzia emango diote, etalkartearen webgunea eta sare sozialak erabiliko dituzte horretarako; gainera, Itziarko inguruetan egingo dituzten lanak dokumental batean jasotzeko asmoa dutela aurreratu dute 2021eko Joxe Takolo bekaren irabazleek.