Joxe Takolo bekaren aurtengo deialdia ireki dute

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 15a, 12:19
Joxe Takoloren omenezko eskultura.

20. urteurrena beteko du aurten Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Mendizale Federazioak goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko ematen duten bekak. 3.000 euro jasoko ditu 2021eko bekaren irabazleak eta maiatzaren 21era aurkez daitezke proiektuak.

2021eko Joxe Takolo bekaren deialdia martxan da. 2001ean sortu zuen Azpeitiko Udalak mendizaletasuna bultzatzea eta Joxe Urbieta Takolo mendizale zenaren "izenaren eta izanaren berri" ematea uztartuko zituen beka, eta 20. urteurrena beteko du aurten bekak. 3.000 euro jasoko ditu 2021eko bekaren irabazleak, eta maiatzaren 21era aurkez daitezke proiektuak, udaletxean edo udalaren Azpeitia.eus webgunearen bidez.

Hogei urteotan bekak "gorabeherak" izan ditu, udalak aurtengo deialdiaren berri ematerakoan azaldu bezala. Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen duten bekak "goi mendizaletasunari lotutako izen handien proiektuak zein hasi berrienak bultzatu" ditu sortu zenetik. Aipatutako gorabeheren barruan, duela lau urte iritsi zen aipagarriena. "Gero eta proiektu gutxiago aurkezten zirela ikusirik, inflexio puntu batera" iritsi zen bekaren deialdia. "Orduan, mendizaletasunaren ohitura berriak aztertu, eta zenbait aldaketarekin, indarberritu egin zen beka", gogoratu du udalak. Horrela, gaur egun goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko beka da Joxe Takoloren omenezkoa, eta bekaren helburuarekin bat datorren ekimenen bat antolatzen duten Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte zein beste eratako elkarteak eta taldeak aurkez daitezke deialdira.

"Joxe Takoloren izena eta izana goi mendizaletasunari lotuta jarraitzeko bekari eusteko konpromisoa dugu eta mendizaleak beren proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu. Mendizaletasunaren balioek eta gureeek erabat egiten dute bat, herri izaera zehatz bat sortzen lagundu du mendizaletasunak eta horretan jarraitzea nahi dugu", adierazi du Egoitz Arruti udalaren Kirol batzordeburuak. Arrutirentzat, gainera, "mendizaletasunaren balioak transmititzeko garai onak dira"; koronabirusaren pandemia sasoi honetan mendian "gero eta jende gehiago" dabilela nabarmendu du, eta aldi berean, "mendizale esperimentatuek proiektu berri eta interesgarriak pentsatzeko eta amesteko denbora" izan dutela uste du zinegotziak, eta horiek "animatu" ditu bekara proiektuak aurkeztera.

Irizpideak eta oinarriak

Bekaren deialdira aurkezten diren proiektuak baloratzeko kontuan hartuko dituzten irizpideak zehaztu ditu udalak.

"Aurkeztutako proiektuak ireki aurretik", proiektuaren originaltasuna (% 29 gehienez), zailtasuna (% 29 gehienez), parte-hartzaileen perfila (% 21 gehienez) eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa (% 21 gehienez) objektiboki baloratuko ditu lan horretarako izendatutako batzorde teknikoak.

Dirulaguntza jasotzeko aurkezten den proiektu bakoitzaren arduradunak edo ordezkariak eskari-instantzia ofizialaren atal guztiak bete beharko ditu, eta horri nortasun agiriaren fotokopia erantsi, proiektuan partaide izango direnen federazioko lizentziekin batera. Lizentzia horiek, gutxienez, bekara aurkeztu baino urtebete lehenago ateratakoak izan beharko dute.

Egin nahi den proiektuaren memoria eta hari dagokion aurrekontua ere aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek, paperean zein euskarri informatikoan.

Ondoko loturan daude 2021eko Joxe Takolo bekaren oinarriak; gaur argitaratu dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean