Plaza bete jende Nagore Alkorta alkatearen aldeko ekitaldian

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 29a, 14:20

Corrugados auziaren zurrunbiloan, ehunka azpeitiarrek egin dute bat herritar talde batek alkateari babesa adierazteko deitutako mobilizazioarekin. Txalo zaparrada luzeekin erantzun dituzte deitzaileen adierazpena eta Alkortaren esker oneko hitzak.

Azpeitiko plazak aspaldiko betekadarik handiena hartu du gaur eguerdian. Saninazioetako txupinazoa bailitzan, nahikoa lan izan dute bertaratuek antolatzaileek eskatutako segurtasun distantziak gordetzen, jendetza elkartu delako herritar talde batek Nagore Alkortari babesa adierazteko deitutako ekitaldian.

Alkorta bera, Udal Gobernuko kideekin batera, jendartean egon da deitzaileek gaurko prestatu duten adierazpena irakurtzen zuten bitartean, eta kioskora igo da bukaeran, hitza hartzeko.

Ekitaldirako deia egin zutenean bezala, Corrugados auzia dela-eta sortu den eztabaida politikoa eta zurrunbilo mediatikoa hizpide izan ditu Amaia San Vicentek, antolatzaileen izenean adierazpena irakurri duenak. "Asko gara", esan du hasieran eta errepikatu du bukaeran, alkatearen jarrerak azpeitiar askoren babesa duela adierazteko: "Gezurrari, presio mediatikoari eta Nagoreren aurkako erasoei horma bat jartzea zen ekitaldi honen helburua, eta plaza gainezka ikusita zuzen genbiltzala esan dezakegu: asko gara. Herritarrok hitz egin dugu, eta Corrugados auzian Nagore Alkorta alkateak erakutsi duen duintasunari batu gatzaizkio hemen. Duintasuna, ez baita hitz huts bat. Duintasuna, gaur, plaza bete bat da".

Arantxa Tapia sailburuak esandakoei ere erantzun diete antolatzaileek: "'Aberats berri gisa izendatu gaitu Arantxa Tapia andereak. Aberatsak? Gu? Ez. Gu langile jendea gara, askotarikoa. Azpeitian bizi eta lan egin nahi duen jendea gara, eta gure herrian gertatzen denak kezkatzen gaitu. Kezkatzen gaituzte pobrezian eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrek. Kezkatzen gaituzte langabetuek eta prekarietate egoeran lan egiten dutenek. Kezkatzen gaitu ingurumenak. Kezkatzen gaitu albokoaren bizitzak.  Herri justu bat, herri libre bat dugu ipar, eta elkarrekin egin nahi dugu bide hori. Ezberdintzen gaituen horretaz eztabaidatuz. Batzen gaituen horretan aurrera eginez".

Komunikabideentzat ere izan dituzte hitzak: "Zur eta lur gauzka azken asteotan hedabide handietan entzuten ari garenak. Nagore jarri dute jo-puntuan, baina herritar asko sentitu gara minduak. Horrek ekarri gaitu herriko plazara, Nagore babestera, eta Corrugados auzian izan duen jarrera gure egitera". Alkatearen jarrera goraipatu dute, "politikan aritzeko moduak eta moduak" daudela nabarmenduz: "Gezurraren aurrean argumentuak erabili ditu Nagorek, isekaren aurrean errespetua, interes ekonomiko eta politiko ilunen aurrean, zintzotasuna eta herriaren zaintza". Eta Corrugados auzian antzeman duten indar desoreka aipatu dute berriro: "Zaila da komunikabide boteretsuekin eta politikari profesionalekin lehiatzea. Guk ez dugu bozgorailu handirik, guk ez ditugu informatiboak irekitzen, ez ditugu soldatapeko iritzi sortzaileak. Gu ez gara erabaki handiak hartzen diren bulegoetan mugitzen. Gure boterea gugan dago, gure zintzotasunean, gure lanean, gure komunitatean".

Beren "hurbiltasuna, berotasuna eta babesa" adierazi dizkiote Alkortari ekitaldiaren deitzaileek, "eutsi, Nagore, asko gara" birritan esanez agurtu aurretik. Une horretan txalo zaparrada luze bati, Azpeitian edozein ekitalditan entzutea erraza ez den horietako bati, ekin diote plazan elkartutakoek. Alkatearen aurrean zegoen jendeak buelta hartu eta berari zuzendu dizkio txaloak, eta malkoei ezin izan die eutsi Alkortak.

Irune Book, Orhantza Alegria eta Amaia Aranaga musikariek lagunduta, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestuz hartu die txanda jarraian, eta hizlaria eta musikariak zeuden kioskora igo da jarraian Alkorta, emozionatuta, hitza hartzeko. "Bihotz-bihotzez eskerrak" eman dizkie alkateak plaza betetzen zutenei, azken egunetan babesa adierazi dieten guztiei eta, bereziki, udaleko bere lantaldeari. "Azken hiru hilabeteak oso gogorrak" izan direla esan du Alkortan; "gaur protagonista herria" dela, ez bera; plazako ekitaldian "pentsakera eta sentsibilitate ezberdinetako pertsonak, guztiak bat eginda" elkartu izana nabarmendu du; eta berretsi du "egiari eutsiko" diotela, "azpeitiarren izenari eta erabakiei". Txalotan hasi da berriro plaza, Alkortaren hitzartzearen aurretik, bitartean eta ondoren, "gota Azpeiti eta gora azpeitiarrak" botata agurtu denean; eta ekitaldia bukatuta, hainbat herritar joan zaizkio alkateari babesa aurrez aurre adieraztera.