Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko ekitaldia egingo dute larunbatean

Ihintza Elustondo 2021ko mai. 27a, 10:18

Corrugados auzian Nagore Alkorta alkateak hartu duen jarrerarekin bat egiten dutela adierazteko, babes ekitaldia antolatu dute hainbat herritarrek larunbaterako. 12:00etan plazan elkartuko dira, eta herritarrei deia egin diete hara joateko. "Babes hau kalean erakusteko unea dela uste dugu".

Eremu ezberdinetan lan egiten duten hainbat azpeitiarrek Nagore Alkorta alkateari babesa adierazteko ekitaldia deitu dute larunbaterako, maiatzak 29. Eutsi Nagore, asko gara! leloa baliatu dute horretarako. Honako hauek dira ekitaldiaren deitzaileak: Camino Saiz, Aiora Etxeberria, Ismael Ruiz de Argandoña, Lorea Aizpuru, Axun Aizpuru, Jesusa Agirre, Onintza Agirre, Amaia San Vicente, Mikel Iriarte, Luis Juaristi, Libe Aranburu, Jaione Ucin, Alazne Altuna, Miren Segurola, Leire Arrieta, Mikel Belar eta Patxi Altzibar.

Hitzordurako deia egiteko, bideo bat grabatu dute herritar horiek, eta han azaldu dituzte ekitaldia antolatzeko arrazoiak. Deitzaileen arabera, Corrugados auzia "eztabaida politiko eta mediatikoaren erdian" kokatu da azken hilabeteetan. "Hitz egin dute politikariek, hitz egin dute kazetariek eta hitz egin dute enpresarien patronalek. Uste dugu herritarroi ere badagokigula hitza hartzea. Zurrunbilo honen erdian, gure jarrera agertu nahi dugu. Ardura handiko politikariek gure herriaz, gure udalaz, eta bereziki, Nagore Alkorta alkateaz esan dituztenek asaldatuta gauzkate. Hedabide handien laguntza izan dute giroa nahasteko, gezurrak esateko, eta gurean ilusio faltsuak sortzeko. Baina azpeitiar askok gertutik jarraitu dugu auzia, eta argi dugu errealitatea ez datorrela bat komunikabide handiek eta politikari boteretsuek kontatu digutenarekin". Herrian bizi direla, eta herrian gertatzen dena "begirada kritikoz" jarraitzen dutela azaldu dute.

Horren harira, "une zail hauetan", beren "babesa eta elkartasuna" erakutsi nahi dizkiete Azpeitiko Udalari, eta bereziki, Nagore Alkorta alkateari. "Corrugados auzian gure alkatea gardentasun eta profesionaltasun handiz aritu dela defendatu nahi dugu. Gardentasunez, herritarrak informatuta izan gaituelako, egon zitezkeen zalantzak argitzen saiatu delako une oro, eta aurpegia behar den leku guztietan eman duelako. Profesionaltasunez, gaiarekiko ezagutza tekniko eta juridikoa erakutsi duelako, eztabaida eta elkarrizketa guztietan koherentziaz aritu delako eta auziari dagozkion ertzak argi azaldu dituelako". Bestalde, "kez eginiko gazteluak saltzen dabiltzan horiei" gauza bat argi esan nahi diete: "Denak ez du balio". Herritarren arabera,  "gezurra eta manipulazioa jarrera itsusiak" dira politikan eta bizitzan. "Gure herria, gure alkatea, bakean uzteko eskatzen diegu".

Herritar taldeak nabarmendu duenez, "asko eta asko" dira Corrugados auzian Nagore Alkorta alkateak hartu duen jarrerarekin bat egiten duten herritarrak. "Babes hau kalean erakusteko unea dela uste dugu". Horretarako, larunbateko babes ekitaldira deitu dituzte herritarrak. 12:00etan, plazan jarri dute hitzordua.