Aldundiaren arabera, udalaren "borondate politikoa" behar da Corrugados berriro irekitzeko

Anartz Izagirre 2021ko mai. 13a, 12:42

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapenerako diputatuaren arabera, "egingarria" da Corrugados irekitzea, eta "Azpeitiko Udalaren esku" dago erabaki hori. Era berean, Larrañagak adierazi du txosten juridiko bat dagoela hirigintza planak enpresa berriro irekitzeko aukera ematen duela babesten duena, eta herri erakundeak HAPOa aldatzea ere erabaki dezakeela gaineratu du.

Corrugados Azpeitia berriro irekitzearen inguruan mintzatu da gaur, osteguna, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatua. Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoa batzarkide taldeak hainbat galdera egin dizkio Larrañagari Batzar Nagusietako Ekonomia batzordean, eta diputatuak azaldu duenez, "egingarria" da Corrugados berriro irekitzea.

Diputatuak esan du prozesu hori aurrera eramateko falta dena Azpeitiko Udalaren "borondate politikoa" dela: "Enpresak jarduerari berrekiteko asmoa iragarri zuenetik, gure esku dagoen guztian, proiektua aurrera ateratzea errazteko jarrera osoa erakutsi dugu Aldunditik. Eusko Jaurlaritzak ere behin eta berriz adierazi du proiektua bideragarria dela araudiaren ikuspegitik, enpresak ingurumen baldintzak betetzeko behar diren inbertsioak egiten baldin baditu. Beraz, udalaren esku dago orain aukera paregabe hau aprobetxatzea Azpeitian eta Urola Kostan lanpostuak eta aberastasuna sortzeko".

Bestalde, Nagore Alkortak joan den asteartean ezohiko udalbatzarrean egindako adierazpenen inguruan ere hitz egin du diputatuak. Haren arabera, alkateak okerreko adierazpenak egin zituen udalbatzar horretan, eta aditzera eman zuen Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak udalari jakinarazi ziotela Corrugados berriro irekitzea ez dela bideragarria. Alkortak esandakoa "erabat faltsua" dela nabarmendu du Larrañagak: "Bere jarrera Corrugados berriz irekitzeari uko egitea baldin bada, bere gain hartu beharko du herritarren aurrean duen erantzukizuna, aitzakiarik eta manipulaziorik gabe".

Jarrera aldaketa eske

Bestalde, Larrañagak adierazi du hirigintza plangintzak enpresa berriro irekitzeko aukera ematen duela babesten duen txosten juridiko bat badagoela: "Edonola ere, udalak HAPOa aldatzea erabaki dezake, horretarako gehiengoa baitu, baita oposizioaren babesa ere, nahiz eta bide horrek epeak asko luzatu eta operazioa arriskuan jarriko lukeen. Beraz, enpresa abian jartzeko erraztasunak ematea haren erabakiaren mende dago soil-soilik. Nahi badu, ahal du". Ildo horretatik, diputatuak azpimarratu du Foru Aldundiak "prozesua azkartzeko konpromisoa" adierazi diola udalari, baina esan du herri erakundeak ez duela elkarlanean aritzeko "inolako asmorik agertu".

Diputatuaren arabera, egoera bideratzeko oraindik "ez da berandu", eta udalari jarrera aldatzeko eskatu dio. Era berean, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta udaleko teknikariek zein idazkariek osatuko luketen lantalde bat sortzea proposatu du foru diputatuak: "Prest gaude aukera guztiak agortzeko eta behar beste aldiz biltzeko. Suertatzen zaizkigun abagune guztiak baliatu behar ditugu industria jarduera eta enplegua berreskuratzeko, bai Azpeitian, bai Urola Kosta eskualdean, bai Gipuzkoan".

Horrez gain, Larrañagak nabarmendu du Corrugadosen irekierak zuzeneko nahiz zeharkako "ehunka lanpostu" sortuko lituzkeela, eta inguruko hainbat enpresatan "eragin dinamizatzailea" izango lukeela. Haren arabera, taldeak planteatzen dituen inbertsioengatik —50 milioi inguru— eta jarduerengatik "onurak" izango lituzkete enpresek: "Gure ekonomian eragin oso positiboa izango luke. Gipuzkoan enpleguari eusteko eta gure enpresa eta industria-sarea indartzeko ahaleginak egiten ari garen honetan, ez litzateke ulertuko udalak susperraldia bizkortzeko horrelako aukera bat alferrik galtzea".