Corrugadosen gaineko lan batzorderik ez da eratuko udalean

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 12a, 08:31

"Badakizue ez dagoela proiekturik, badakizue enpresak ez duela eskaerarik sartuko eta ez duela proiekturik aurkeztuko, eta badakizue Corrugados herrigunean ez dela martxan jarriko", bota zien Alkortak EAJkoei, horiek eskatuta atzo egindako ezohiko udalbatzarrean.

Ezustekorik ez zen izan atzo Azpeitiko Udalaren ezohiko udalbatzarrean. EAJren udal taldearen eskariz egin zuten osoko bilkura. Gai beraren gaineko mozioen bueltan gauzatu zen apirileko udalbatzarretik hamabost egunera, Corrugados Azpeitia enpresaren balizko irekieraz lan batzordea eratzeko jeltzaleen eskaera izan zen atzoko bilkura bereziaren gai bakarra. Eta aurrekariak eta udalaren ordezkaritza kontuan hartuta espero zitekeenez, atzera bota zuen eskaera hori udalbatzarrak, Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren ordezkarien kontrako botoekin.

Apirileko udalbatzarrean esandakoak berritu zituzten, neurri handi batean, atzokoan. EAJkoek Corrugados berriro martxan jartzeko "aukera indartsu bat" dagoela defendatu zuten, aukera hori "bai ala bai" Amueko eremuan gauzatu beharko litzatekeela, eta hori bideragarri egiteko lan batzorde baten beharra aldarrikatu zuten, "transparentziaren onerako". Alkateak mozioen bilkuran aurkeztu zien txostena hizpide hartuta –udaleko idazkariaren txosten juridikoa–, hura aztertu ondoren erabaki zuten EAJkoek gaia berriro osoko bilkurara eramatea, Amaia Etxeberria bozeramaileak atzo azaldu zuenez. Oposizioko taldearentzat, ez da nahikoa idazkariaren txostenak dioena Amueko aukera baztertzeko. Txostenari asmo bat ere egotzi diote EAJkoek: "Txosten horrek gauza bakarra egiten du: zehaztasun juridikoetan sartu gabe, interpretazio orokor batetik abiatuta, aukera guztiei ateak ixteko asmoa besterik ez du erakusten".

Nagore Alkorta alkateari zuzenduta, "herriarekin zintzo" jokatzea eskatu zioten EAJkoek, "egia esanez"; eta aipatutako batzordea sortzea eskatzearekin bat, galdera luzatu zion Etxeberriak, udala Corrugadosen lantegia Amuen martxan jartzeko "prest" egongo al litzatekeen argitzeko eskatuz "bai ala ez, erantzun horren arabera izango litzatekeelako batzorde teknikoa". Udalbatzarrera "eztabaidatzera ez" zela joan ere adierazi zuen saioan zehar Etxeberriak, bere taldeak egindako galdera zehatzaren erantzuna jasotzera baizik, eta izan beharreko eztabaidak eskatutako lan batzordean izango zituztela.

"Ez, argi eta garbi"

"Gezur baten gainean eraikitako demagogia ez dut onartzen. Gezur baten gainean demagogia erabiltzen denean, ez gara herritarrei inolako mesederik egiten ari. Badakizuenean ez dela jarduera hori martxan jarriko, esatea hainbeste lanpostu galduko direla eta zer ari garen arriskuan jartzen, uste dut ez dela ez zintzotasunez jokatzea, ez azpeitiarrei zor diegun errespetuarekin jokatzea". Hitz horiek zuzendu zizkien Nagore Alkorta alkateak EAJren udal taldeko kideei atzoko bere azken hitzartzean, bozketari ekin aurretik. Hori baino lehen, duela bi asteko udalbatzarrean leporatu zizkien gauza bertsuak aurpegiratu zizkien atzo ere Alkortak oposizioko kideei; eta orduan bezala, hainbat galdera egin zizkien.

Corrugados berrirekitzeko "proiektu errealik, egingarririk eta bideragarririk ez" dagoela esan zuen enegarrenez Alkortak, lantegia Amuen martxan jartzea ezinezkoa dela legez, eta ukatu egin zuen borondate politikoa tartean dagoela, lege baldintzak baizik. Idazkariaren txostenari dagokionez, harrituta agertu zen alkatea, EAJri idazkariaren txostena baloratzea "ez dagokiola" iritzita. Udal idazkariaren txostena udalean erabakiak hartzerakoan "loteslea" dela gogorarazi zien oposizioko kideei, eta txostenean jasota dagoela EAJk egiten duen planteamendua "ez dela legala". Hirigintza planeamenduaren aldaketaz Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren ordezkariekin hitz egin dutela gaineratu zuen Alkortak, eta horiek helarazi diotela Udal Gobernuari "ez dela egingarria" lurraldeko plangintza aldatzea; Azpeitiko hirigintza planeamendua –HAPO– aldatzeko, lurraldeko plangintza aldatu beharra dagoela azaldu zuen alkateak. "Nolatan esaten duzue HAPO aldatu behar dela, egingarria ez dela baldin badakizue?", galdetu zien jeltzaleen ordezkariei alkateak.

"Badakizue ez dagoela proiekturik, badakizue enpresak ez duela eskaerarik sartuko eta ez duela proiekturik aurkeztuko, eta badakizue Corrugados herrigunean ez dela martxan jarriko", bota zien Alkortak EAJkoei. Etxeberriak beren eskaera argudiatzerakoan egia esatea eskatzen ziola eta, "zuek noiz esan behar diezue egia azpeitiarrei?", galdetu zion alkateak oposizioko bozeramaileari. Oinarri sendorik gabe "zirku mediatikoa" sortu dute jeltzaleek Alkortaren ustez, eta Corrugadosen auzia dela-eta Udal Gobernuari egindako kritikekin "errealitatea desitxuratzea" bilatu dute, ekonomia suspertzeko bestelako egitasmoak ezkutatuz. "Ez gara sartuko inora ez garamatzan labirinto batean, ez dugu parte hartuko zirku mediatiko honetan eta ez dugu eskaera hori [lan batzordearena] onartuko. Prest al dagoen udala Amuen enpresa ahalbideratzera, bai ala ez? Prest al dagoen legez kontrakoa den erabaki bat mahai gainean jartzeko eta aztertzeko lan batzorde bat sortzeko? Ez, argi eta garbi esaten dut", erantzun zien alkateak EAJren eskaerari eta galderari.

Alkatearen erantzuna jakinda, gaia batzorde batean lantzeko aukerarik ez dutenez izango,, EAJren udal taldearen planteamendua jasotzen duen dokumentazioa udalbatzarraren aktan jasotzea eskatu zuen Etxeberriak, txosten horiek irakurri nahi dituzten herritarrek "eskuragarri" izan ditzaten.