Corrugados Azpeitia berrirekitzeko eskaera ofizialik ez duela jaso berretsi du Udal Gobernuak

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 28a, 16:02

Altzairu enpresak jarduera berreskuratzeko aukera dela-eta azken asteetan esandakoak eta egindakoak aurrez aurre eztabaidatu zituzten atzo EAJren eta EH Bilduren udal taldeek, gaiaren gainean batzuek zein besteek aurkeztutako mozioak tarteko; EH Bildurena onartu zuten. Udaleko idazkariak idatzitako txostenaren berri eman zuen alkateak, Corrugadosen jarduera Amuen berreskuratzea legez kanpokoa dela baieztatzeko. Bilkurako hitzartze guztiak jasotzen dituen bideoa, barruan.

Aspaldiko udalbatzarrik luzeena egin zuten atzo Azpeitian. Ordu eta erdi pasa luzatu zen bilkura eta denbora horren zatirik handiena, ordubete baino gehiago, hasierako lan zerrendan jasotako bederatzi puntuetako azkenak bete zituen: EAJren eta EH Bilduren udal taldeek Corrugadosen instalazioen inguruan aurkeztutako mozioen eztabaidak, hain zuzen. Gainera, deialdian aurreikusitako bi puntu hurrengo udalbatzarrera atzeratzea ere erabaki zuten.

Martxoko lehen asteburutik bolo-bolo ibili den kontuaren orain arteko azken atala izan zen atzoko udalbatzarra. Martxo hasieran, EAJren taldea, udal oposizioa, izan zen Corrugados berriz martxan jartzeko aukera plazaratu zuena, hedabideetan, "Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa duen sustatzaile talde baten asmoen berri izan eta gero", pilota nolabait Udal Gobernuaren teilatuan jarriz. Harrezkero, batzuen eta besteen adierazpenak, bilerak eta jarrera kontrajarriak azaleratu dira. Atzo, Azpeitiko EAJren eta EH Bilduren udal ordezkariak publikoki lehen aldiz aritu ziren eztabaidan Corrugadosen balizko irekieraren gainean, eta batzuen eta besteen aferari buruzko ikuspegiak elkarrengandik oso urruti daudela argi ikusi zen beste behin.

Udal Gobernuaren mozioa, aurrera

Atzo, talde bakoitzak bere mozioa irakurri ondoren iritsi zen eztabaidarako unea, eta amaieran bozketena. Ezustekorik ez zen egon, eta udalean gehiengo osoa duen EH Bilduren mozioa onartu zuen udalbatzarrak, EAJrena atzera botata; talde bakoitzak bere mozioaren alde eta bestearen kontra bozkatu zuen.

EAJren udal taldearen mozioa irakurri zuen lehendabizi Amaia Etxeberria jeltzaleen bozeramaileak, talde horren mozioa izan zelako udalbatzarrera aurkeztutako aurrena. Cristian Lay enpresak, Corrugados Azpeitiaren egungo jabeak, otsailaren 17an udalean aurkeztutako idatzia abiapuntu hartuta, udalak enpresak Amueko instalazioetan jarduera berrabiarazteko azaldutako interesari erantzun bat eman behar diola iritzi dio EAJren udal taldeak. Jeltzaleek bat egiten dute enpresaren eskaerarekin, eta jarduera Amueko instalazioetan berreskuratzea defendatzen dute,"Trukutxora lekualdatzeko helburuari uko egin gabe". EH Bilduren Udal Gobernuari leporatzen diote "jarrera politiko hutsetan oinarrituta eta udalbatzako kideek dagozkien txostenak eduki gabe" ari dela Amueko aukera baztertzen, eta hain zuzen, "txosten juridikoak eta hirigintzakoak udal taldeei bidaltzea" eskatzen zuen EAJk atzo aurkeztutako mozioarekin.

Nagore Alkorta alkateak irakurri zuen EH Bilduren udal taldearen mozioa. Udal Gobernua osatzen duen taldea atzoko mozioa "aurkeztera behartuta sentitu" dela dio EH Bilduren idatziak, "azken asteetan Corrugadosen gaiak hedabideetan sortu duen nahasmenaren eta, orain, EAJ taldeak gaiaren inguruan mozio bidez gaia astintzen jarraitzeko hartutako erabakiaren aurrean". Mozioan, Corrugados Azpeitia berrirekitzeko eskaera ofizialik ez duela jaso berretsi du Udal Gobernuak, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako azken bileran (martxoaren 31n) bi erakunde horietako ordezkariek gauza bera "konfirmatu" zutela gaineratu du mozioan: "Ez daukatela ez proiektu ekonomikorik, ezta lantegia martxan jarri ahal izateko proiektu teknikorik". Gaia hedabideetara bideratu izana "arduragabea" dela dio Udal Gobernuak. "Alderdikeriaz jokatu eta gaia modu interesatuan nahasteak kaltea eragin dio Azpeitiko herriari", EH Bilduren aburuz, eta "errespetua" eskatu du mozioan, bai udalaren autonomiarekiko, bai Azpeitiko herriarekiko.

Atzo udalbatzarrean aurkeztutako bi mozioak osorik irakur daitezke ondoko esteketan:

Udal idazkariaren txostena

Mozioen irakurketa ordenaren kontraeran hasi zuten idatzien eztabaida, eta, horrela, Alkortak hartu zuen hitza lehendabizi. Cristian Lay enpresak Amue eremuko lantegia berriz martxan jartzeko asmoa azaldu eta lehen bilera egin zutenetik, "iritsi gara apirilaren 27ra, bi hilabete eta bederatzi egun beranduago, existitzen ez den proiektu batetaz hitz egitera", nabarmendu zuen alkateak. Prozedura administratibo bat hasteko, interesa duen parteak "baldintza zehatz batzuk bete behar" dituela azaldu zuen alkateak, eta horiek betez gero, tramitera onartu behar duela udalak. Kasu honetan, "eskaera hori ez da existitzen", esan zuen Alkortak, "eta kontsulta bat ere ez daukagu".

Haserre eta gogor aritu zen Alkorta bere hitzartzean, eta harrituta, gaiak izan duen bilakaerarekin. EAJren udal taldearen jarrera gogor kritikatu zuen. "Zertaz ari gara hizketan?", galdetu zien oposizioko kideei alkateak: "Arantxa Tapiak eta Sustapen Ekonomikoko foru diputatu azpeitiarrak [Jabier Larrañaga] bileran errekonozitzen badigute proiekturik ez dagoela, zuek proiekturik baduzue?", bota zien EAJkoei, haiek aipatutako proiekturik bere mahaira ez dela iritsi azpimarratuz. Oposizioak Udal Gobernuari leporatu izan dion informazio falta dela eta, otsailaren 18az geroztik egin dituzten bilerak zerrendatu zituen Alkortak, eta baieztatu zuen bilera horietan momentuan zeukaten informazioa helarazi zietela jeltzaleen udal ordezkariei. EAJk bere mozioan egindako txosten eskaerari erantzunez, berriz, udal idazkariak osatutako txosten juridikoa eman zion alkateak oposizioari atzo, udalbatzarrean bertan. Corrugadosekin lotutako espediente administratiborik martxan egon gabe, "berez" txosten hori "eman beharrik ez" daukatela adierazi zuen Alkortak, baina aitortu zuen gaiaren bueltan sortu den "zalapartak eta zurrumurruak" bultzatu dutela Udal Gobernua idazkariari txostena eskatzera; idazkariarenaz gain, "beste aholkulari batzuei eta siderurgia enpresei" ere iritzia eskatu dietela esan zuen.

"Idazkariaren txostenak argi eta garbi esaten du ez dela bateragarria Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak esaten duenarekin Amuen, erdigunean, jarduera siderurgikoa martxan jartzea", azaldu zuen alkateak; gogoratu zuen udal idazkariaren txostenek "lege balioa" dutela, eta haren irizpideen eta ebazpenen kontrako erabakirik ezin dutela hartu udaleko ordezkari politikoek. "Zer ari zarete eskatzen alkateari? Prebarikatzeko?", galdetu zien jeltzaleei. Azpeitiko EAJk udalean aurkeztutako txosten juridikoa enpresak aurkeztutako bera dela ere leporatu zion Alkortak oposiozoko taldeari. Baita "gezurretan" aritzea, "espektatiba faltsuak sortzea" edota bestelako interesak defendatzea ere; EAJren goi ordezkariek afera honetan egindako adierazpenak aipatu zituen, besteak beste, alkateak.

Mozioa azken tresna gisa

Galdera asko eta zuzenak egin zizkien Alkortak jeltzaleei bere hitzartzean, baina alkateak bukatu arte ez zuen hartu hitza EAJren bozeramaileak. Behin eta berriz eskatu duten txostena eskuratzeko mozioa aurkeztu beharra "tristea" dela nabarmendu zuen Etxeberriak, eta behin eta berriz aipatu zuen ez zuela ulertzen udalak zergatik ez duen gaia batzorde batean landu. "Ez genuen uste mozio hau udalbatzarrean lantzera iritsiko ginenik", esan zuen. Gogoratu zuen jeltzaleek eskatzen zutela gaia udal barruko "batzorde informatibo batean" lantzea eta eztabaidatzea. Gaia batzordera ez eramateak, udal barruan eztabaidarik ez egoteak, "inpotentzia" eragin diela adierazi zuen Etxeberriak. Jeltzaleentzat, "garrantzitsua da enpresari honek planteatu duena". Cristian Layko jabeek udalari helarazitako agirian 400-500 lanposturen sorrera aipatzen dela eta, "herriarentzat apustu inportantea" dela uste dute, sustapen ekonomikoari begira egiten diren ahaleginen barruan kokatuta.

Udal Gobernuak Corrugados martxan jartzeko gaur-gaurkoz proiekturik ez dagoela berretsi arren, jabeek orain arte aurkeztutakoa gaia lantzen hasteko adina iruditzen zaie EAJkoei. Cristian Layk udalari aurkeztu dion txostenean Amueko eremuan jarduera industriala berrabiaratzeko aukeraz galdetzen duela azaldu zuen Etxeberriak, eta enpresak azaldu duen "interesa" kontuan hartuta, galdera horri erantzuteko galdegin dio Udal Gobernuari. "Uste dut enpresariak milioi batzuk inbertitzeko borondatea eta interesa jarri dituela, uste dut gaur egun ez dela txantxetan hartu behar enpresari bat udal batera etortzea eta herrian inbertsio bat egiteko bidea jartzen duenean", zioen Etxeberriak. Horrez gain, udalak bere esku dagoen guztia egin beharko luke, EAJren udal taldearen ustez, proiektu hori gauzagarria izateko; mozioan ziotena berreskuratuz, uneotan Corrugados martxan jartzeko aukera bakarra litzateke "bai ala bai" Amuen hastea.

Atzoko udalbatzarrea zuzenean eman zuten Uztarria.eus-ek eta Erlo Telebistak. Bideo honetan ikus daitezke, osorik, bilkurako hitzartze guztiak: