Hassana Aaliaren eta Hetra Boudjemaaren solasaldiarekin hasi da Gazte Astea

Maialen Etxaniz 2021ko api. 27a, 13:12

Atzo hasi zen Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Gazte Astea. Sahararen historia nahiz gaur egungo testuingurua izan zituzten hizpide, besteak beste, atzoko hitzaldian. Era berean, emakume sahararrek abiatutako borrokaz eta antolatzeko moduez ere aritu ziren atzokoan.

Gazte Astea martxan da. Atzo, astelehena, ekin zioten ezohiko Gazte Asteari Azpeitiko Gaztetxean Hassana Aaliaren eta Hetra Boudjemaaren solasaldiarekin. Sahararen historiaz, Fronte Polisarioaz, Marokoz, Argeliaz, komunikabideen rolaz, preso politikoez eta gaur egungo egoeraz aritu ziren solasean, besteak beste. Hassana Aalia aktibista sahararra zen atzoko hizlaria, baina azkenerako Boudjemaar ere animatu zen hitza hartzera, eta bere kideak emandako azalpenen gainean bere ekarpena egitera. Euskal Herrian bizi dira biak –Hetra Azpeitiko bizilaguna da–, eta Saharako borroka nola ikusten, interpretatzen eta ulertzen duten elkarbanatu zuten hitzaldira animatutako herritarrekin, haien galderei erantzunez. Alain Arruti aritu zen moderatzaile lanetan, hark ere ezagutzen baitu Sahararen auzia. 2015ean joan zen Arruti Saharara Azpeitiko eta Beizamako beste ki kiderekin batera, baina bigarren egunean kanporatu egin zituzten handik.

Testuinguruaren azalpen orokorra eman ostean, Boudjemaakek emakume sahararren borroka izan zuen hizpide, eta, besteak beste, beraiek dituzten antolakuntza markoez eta funtzionamenduaz mintzatu zen, baita orain arte egindako lanaz ere. Gaur egungo pandemia tarteko nahi duten beste lan egin ezin dutela aitortu zuen Azpeitiko bizilagunak, baina aurreratu zuen badutela martxan hasteko eta askotariko ekintzak egiteko asmoa. 

Gaur jarraituko dute Gazte Asterako prestatutako ekintzekin. Hain zuzen, Faxismoa: Arraza eta klase aldagaiak bere historian zehar hitzaldia eskainiko du Beñat Aldalurrek 18:00etan hasita. Hona hemen Urola Kostako Hitzak Aldalurri egindako elkarrizketa