Hetra Boudjemaa: "Marokok nahi duena egin dezake, nazioarteak ez ikusiarena egiten duen bitartean"

Julene Frantzesena 2020ko aza. 19a, 09:46
Hetra Boudjemaa. (Julene Frantzesena)

Hetra Boudjemaa (Tifarity, Sahara, 1977) Azpeitian bizi den saharar jatorriko herritarretako bat da. Kezkaz eta ezintasunez bizi du Saharan piztu den gerra, eta amorruz hitz egin du Marokok su-etenean hitzartutakoa ez duelako bete. Gaur elkarretaratzea izango da plazan, saharar herriari babesa agertzeko. Tindufeko kanpamenduetan errefuxiatuek bizi duten egoera larria dela azaldu du, COVID-19aren pandemia tarteko, giza laguntzarik ez delako iritsi aurten.

Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen zapatuan Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena. Nola hartu zenuen berria?

Batetik, ezintasun handiarekin, inoiz ez baikenuen berriro borroka armatura iritsi nahi. Gerra bizi izan dugun sahararrok badakigu zer den hori, tea ez genuen horretara iritsi nahi. Bestalde, amorruz. Amorru handiarekin hartu dut egoera, Marokok nahi duena egin dezakeelalako, nazioarteak ez ikusiarena egiten duen bitartean.

Zergatik hautsi dute su-etena eta piztu da gerra? Hau da, zer puntutara iritsi da egoera?

Azken asteetan asko gaiztotu da Mendebaldeko Saharako egoera. Marokoko militarrak herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guerguerat eskualdera sartu zirenean hasi zen dena. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometro ingurukoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen, sahararren protesta baketsu bat desegitera. Marokok 1991an sinatutako su-eteneko baldintzak apurtu zituela ulertuta, Fronte Polisarioak su-etena amaitutzat eman eta gerra deklarazioa egin zuen.

Fronte Polisarioa Marokok ilegalki eraikitakoa den eta Sahara bitan banatzen duen harresia bonbardatzen ari da ostiraletik.

Maroko, batez ere, lurralde okupatuetan bizi diren sahararrei ari da egurra ematen. Hango berririk ez da iristen, Marokok hori ere ederki asko kontrolatzen baitu.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) zer erantzukizun du guzti honetan? Eta Espainiak?

NBEari dagokio su-etenean sinatutakoa betearaztea eta han jasotzen den Sahararen autodeterminazio erreferenduma berme guztiekin egitea. Baina 1991tik ez du ezertxo ere egin. Espainiak, berriz, erantzunkizun historikoa dauka saharar herriarekin. Saharara Espainiaren kolonia izan zen, eta deskolonizazio prozesu negargarri baten ondorioz gaude oraindik gauden bezala. Izan ere, Espainiak Marokori saldu egin zion Sahara.

Ba al duzu Saharako herritarren berririk?

Bideoak-eta iristen dira, eta oilo ipurdia jartzen zait. Egoera honek noizbait Iritsi behar zuen, 29 urte daramatzagu itxoiten.

Saharar herriari babesa agertzeko mobilizazioak ari dira egiten han-hemenka Euskal Herrian. Gaur Azpeitian izango da. Zer balorazio egiten duzu jasotako babesaz?

Ikaragarria da Azpeitian beti jasotzen dugun babesa. Oso eskertuta gaude. Euskal Herriak oso ondo ulertzen du saharar herriaren errealitatea, eta agian, enpatia horregatik, beti oso ondo hartu izan dira gure aldarriak herri honetan. Herriko dozena bat eragilek adierazi diote babesa gaurko protestari, hala nola Elkar-Ekinek, Sortuk, Krisiaren Seme-alabakek, EH Bilduk, Ernaik, Basanderiek talde feministak, LABek, Eniarraitzek, Sanjuandeiko auzo elkarteak, Urrestillako festa batzordeak, Sokaitz eskalata elkarteak, Gaztetxeak... Guretzat ezinbestekoa da babes hori, aurrera jarraitzeko indarra ematen baitugu.

Zein da Tindufeko kanpamenduetako egoera?

45 urte daramatzagu desertuaren erdian, ezerezaren erdian, bizirauten. Baina aurtengoa bereziki urte gogorra izaten ari da kanpamenduetan. Izan ere, giza laguntza ez da ari iristen birusaren eraginez. Proiektu asko eta asko, tartean Oporrak Bakean bezelako programak, bertan behera geratu dira. Nazioarteko laguntza hori gabe kanpamenduetan ez dao zer eginik.

COVID-19ak zer eragin izan du eremu horretan?

Errefuxiatuen kanpamenduetako osasun baliabideak oso murritzak dira. Hango ospitaleak ez daude horrelako pandemia batentzat prestaturik. Kasuren bat edo beste izan da, baina zenbat ezin dugu zehazki jakin, ez baitaukagu PCRak eta horrelako probak egiteko baliabiderik. Segurtasun neurri asko hartu genituen hasieratik, mugak azkar itxi genituen.

Herritarrak nola ari dira bizitzen egoera?

Esango nuke beldurra eta etsipena direla nagusi. Birusari beldurra, alde batetik; izan ere, birusak kanpamenduetan gogor jotzen badu, galduta gaude. Baina aldi berean, etsipenetik ere bizi dugu egoera, pandemiaren izenean giza laguntza ez delako ari iristen eta kanpamenduetako egoera geroz eta lazgarriagoa delako. Ez dakit noiz arte iraun ahalko dugun horrela. Birusak hiltzen ez bagaitu, goseak hilko gaitu.

Osasun baliabiderik ba al dago han egoerari aurre egiteko?

Ez, ideia bat egiteko: ZIUko ohe bat bera ere ez daukagu. Hango osasun baliabideak oso-oso oinarrizkoak dira, batez ere, lankidetza proiektuen bidez lorturikoak. Khamar Azpeitiko elkarteak, adibidez, Auserd-eko ospitalera sendagaien bidalketa egin izan du azken hamar urtetan, hiru hilabetez behin. Hango ospitaleko medikuek falta zaizkien sendagaien zerrenda bidaltzen diote Khamarreko kideei, eta horiek sendagaiak eskuratu eta bidali egiten dituzte. Baina pandemia hasi zenetik ezin izan dute bidalketarik egin, mila modutan egiten saiatu diren arren.

Janari bilketak-eta egin dira Euskal Herrian, baina bildutako materiala ez da iritsi. Zer gertatu da?

Bai, urtero bezala otsailean atera ziren kamioiak Saharara, baina oraindik mugan geldituta dauzkate. Egia esan, ez dut oso ondo ulertzen horren zergatia. Aljeriak portu guztiak itxita dauzka oraindik... Ustet dut segurtasun neurri guztiak hartuta posible dela janaria kanpamenduetara iristea, baina... Azkenean, birusaren beldur, goseak hiltzera kondenatzen ari gara saharar errefuxiatuak.

Zer garrantzia du laguntza horrek?

Errefuxiatuen kanpamenduetan sahararrok antolatu nahi izan dugun erresistentzia gunea mantenezina litzateke lankidetza laguntzarik gabe. Han izan denak badaki zer dagoen: hondarra eta zerua besterik ez. Laguntzarik gabe, kanpamenduetako egoera asko zailtzen da. Orain, gainera, batez ere emakumeak, haurrak eta adinekoak gelditu dira kanpamenduetan, gizonezkoak gerran laguntzera joan baitira Fronte Polisarioak deituta.