Anne Lukin, Bulego, Immaculate Fools eta Eneritz Furyak izango dira datozen hilabeteetan Soreasun

Anartz Izagirre 2021ko mar. 25a, 15:30
Azkoitiko Bulego taldea.

Anne Lukin iruindarraren kontzertua apirilean izango da eta Bulego, Immaculate Fools zein Eneritz Furyak taldeenak maiatzean. Kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Kulturazen webgunean.

Datozen hilabeteetarako hainbat kontzertu iragarri ditu Kulturaz kooperatibak. Alde batetik, apirilaren 23an, ostirala, Anne Lukin Iruñeko abeslaria igoko Soreasuko agertokira. Espainiako Operacion Triunfo saioaren azken edizioan parte hartu zuen Lukinek, eta, ordutik, hainbat abesti atera ditu; besteak beste, Lento eta En el Chino de la Esquina kantuak egin dira ezagun.

Maiatzean, berriz, beste hiru kontzertu izango dira entzuleen gozamenerako. Maiatzaren 1ean, larunbata, Bulego taldearen txanda izango da. Azkoitiko taldeak indartsu ekin zion ibilbideari joan zen urtean, eta Hegan abestia ezagun bilakatu zen segituan Euskal Herri osoan. Ordutik, beste hainbat abesti atera ditu taldeak, eta horietako hainbat taularatuko dituzte.

Bestalde, Immaculate Fools igoko da maiatzaren 8an Soreasuko agertokira. Britania Handiko taldeak joan zen urtean eskaini behar zuen kontzertua Jotakie taldearekin batera, baina osasun krisia zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia. Ibilbide oparoa izan du taldeak urte hauetan guztietan, eta hainbat disko ondu dituzte. Maiatza ondo biribiltzeko, berriz, Eneritz Furyaken kontzertua izango da, maiatzaren 15ean, hain justu. Iruneko (Gipuzkoa) abeslariak Emadan disko berria kaleratu du aurten, eta lan berriko abestiak zein aurreko diskoetakoak taularatuko ditu.

Emanaldi guztiak Soreasu antzokian izango dira, 19:00etan hasita. Anne Lukinen kontzertuko sarrerak ez ezik, beste kontzertu guztietakoak eskuragarri daude dagoeneko Kulturazen webgunean.

Honako hau Eneritz Furyaken Sinkropredazioa abestiaren bideoklipa da: