Bertan behera utzi dituzte Immaculate Foolsen eta Jotakieren kontzertuak, segurtasun irizpideak betetzeko zailtasunak tarteko

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 14a, 20:00

Kulturazek jakinarazi duenez, Azpeitiko zezen plazan "tamaina horretako" ekitaldi bat egiteko Eusko Jaurlaritzak eskatutako segurtasun irizpideak betetzea "ezinezkoa" delako utzi dute emanaldia bertan behera. Kontzertuetarako sarrerak erosi zituzten herritarrek txartelak itzultzeko aukera izango dute. Kooperatibak aurreratu du aurrera begira "epe motz-ertainean" bi taldeak Azpeitian oholtza gainean ikusteko aukera izango dela. 

Bertan behera utzi dituzte Jotakie eta Immaculate Fools musika taldeak zapatuan Azpeitiko zezen plazan eskaintzekoak ziren kontzertuak, gaur-gaurkoz zezen plazan "tamaina horretako ekitaldi batentzat" eskatzen diren segurtasun irizpideak betetzea "ezinezkoa" delako. Horrela jakinarazi du gaur Kulturaz kooperatibak.

Kulturazek azaldu duenez, Jotakieren eta Immaculate Foolsen kontzertuak zezen plazan eskaintzeko jarraitu beharreko segurtasun neurriak betetzeko zailtasunak tarteko utzi dute bertan behera zapaturako programatutako hitzordua. "Ikuskizuna osasun eta segurtasun baldintza guztiak beteta gauzatzeko segurtasun protokolo zorrotza prestatu genuen, eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren Joko eta Ikuskizunen departamentuan aurkeztu genuen aspaldi. Lanean aritu gara neurri guztiak modu egokian bete ahal izateko, baina ezinezkoa izan da eskakizun guztiak betetzea", jakinarazi du Kulturazek. Joan zen ostiralean izan zuten Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren berri:  "Behin betiko ezezko erantzuna joan den ostiralean jaso genuen. Beste hainbat aukera eta leku posible aztertu ditugu azken egunetan, baina faktore desberdinak zirela medio, kontzertuak bertan behera uztea beste aukerarik ez da egon".

Kooperatibak aurreratu du aurrera begira "epe motz-ertainean" bi taldeak Azpeitian oholtza gainean ikusteko aukera izango dela. 

Daten gorabeherak eta sarrerak

Hasiera batean martxoaren 20an Sanagustin kulturgunean ziren kontzertuak eskaintzekoak Jotakie eta Immaculate Fools, baina sarrerak berehala agortu zirela ikusita, beste hitzordu bat programatu zuen Kulturazek martxoaren 21erako. Hori horrela, bi egunetan jarraian ziren zuzenekoak eskaintzekoak Jotakie eta Immaculate Fools. Baina COVID-19aren pandemia eta konfinamendua tarteko, antolatutako kultur ekitaldi guztiak atzeratu behar izan zituzten. Kulturazek duela hilabete inguru jakinarazi zuen Immaculate Fools eta Jotakieren kontzertuek data eta leku berria zutela: irailaren 19a, Azpeitiko zezen plazan. Osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko eta bi emanaldiak egun eta leku berean egitea ahalbidetzeko helburuz aldatu zuten kontzertuen kokalekua. Sarrera guztiak agortu ziren emanaldietarako. 

Kontzertuak bertan behera gelditu direnez, sarrera guztiak itzultzea erabaki du Kulturaz kooperatibak. Beraz, martxoaren 20ko eta 21eko emanaldietarako sarrerak zituztenek nahiz gero zezen plazan ikusteko sarrerak erosi zituztenek txartelak itzultzeko aukera izango dute. Kulturazek jakitera eman duenez, sarrera Internet bidez erosita zutenei automatikoki itzuliko zaie dirua. Sarrera fisikoak erosi zituztenek, aldiz, Sanagustin kulturgunera jo beharko dute.