Landaola saria irabazi du Enkarguk egitasmoak

Mailo Oiarzabal 2021ko mar. 5a, 12:51
Lore Gartziarena, Bingen Olano, Xabier Aldalur eta Usoa Etxeberria, Enkarguk egitasmoaren kideak, Landaola sariarekin. (Bertan)

Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei aitortza egiteko sarietan, erakunde pribatuek sustatutako proiektuen ataleko saria jaso du Bertan merkatarien elkarteak Enkarguk-ekin.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak laugarren Landaola sariak banatu ditu gaur, eta erakunde pribatuek sustatutako proiektuen saria jaso du Bertan merkatarien elkarteak, Enkarguk egitasmoari esker. Erakunde pribatuek sustatutako saria jasotzeko bost hautagaietako bat zen Enkarguk. Fede Pacha eta Gure Elikagai ekimena, Etxezuri eta Latxa Energy egitasmoa, Iñaki Arregiren Urbizixa proiektua, eta Abaroa eta Baztarrika baserrien merkaturatze berriak izan ditu lehiakide Azpeitiko egitasmoak.

Erakunde publikoek sustatuko proiektuen atalean, berriz, Oiartzungo Udalarentzat izan da aurtengo Landaola saria, Lurrbizi proiektua dela eta. Leintz-Gatzagako eta Zeraingo udalak, eta COVID-19aren garaian azokak zabalik mantentzeko apustua egin duten udal guztiak ere izendatuta zeuden atal honetan.

Beste bi aitortza ere egin ditu aurten Landaola federazioak. Horrela, Emakumeak Landa Eremuan saria Gabiriako (Gipuzkoa) Baztarrika baserriko emakumeek jaso dute, belaunaldiz belaunaldiko transmisio lanagatik, besteak beste. Azkenik, Urteetako Ibilbideari saria Joxe Landarentzako izan da. Azken urteetan eguraldi gizon gisa ezagun egin da Landa hainbat komunikabidetan egiten dituen kolaborazioengatik, baina lehen sektorean hainbat kooperatiba eta erakunderen sorreran ibilitakoa da; Itziarko Ineko kooperatiba, Gurelesa, EHNE eta Lurgintza daude horien artean.

Aurrez aurreko ekitaldirik ez dute egin aurten, eta bideoz hartu dute parte sarituek.

Enkarguk, hazten ari den proiektua

Azpeitiko Udalaren eta herriko merkatarien nahiz ekoizleen elkarlanetik sortutako proiektu pilotua da Enkarguk, herriko saltokiei salmenta bide berriak garatzen laguntzeko helburuarekin. Zerbitzu horren bidez, Whatsappez edo telefonoz erosketak egin eta produktuak etxean, saltokian edo Azoka Plazan dagoen kontsignan jaso ditzakete herritarrek.

Hasieran, elikadura arloko saltokiek nahiz azokako postuek soilik parte hartzen zuten egitasmoan. Otsailaren hasieran, Bertan merkatarien elkarteko saltokiak ere batu ziren egitasmora, eta, beraz, denda horietakoren batean erosketa egin eta produktuak etxean jasotzeko aukera dute herritarrek. Orain, baina, Bertan elkartean ez dauden saltokiei ere zabaldu zaie zerbitzura batzeko aukera.

Informazio gehiago nahi duenak Enkarguk egitasmoaren webgunea bisita dezake.

Iaz, beste sari bat

Iaz ere saritu zuten Azpeitiko proiektu bat Landaola sarietan. 2020an, sarien hirugarren edizioan, Azpeitiko Udalarentzat izan zen erakunde publikoek sustatutako proiektuen ataleko saria, Aratzerrekako ura garbitzeko sistema naturalari esker.