Martxan da Enkarguk, Whatsapp bidez erosketak egiteko zerbitzua

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 2a, 10:52
Enkarguk egitasmoaren arduradunak, Urkomeko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak, herriko saltokietako kideak eta ekoizleak.

Etxean, saltokian edo kontsignan jaso ahalko dira eskuko telefonoarekin egindako erosketak. Herriko merkataritza indartu nahi dute, teknologia berriak baliatuz. Azpeitiko Udalak bultzatu du proiektua, eta astelehenetik aurrera egin ahalko dira eskariak.

Herriko merkataritza eta lehen sektorea indartzea helburu dituen zerbitzu berri bat aurkeztu dute Azpeitian: Enkarguk, hain zuzen ere. Azpeitiko Udalaren eta herriko merkatarien nahiz ekoizleen elkarlanetik sortu den proiektu pilotua da, eta elikadura arloko saltokiei nahiz azokako postuei salmenta bide berriak garatzen lagundu nahi die. Azpeitiko Udala da proiektuaren bultzatzaile nagusia, baina Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du egitasmoa, eta Urkomek ere babestu du. 

Xabier Aldalur Bertan merkatarien elkarteko teknikariak azaldu ditu zerbitzuaren nondik norakoak. "Zerbitzuak herritarrei ahalbidetuko die herriko elikadura saltokietan eta azokako postuetan erosketak egitea, Whatsapp bidez. Gainera, erosketa hori modu erosoan eta errazean jasotzeko eta ordaintzeko aukera emango du Enkarguk proiektuak". Zehatzago esanda, Whatsappez herritarren eskaerak jasotzean, parte hartzen duten saltokiekin edo ekoizleekin koordinatuko da Enkarguk, eta, ondoren, banatzaileak etxez etxe eramango ditu erosketak triziklo elektrikoan; produktuak kontsignan edo saltokian bertan entregatzeko aukera ere egongo da.

Hasieran, herriko hamasei dendak eta azokako hamahiru ekoizlek parte hartuko dute egitasmoan. Zerbitzua herritar guztiei zuzenduta badago ere, herriguneko bizilagunei soilik eskainiko zaie etxerainoko banaketa, Usoa Etxeberria Enkarguk egitasmoaren arduradunak azaldu duenez. "Proiektu pilotua izanik, herrigunetik kanpo gelditzen diren auzoetan ez da etxerainoko zerbitzua eskainiko. Hala ere, egitasmoan parte har dezakete auzoetan bizi direnek, eta horiek, kontsignan edo saltokian jasoko dituzte enkarguak".

Honako telefono zenbaki honetara egin beharko dira Whatsapp bidez eskaerak: 688 81 87 77. Goizez egindako eskaerak arratsaldean jasoko ditu bezeroak, eta, aldiz, arratsaldez eskatutakoak, hurrengo goizean. Bi ordu ezarri dituzte goiza eta arratsaldea banatzeko: 08:00 eta 14:00. Era berean, astearte goizean eta arratsaldean banatuko dituzte azokako produktuak; beraz, astearteko 08:00 baino lehenago eskatu beharko dira azokako ekoizleen elikagaiak. 

Astelehenean, martxan

Datorren astelehenean jarriko dute martxan Enkarguk zerbitzua; hau da, astelehen goizean egin ahal izango dira lehen eskaerak. Etxeberriaren arabera, argi dute zerbitzua azpeitiarren bizi ohitura berrietara egokitzen dela. "Baina garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek egitasmoa babestea. Saltokiek eta ekoizleek behar dituzte azpeitiarrak, eta ordainetan, herritarrek garaiko produktu ezin hobeak jasoko dituzte". 

Bertaneko teknikariaren arabera, hainbat onura ekarriko ditu zerbitzuak: Azpeitiko saltokietako kontsumoa eta tokiko produktuak indartzea, kontsumo eredu jasangarria sustatzea, herrian erosteari balio erantsia ematea, lehenengo eta hirugarren sektorean ekintzailetza sustatzea eta erreferentziazko egitasmoa bilakatzea.

Hark uste du, gainera, ondo egokitzen dela proiektua gaur egungo egoerara: "Egungo osasun krisiak zerbait irakatsi badigu, egoera berrira egokitzen ikasi behar dugula izan da. COVID-19aren hedapenaren aurrean har genezakeen neurri egokienetakoa da Enkarguk martxan jartzea, herritar askoren beharrak asetzen dituelako. Familien, adinekoen edo mugikortasun mugatua duten pertsonen beharrei erantzuten die egitasmoak, erosketak egiteko erraztasunak eskainiz. Ezin dugu ahaztu, ordea, proiektu pilotua dela, eta, ondorioz,  pauso egokiak eman diren ikusi beharko dela hasieran. Jarraian, neurri zuzentzaileak hartzen joango gara pausoz pauso".

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea pozik azaldu da proiektua herriko ekonomiari bultzada emateko aproposa izango delako. "Azpeitiko Udalak herriko ekonomia eta, zehazki, merkataritza zein lehen sektorea bultzatzeko duen estrategiaren parte da Enkarguk zerbitzua. Itxialdiaren ostean sektore horri emandako dirulaguntzen, kontsumoa sustatzeko Azpeitia Zaindu bonuen eta ekonomia sustatzeko laguntzen ildotik, proiektu honek ere herriko merkataritza indartsu mantentzea du helburu, Azpeitian erostea erakargarria eginez bezeroentzat". Haren ustez, teknologia berriek sortu dituzten aukerak baliatuz, gizarteak dituen beharrak asetzeko egitasmo "aparta" da Enkarguk. 

Proiektuaren inguruan informazio gehiago eskuratu nahi duenak Enkarguk.eus webgunera jo edo egitasmoaren Facebook eta Instagram kontuak bisita ditzake.