Landaola saria jaso du Aratzerrekako ura garbitzeko sistema naturalaren proiektuak

Uztarria.eus 2020ko ots. 7a, 14:24
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak gaur eguerdian banatu ditu Landaola sariak Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria jaso du Aratzerrekako egitasmoak. Nagore Alkorta alkateak jaso du saria.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak gaur eguerdian banatu ditu Landaola sariak, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Otalora jauregian, eta erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria jaso du Azpeitiko Udalak Aratzerrekan iaz jarri zuen ura garbitzeko fitoarazketa sistema naturalak. Hain justu, araztegi faltari aterabidea emateko jarri zuten ur arazketa sistema martxan, hezegune artifizialetan oinarrituta.

Nagore Alkorta alkateak jaso du Landaola saria, eta udalak Aratzerrekako proiektuarekin bi helburu nagusi izan dituela adierazi du hark hitzartzean: "Alde batetik, Aratzerreka bezalako landa eremuko auzo txiki bateko ur zikinen arazoari irtenbide naturala ematea nahi izan dugu. Eta, bestetik, herriko enpresa batek –kasu honetan, Kimu Batek–, I+Dan eginiko apustu bati segida eman eta prototipoa probatu dugu. Horrela, herriko enpresen ideia berrien garapena ahalbideratu dugu, ekonomian eta lanpostuak sortzen ere eragin dezakegulako".

Aratzerrekako ur zikinei irtenbidea emateko asmoz, ur zikinak modu naturalean eta ekologikoan arazteko azpiegitura jarri zuen udalak 2019an, urtebete lehenago Xoxoteko mendiko aterpetxean egin zuen bezala. Xoxoteko fitoarazketa azpiegiturarekin aterpetxearen ur zikinei irtenbidea ematea zen helburua, eta Aratzerrekakoarekin, pauso bat gehiago eman zuen udalak: "Taberna bat ere baduen auzo txiki bateko ur zikinei irtenbidea emateko modu natural eta ekologikoa bilatu dugu. Azpiegitura 30 bat lagun bizi diren guneetarako prestatuta dago", gaineratu du Alkortak. Fitoarazketa bezalako eredu ekologikoen aldeko "apustu sendoa" egin duela nabarmendu du udalak.

Prozesu naturala eta ekologikoa

Fitoarazketaren bidez, uretan dauden landareekin prozesu biologiko eta fisiko-kimikoak garatuz, hondakin uretan dauden elementu kutsagarriak murrizten edota desagerrarazten dira. Aratzerrekako araztegiak bi hezegune nagusi ditu, eta txandakatuz funtzionatzen dute. Landareen zikinkeriaren %20 jaten dute; ondoren, mikroorganismoen bidez txikitzen da gainontzeko guztia. Uraren kalitatearen kontrola ere eramaten da, sarreran eta bukaeran neurtuz.

Alkorta gustura azaldu da araztegiaren alde egindako apustuarekin: "Emaitza onak lortu ditugu. Ur zikinak modu naturalean kudeatzen ditu auzoak, eta auzotarrak nahiz gu gustura gaude. Herrian bertan sortu eta garatutako enpresen ideiekin egin dugu proiektua, modu natural eta ekologikoan". Proiektuaren atzean dagoen guztia gogorarazi eta sariagatik eskerrak emanez amaitu du hitzartzea Alktortak.

Aratzerrekako egitasmoarekin batera, beste bost proiektu zeuden izendatuta saria jasotzeko: San Markos mankomunitatearen Agroaldea egitasmoa, Leintz Gatzagako gatz ekoizpenerako proiektua, Itziarko Elurzulo eta Auzolana egitasmoa, Berastegiko Udalaren larre komunalen proiektua eta Idiazabalgo Udalak lehen sektorean gauzatu duen lana.

Ez da Azpeitiko Udalak martxan jarritako proiektu bat Landaola sarietarako hautagai izendatzen duten lehen aldia. Izan ere, 2018an, sarien lehen edizioan, Azoka Plazaren proiektua hautagaien artean izan zen, baina ez zuen saririk eskuratu