'Schubert nunca trabajo en justicia' liburuko ilustrazioen erakusketa, ikusgai Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 23a, 09:39

Miren Alcedok idatzitako liburua ilustrazioz jantzi du Marisa Gutierrez artistak, eta hark egindako lanak ikusgai daude atzotik Azpeitiko Emakumeen Txokoan. 

Ikusgai dago jada Marisa Gutierrez artistak Miren Alcedo antropologoak idatzitako Schubert nunca trabajo en justicia libururako egindako ilustrazioen erakusketa Emakumeen Txokoan.

Atzo jarri zituzten hormetatik zintzilik Gutierrezek egindako lanak, eta martxoaren 10era bitartean izango dira ikusgai Emakumeen Txokoko ohiko ordutegian: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Collage teknika da sortzaileak gehien erabiltzen duen teknika, baina bestelako ilustrazioak ere sortu ditu emakume funtzionarioek justizia administrazioan duten egunerokoan oinarritutako fikziozko lana irudiz janzteko, eta bi estiloak uztartuta osatu du erakusketa. 

Erakusketaren azken egunean, martxoaren 10ean, Schubert nunca trabajo en justicia liburuaren egile Miren Alcedok solasaldia eskainiko du Emakumeen Txokoan 18:30ean hasita, ilustrazioen erakusketari amaiera borobila emateko.