Miren Alcedo: "Zoritxarrez, herritar guztiek legearen aurrean duten berdintasuna propaganda besterik ez da"

Julene Frantzesena 2020ko abe. 21a, 14:41
Miren Alcedo.

Schubert nunca trabajo en Justicia fikziozko liburua kaleratu du Miren Alcedo (Portugalete, Bizkaia, 1963) antropologoak. Errealitatean oinarritutako kontakizuna ondu du Azpeitiko bizilagunak, eta hain zuzen ere, errealitate horri buruz luze hitz egin du Uztarria.eus-ekin.

Ez da kaleratu duzun lehen liburua, baina bai fikziozko aurrena. Zergatik aukeratu duzu genero hori?

Ez dut aukeratu, atera egin zait. Egun batean lankide batek galdetu zidan zenbat aldiz egin nuen negar justizia administrazioan lanean hasi nintzenetik. Galdera buruan geratu zitzaidan, eta arratsalde hartan pasadizo hori ipuin batean jaso nuen. Idatzi ondoren hunkituta eta lehen baino hobeto sentitu nintzen, eta hurrengo egunean ariketa errepikatu egin nuen beste ipuin batekin. Sentsazioa oso ona izan zenez, harago joan nintzen: nire buruari justizia administrazioa nolakoa zen azaltzen saiatu nahi nuen. Egia esan, epaitegietan urte dezente neramatzan, eta artean lehendabiziko urteko harridura eta egonezina sentitzen nituen. Askotan mundu ankerra da, eta zergatia jakin nahi nuen. Argi neukan behar nuen azalpena ez zela saiakeraren formakoa izango, ipuin bilduma formakoa baizik. Prozesu sendagarria izan zen niretzat, idatzita nolabaiteko bakea lortu nuen eta. Nahiz eta testua gogorra izan, sortzeko bidea sendagarria eta alaia ere izan zen.

Gaia ez da fikziozkoa, beraz.

Gaia errealitatean oinarrituta dago. Ez da hitzez hitzeko transkripzioa, nire irakurketa kritikoa baizik. Gainera, umorezko interpretazioa bilatu dut batzuetan, errealitatea oso mingotsa delako. Baina errealitate baterako leihoa da. Beste gauza bat da liburuaren protagonistak –Carmiña, Karmele, Karmentxu– benetakoak direla pentsatzea. Ez dira benetako pertsonak, pertsonaiak baizik, eta horietan nire eskarmentuak –ilusioak, atsekabeak eta haserreak– islatzen ditut.

Zer du, baina, egiazkotik lanak?

Giro orokorra. Gure bulegoetara iristen diren salaketetan, demandetan eta atestatuetan desadostasuna, gatazka eta batzuetan bortizkeria agertzen dira. Jendea gaizki, deseroso edo minduta etortzen zaigu, eta gehienetan, halaxe ateratzen da epaitegietatik, auzia galdu duelako, edo nahiz eta irabazi, ez duelako lortu nahi zuena. Gainera, justizia administrazioak gatazka berriak sortzen ditu batzuetan. Esan liteke epaitegietan mina dela protagonista: herritarrek ekarritako mina eta justizia administrazioak berak eragindakoa. Egiazkotik ere atera ditut ezaugarri jakin batzuk: inpartzialtasunez mozorrotutako enpatia falta, muturrera eramanda, krudelkeria bihur daitekeena. Hori ikus dezakegu bai ebazpen judizialetan, bai publikoari ematen diogun tratuan.

Botere judiziala izugarrizko boterea da: gizakien bizitzak desegin ditzake, haien etorkizunak baldintzatzen ditu. Azken bolada honetan ikusi dugu epaile batzuek gobernuak nola desegiten edo presidenteak gaitasunik gabe nola uzten dituen. Jainko zibilak dira epaileak. Jainkoak eta demokrazia ez dira beti ondo konpontzen. Demokrazia eza goitik behera islatzen da. Gure lanean berehala konturatzen gara hierarkiak duen garrantziaz: judizio aretoetan eta lan harremanetan. Langile guztiak egitura antolatu batean sartuta gaude, hainbat aldagairen arabera: kidegoa, antzinatasuna, titulartasuna edo bitartekotasuna. Lana antolatzeko bilerak urriak dira edo ez dira existitzen. Azkenean, dena agintean eta obedientzian laburbiltzen da. Lankideen aurrean nagusi bati aurre egitea izan daiteke hutsegiterik larrienetako bat, eta lanpostu galerarekin zigor daiteke. Hierarkiak eta giroko minak bustitzen gaituzte, eta horiek lan harremanetan agertzen dira.

Emakume funtzionarioek justizia administrazioan bizi duten egunerokoa aukeratu duzu gai gisa. Zergatik?

Nire errealitatea ulertzeko eta bakea lortzeko. Lanean ikusten ditudanak ez dira bitxikeriak soilik, lanean botere sistema ikusten dut. Botere sistema hori ulertu nahi nuen.

Ia langile guztiak emakumeak zarete lan arlo horretan. Justizia administrazioa prostibulo batekin alderatzen duzu liburuan. Zergatik?

Metafora erraza zelako. Bi esanahi izan ditzake: alde batetik, langileok han saltzen dugula gure lan indarra soldata baten truke; hori edozein lantokitan gerta daiteke. Baina, gainera, askotan ikusten da nola merkantilizatzen den justizia bera. Teorian justizia ezin da erosi, baina batzuetan ematen du boteretsuen menpe dagoela. Beste gai bat da arlo feminizatua dela. Hau da, tropa, langile arrunt gehienak emakumeak gara, eta emakume izateagatik, mendeko eta zerbitzari papera ematen digu ortodoxia ofizialak. Orain hierarkiaren goiko postuetan sartzen ari dira emakumeak, baina balioak oraindik patriarkalak dira, eta horrek eragin handia dauka ebazpen judizialetan eta mostradorean erabiltzaileek guri emandako tratuan.

Epaitegietako elkarbizitza klasista, matxista, arrazista … dela jaso duzu liburuan. Hala al da?

Tamalez, halakoxea da. Justizia administrazioa xumeenei eta babesgabeko pertsonei babesa emateko existitzen da, indartsuenak beti indarrez ez dezan inposatu. Baina hango ideologia nagusiak kolektibo batzuk babesten ez dituztenen balioak ditu, eta hori islatu egiten da: emakumeak, etorkin pobreak edo desberdinak direnak izan ohi dira kaltetuak. Arlo askotan, gizartea justizia administrazioaren eta legediaren aurretik omen doa.

Dena den, justizia administrazioak ez al du herritar guztiek legearen aurrean eskubide berberak izatea bermatu behar?

Teorian bai, baina gero ikusten dugu neurtzeko makil ezberdinak daudela, eta horretaz konturatzeko ez da beharrezkoa epaitegian lan egitea. Adibidez, norbaitek bere jabetzako lokal bat okupatu duela salatzen badu –nola erabiltzen duen alde batera utzita–, epaitegiko makineria osoa martxan jartzen da jabetzan berrezartzeko; edo emakume batek sexu eraso baten biktima izan dela salatzen badu, pertsona zintzoa eta ohoragarria dela eta erasoa berak ez duela eragin frogatu behar du. Era berean, delitu batzuk ez dira epaitegietara iristen, fiskaltzak eta poliziak ez dutelako ikertzeko bidea irekitzen. Kobrezko hari lapurretak maizago ikertzen dira, milioi askoko iruzurrak baino. Horrez gain, legea modu ezberdinean aplikatzen da interesdunaren arraza, klase soziala, jatorria edota generoa kontuan hartuta. Lehen hierarkiaren garrantzia aipatu dut, eta erabiltzaileen artean ere badaude pariak eta brahmanak. Zoritxarrez, herritar guztiek legearen aurrean duten berdintasuna propaganda besterik ez da.

Espainiako Estatuaren isla al da justizia administrazioaren nolakotasuna?

Justizia administrazioa ez da bakarra, eta epaileak ez dira berdinak leku guztietan. Hori Kataluniako proces delakoaren protagonistek jaso duten tratamendu judizialean ikusi dugu. Oso ezberdina izan da Kataluniako epaitegietan edo Espainiako Auzitegi Gorenean epaitzea, eta seguru nago oso ezberdina dela Mostoleseko [Madril, Espainia] epaitegiko giroa edo Espainiako Auzitegi Nazionalekoa. Era berean talante asko ere aurkitzen ditugu: epaile eta funtzionario irekiak, feministak eta ezkerrekoak ere badaude. Baina medioetan azaltzen direnak eta izutzen gaituztenak besteak dira: protagonismo politikoa hartzen dutenak, botere betearazlea eta legegilea inbaditu eta manipulatu nahi dutenak, herritar batzuk etsaiak balira bezala tratatzen dituztenak edo bortxatutako emakume batek parranda egin duela diotenak. Baina zorionez, justizia administrazioan aniztasuna dago: jurista batzuk lan isila eta aurrerakoia egiten ari dira; funtzionario askorentzat herritarrak ez dira traba eta borondate onenarekin laguntzen saiatzen dira. Aniztasun hori Espainiako Estatu osoko instituzioetan egotea espero dut.

Izenburua deigarria da: Schubert nunca trabajo en Justicia. Zer dela eta aukeratu duzu izenburu hori?

Lanean ezintasuna sentitzen dut askotan. Orain egoera beste era batean kudeatzen ikasi dut, baina denbora luze batean aurikularrak jartzen nituen Schubert entzuteko. Nire lanpostuan jarraitzeko aukera ematen zidan kontsolamendu modu bat zen hori. Entzuten nuen bitartean, beti zera pentsatzen nuen: Schubertek justizia administrazioan lan egin izan balu, hainbeste min ikusi behar izan balu eta hainbeste injustiziaren konplize izan balitz, ezin izango zukeela musika eder hura konposatu.