Nahia Sololuze: "Nire aita eroan egin didate"

'Berria' egunkaria 2021ko ots. 4a, 09:01

Atzo estreinatu zuen Berriak Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra. Otsailaren 6an da urtebete Zaldibarko zabortegia jausi eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituela, eta horregatik ekoiztu dute lana. Nahia Sololuze da ikus-entzunezkoaren protagonistetako bat.

Otsailaren 6an da urtebete Zaldibarko zabortegia jausi eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatu zituela. Urteurrena gogoratzeko, Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra ekoitzi du Berriak, eta atzo estreinatu zuen bere webgunean. Orain, Uztarria.eus-en ere ikus daiteke.

2020ko otsailaren 6tik 16rako egunak nolakoak izan ziren gogoratu dute hiru protagonista hauek: Nahia Sololuze, Azpeitiko bizilaguna eta Alberto Sololuze hildako langilearen alaba; Oskar Morales, Eitzaga auzoko bizilaguna; eta Iñaki Petxarroman, Berriako kazetaria. Dokumentala, berriz, Nagore Arinek, Lara Madinabeitiak eta Jon Ordoñezek egin dute.

Berria TBko lantaldea Zaldibarren eta Azpeitian (Gipuzkoa) izan da dokumentala grabatzen, eta 25 minutuko ekoizpen bat da lan horren emaitza. Hiru protagonistek ikuspuntu desberdinetatik ikusi zuten egun horietan gertatutakoa, eta hala jaso da dokumentalean ere.