Nahia Sololuze: "Berriz halakorik ez gertatzea da nahi dudan gauza bakarra"

Julene Frantzesena 2020ko ira. 3a, 16:01
Nahia Sololuze artxiboko irudi batean.

Zaldibarko zabortegian izandako lur jausiak azpian harrapatu zuen Alberto Sololuze. Haren hezurrak aurkitu izanak aurrera egiten lagunduko diela uste du Nahia alabak. Azpeitiko bizilagunak bizi duten egoeraz hitz egin du.

Zaldibarko lur jausia izan zenetik sei hilabete igarota zirela, abuztuaren 17an eta 18an, aurkitu zituzten Alberto Sololuzeren hezurrak zabortegi hartan. Hilabeteetako errusiar mendia gelditu den honetan, “ondo” dagoela dio Nahia Sololuzek (Durango, Bizkaia, 1987).

Abuztuaren 17an aurkitu zuten zure aitaren hezur bat Zaldibarko zabortegian. Zer sentitu zenuen?

Hasieran, ez genekien aurkitu zuten hezurra aitarena zenik, baina nik susmoa banuen. Hezur bat bilatu zutela esan ziguten aurrena, gero pertsona baten hezurra zela. Egia esan, poza sentitu nuen, alde batetik, eta tristura, bestetik. Emozio handiko unea izan zen.

Nola jakin zenuen hezur bat aurkitu zutela?

Egunero kontaktuan egon garen pertsonak deitu zidan; hark esan zidan hezurra aurkitu zutela.

Espero al zenuen halako deirik jasotzerik?

Nik ez neukan esperantza galduta; inguruko jende askok eta amak bai, ordea. “Orain dela ehun urteko hezurrak-eta aurkitzen baldin badituzte, zergatik ez dituzte orain dela sei hilabeteko hezurrak topatuko?”, esaten nuen nik.

Zer esan nahi du zuretzat hezurrak topatu izanak?

Dena. Aita ez dela zabor artean egongo jakitea ja… Kontua da aita ez zegoela mendian edo ez dakit non; zabortegi batean zegoen, zabor artean, eta han egotea zen nahi nuen azkena. Jendea mendira edo hilerrira joaten da beren artean ez daudenekin egotera, eta nik ez nuen nahi zabortegi batera joan aitarekin egotera. Garbi nuen: ez dut inoiz gehiago joan nahi zabortegira, oroitzapen txarrak ekartzen dizkidalako. Orain egon behar duen tokian egongo da, bai bisitan joateko, bai edozertarako.

Noiz jakin zenuten aurkitutako hezurrak zure aitarenak zirela?

Tibia aurkitu zuten igandean, eta astelehenean gainerako hezurrak. Asteazkenean baieztatu ziguten DNAren emaitza. Dena den, bagenekien aita izateko aukera handiak zeudela; izan ere, lanean zegoen lekuan aurkitu zituzten hezurrak eta objektu pertsonalak. Baina DNA proba egin arte ezin dute baieztatu.

Zertan lagunduko dizu aitaren gorpua bilatu izanak?

Atseden hartu dugu. Lo egiten hasi naiz. Oraindik ez digute gorpua eman, baina badakigu non dagoen. Aurrera segitzeko eta prozesu normal bat hasteko moduan gaude. Orain arte bizi izan duguna prozesu surrealista bat izan da, prozesu arraro bat. Normalitate baten barruan egingo dugu aurrera orain. Pena dugu maite dugun pertsona bat galdu dugulako, baina aurrera segitzeko aukera daukagu; izan ere, orain arte geldirik geunden.

Zauriak ixten hasteko unea iritsi dela sentitzen al duzu?

Bai, sei hilabete pasatu ditugu zain, eta horretarako unea da orain.

Dena den, Joaquin Beltranen gorpua ez dute aurkitu oraindik…

Ez dakit noiz izango den, baina aurkituko duten esperantza daukat. Ahalik eta azkarren izatea espero dut. Guk haien mina ulertzen dugu, eta haiek gurea ere bai. Inori ez diot desio guk pasatu duguna igarotzerik. Haiei ere bake pixka bat iristea nahi dugu.

Aitaren gorpua aurkitzean esker hitzak izan zenituzten hilabeteotan zuen ondoan izan direnentzat eta lanean aritu direnentzat…

Izugarrizko babesa sentitu dugu jendearen aldetik. Babes hori gabe hondoratu egingo ginatekeen; jendeak kalean animoak ematen dizkizu, eta horrek laguntzen du aurrera egiten. Bilaketa lanetan aritu direnei eskerrak ematera ere joan ginen. Izan ere, eskertzekoa da egin duten lana. Jaiegunetan, asteburuetan… jardun dute lanean. Egunero aritu dira bilaketa lanetan, eta hori guretzat atsegingarria da. Haiek ez balira bilaketa lanetan aritu, guk ez genukeen horretarako bitartekorik izango. Zabortegira joan garen bakoitzean bilaketetan ari ziren pertsonengandik jaso dugun tratua izugarria izan da, eta eskerrak ematera joan ginen lehengo astean. Oso hunkigarria izan zen.

Otsailaren 6an jazo zen lur jausia. Nolakoak izan dira ordutik honako sei hilabeteak?

Emozionalki errusiar mendi batean ibiltzearen parekoa izan da: albiste on bat jaso eta gora egiten genuen, gero behera… Denbora asko pasatu dugu ezer jakin gabe, eta oso hilabete gorabeheratsuak izan dira. Gaizki pasatu dugu; telefonoari adi egon gara, bizitza gelditu egin zaigu. Inguruan denak aurrera egin du, baina gu gelditu egin gara; ez aurrera, ez atzera egon gara. Eta orain kostatu egingo zaigu berriz ere martxa hartzea. Izan ere, mina gurekin daukagu, maite dugun pertsona bat galdu dugu eta egunerokoan falta zaigu. Orain, ordea, aurrerapausoak emateko moduan gaude. Orain etorriko da dolua egiten hasteko unea.

Prozesu judiziala martxan da dagoeneko…

Bai, martxan dago. Oraindik ikertzen ari dira, eta ez dakigu zer etorriko den.

Zer nahiko zenuke lortzea?

Berriz halakorik ez gertatzea da nahi dudan gauza bakarra, eta inork ez pasatzea guk pasatu dugun sufrimendua. Nola pasatu daiteke halako zerbait? Bi lagun hil dira, baina arazoa orokorra da. Gertatu denak balio beza aurrekari moduan. Hemendik aurrerakoa ez dago nire esku, egin ahal nuena egin dut. Orain abokatuak egingo du bere lana. Nik atseden hartuko dut.