Euskaraldia 2020

Euskaraldia, nahi baino aukera mugatuagoekin

Mailo Oiarzabal 2020ko abe. 4a, 12:02
Mecha Conca eta Ione Gurrutxaga. (Mailo Oiarzabal)

Gaur bukatuko da 2020ko Euskaraldia. Mecha Conca belarriprestak eta Ione Gurrutxaga ahobiziak azken bi asteotan egin duten ariketaren balorazioa egin dute Uztarriarako.

Euskaraldia abiatzear zela zituzten aurreikuspenak eta itxaropenak, eta erdibidean ordura arte bizitakoak kontatu ondoren, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa sozialaren bigarren aldiaren bukaeran berriro elkartu dira Mecha Conca eta Ione Gurrutxaga, azken bi asteotan bizitako esperientziak eta bigarren Euskaraldi honen gainean dituzten iritziak eta hausnarketak partekatzeko.

Bigarren Euskaraldia koronabirusaren pandemia betean egin da, eta ezohiko egoera honek ariketan eragin zuzena izan duela iritzi dute biek. Harreman sozialak eta batetik bestera mugitzeko aukerak zeharo murriztuta dauden garaiotan, zituzten asmoak betetzeko nahi baino aukera gutxiago izan dutela diote Concak eta Gurrutxagak. Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gogoarekin gelditu dira.

Beretzat lehen Euskaraldia izan den honetan, ariketa praktikan jartzeko "nahi baino aukera gutxiago" izan dituela dio Concak. "Koronabirusaren kontu honekin, ez dago besterik, ohi baino gutxiago irteten naiz-eta kalera.", azaldu du. Hala ere, aukera izan duenetan bai antzeman duela belarriprest txapa soinean eramatearen eraginkortasuna: "Jendeak arreta jarri dio txapari, batez ere jende gazteak. 'A, begira, txapa daukazu', esan izan didate, eta ondorioz euskaraz hitz egin ere bai". Txapa janztea ahaztu edota ezkutuan eraman izan duenetan ere lotu dute Conca Euskaraldiko bere rolarekin, "ezagutu egin naute eta bazekiten belarriprest gisara ari nintzela Euskaraldian parte hartzen", dio, Uztarrian agertu izanaren eragina aipatuz. Kaleko aukeren mugaren aurrean, etxean arigune finkoa izan duela kontatu du. "Harreman bat hizkuntza batean hasten duzunean, zaila izaten da hizkuntza ohitura horiek aldatzea. Baina nire bikotekideak ahalegin berezia egin du ohitura hori aldatzeko eta nirekin euskaraz hitz egiteko".

Gurrutxagari ere sentipen gazi-gozoak eragin dizkio aurtengo Euskaraldiak. "Esperientzia urria izan da. Esperantza handiekin hasi ginen, baina herri barruan gabiltzala, ez digu aukera handirik eman", dio, ezohiko egoeraren ondorioak nabarmenduz. "Herri barruan, azkenean, egunerokoan gaude jende euskaldunaz inguratuta, ia beti jende berarekin gaude". Herritik kanpora ariketan sakontzeko aukera gutxirekin, lantokia, ikastetxea, izan du arigune nagusia Gurrutxaga ahobiziak. "Ikasleekin bai, behin eta berriro landu dugu Euskaraldia", dio, baina ariketa beraren oihartzuna 2018an baino apalagoa izan delakoan dago, oro har: "Uste dut jarrera aldaketa bat egon dela. Jende askok atzera egin du, gauden egoeran ariketak mereziko ez balu bezala. Parte hartu dutenengan ere aurrekoan zegoen gogo hori ez dut sumatu. Sentipen desberdina izan da aurtengoa". Azpeititik kanpo errealitate bera bizi ote den ezin du baloratu, hala ere, Gurrutxagak: "Ez dakit beste toki batzuetan ere horrela izan ote den, agian mantenduko zuten lehen aldiko ilusioa".

Beste Euskaraldi bat badator, prest daude Conca eta Gurrutxaga berriro parte hartzeko; hurrengoan ahobizi rola hartzeko moduan izango al den galdetuta, "ez, ez, ez!", dio Concak, barrez. Pandemia alde batera utzita, hori bai, egoera oso bestelakoa izatea nahiko lukete. Bitartean, Euskaraldiaren helburuak betetzen ahalegindu nahi dute, txapa erantzita ere.