Euskaraldia 2020

Ahoak eta belarriak Euskaraldirako prest

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 20a, 11:01
Mecha Conca eta Ione Gurrutxaga, Euskaraldian jantzita erabiliko dituzten txapak erakusten. (Mailo Oiarzabal)

Mecha Conca (El Perdido, Argentina, 1992) eta Ione Gurrutxaga (Azpeitia, 1993) dira gaur hasi den Euskaraldian parte hartuko duten herritarretako bi. Belarriprest rola aukeratu du Concak, eta ahobizi izango da Gurrutxaga. Abenduaren 4ra bitartean, Euskaraldiaren inguruko beren bizipenak eta hausnarketak partekatuko dituzte Uztarria.eus-eko irakurleekin.

Irakaslea da Ione Gurrutxaga. Azpeitiarra eta euskalduna, "euskaraz bizi" da. Mecha Conca, berriz, zerbitzaria da taberna batean, eta Azpeitiko Udal Euskaltegian euskara ikasten ari da; euskara ondo ulertzen du, eta hitz egiteko gai ere bada, horretan hain suelto sentitzen ez den arren. Biek eman dute izena gaur hasiko den Euskaraldian parte hartzeko, biek dituzte horretarako arrazoiak. Gurrutxagak ahobizi rola aukeratu du, 2018ko lehen Euskaraldian egin zuen bezala. Conca, berriz, belarriprest izango da beretzat benetako lehen Euskaraldia izango den edizio honetan. Izan ere, duela bi urtekoan izena eman zuen, baina ez zuen ariketa aurrera eraman, "lotsagatik, euskaraz askatzeko beldurtxo horrengatik".

"Nire bikotekidea azpeitiarra da eta bera da nolabait ahalegin hau egitera bultzatu nauena", kontatu du Concak. "Zurea ez den beste hizkuntza bat duen herri batean bazaude, uste dut inplikatu egin behar zarela, eta hizkuntza hori ikasten ahalegindu. Kanpotik etortzeak eta konpromiso hori ez hartzeak ez du ezertarako balio. Integratu ahal izateko modua badela ere iruditzen zait", azaldu du. Gurrutxagak, bere aldetik, azpeitiarrek euskararen erabilerari lotuta "ardura" badutela iritzi dio. "Azpeitiarrak izanda, ohituta gaude euskaraz egitera, baina garrantzitsua iruditzen zait hizkuntzarena hautu kontzientzea izatea, Euskaraldian parte hartuta benetan pentsa dezagula, kontzienteki, lehen hitz hori euskaraz egingo dugula". Duela bi urteko lehen ariketa haren ondotik, bigarren honek "berriz aktibatzeko" balio izatea espero du. "Gauza txikia da, baina denda batean sartutakoan hola esan beharrean kaixo esateak zenbat gauza aldatzen dituen, ezta?", dio, orduko esperientzia gogora ekarrita.

Hizkuntzaren hautu kontziente hori egitea izango da, Gurrutxagarentzat, ahobizi rola aukeratu dutenentzat gakoa. "Norbaitekin beti erdaraz hitz egitera ohituta bazaude, ohitura hori alde batera lagatzea" izan daiteke, adibidez, erronketako bat, "bestela euskaraz egingo ez genion jende horri ere lehenengo hitza euskaraz egiten saiatzea" bezala. Conca izan daiteke, hain zuzen, pertsona horietako bat. Berak dioenez, "ohituragatik edo, normalean gaztelaniaz" egiten diote gehienek. Berak, ordea, "asko eskertzen" du jendea euskaraz zuzentzen zaionean. "Lan egiten dudan tabernan baditut euskaraz hitz egitera bultzatzen nauten bezeroak; akatsak akats eta hanka sartzeak hanka sartze, beraiek lagundu eta babestu egiten naute. Eta gauza bera etxean". Horrek "aldea" egiten duela dio Azpeitian bizi den argentinarrak.

COVID-19ak martxo aurretik ohikoa zen egunerokotasuna asko mugatu du, zerikusi txikia dute bigarren Euskaraldi hau egingo den uneak eta 2018koaren errealitateak. Horrek ariketa sozial gisara Euskaraldia bera mugatuko al duen galdetuta, "bai eta ez" erantzun du Gurrutxagak: "Ariguneak-eta identifikatuta, herriko egoera aldatzeko baliagarria izango dela iruditzen zait, baita herriko belarriprestak identifikatzeko eta, behingoagatik, herrian bertan ditugun ohiturak aldatzeko ere, beti kanpora egon gabe". Concari, berriz, zuzenean eragin dio ostalaritzaren itxierak, une honetan ezin baitu lanik egin, eta lantokia izan du orain arte euskaraz "esperientzia hartzeko" gune nagusienetakoa. Hala ere, "etxean eta bikotekidearen familiarekin" jarraitzen du hizkuntza lantzen; eta kalean ere, pixkanaka-pixkanaka, gero eta aukera gehiago ari da topatzen. Hala dio berak: "Joaten naizen denda txiki batzuetan-eta ezagutzen naute, badakite euskara ikasten ari naizela, eta ari dira mantsoago hitz egiteko ohitura hartzen, nik uler diezaiedan. Eskertu egiten da, egia esan".

Astebete barru kontatuko diote Uztarria.eus-i zer-nolako esperientzia bizitzen ari diren Euskaraldiaren barruan.