Euskaraldia 2020

Euskaraldiaren lehen asteko bizipenak

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 27a, 11:42
Mecha Conca eta Ione Gurrutxaga. (Mailo Oiarzabal)

Gaur zortzi hasi zen ariketa sozialaren bigarren edizioa. Lehen erdia beteta, Euskaraldiaren bueltan izan dituzten esperientziak kontatu dituzte Mecha Conca belarriprestak eta Ione Gurrutxaga ahobiziak.

Mecha Conca (belarriprest)

"Egia esan, astebete joan den arren, ez dut ariketa praktikan jartzeko aukera handirik izan. Egoera honetan, kalera gutxiago ateratzen gara. Hala ere, izan ditudan esperientzia apurrak onak izan dira, txapa erabiltzeak jende gehiagok niri euskaraz egiteko balio izan duela esango nuke. Saltoki batean horrela gertatu zitzaidan, eta kalean hizketan hasi zitzaidan beste neska batekin ere bai. Egun batean, txapa ahaztuta irten nintzen kalera; lagunek gogorarazi zidaten, etxera itzuli eta txapa jantzita irten nintzen berriro. Txapa eraginkorra dela uste dut, jendeak arreta jartzen du horretan. Dena den, espero nuena baino jende gutxiago ikusi dut txapak jantzita, eta ikusi ditudan gehienak ahobizi txapak izan dira.

Bigarren asteari begira ez diot aparteko erronkarik jarri neure buruari. Txapa janzten jarraituko dut irteten naizenetan, ea eraginkorra izaten jarraitzen duen".

Ione Gurrutxaga (ahobizi)

"Oro har, ondo joan da astea. Konturatzerako joan da, eta oraindik noizean behin neure buruari gogorarazi egin behar diot txapa soinean dudala. Horregatik, eskertzekoa da hasiera honetan komunikabideak egiten ari diren lana, egunero Euskaraldiaren berriak lehen lerroan izateak asko laguntzen baitu zertan ari garen gogoratzen. Egia esan, aurreneko egunetan harritu egin naiz, kalean txapa gutxi ikusi ditudala iruditu baitzait, baina, eguraldia gorabehera, pentsatzen dut jendeak txamarraren azpian daramala; hala gertatzen da nire lantokian, behintzat.

Hasieratik neukan erronkari eutsiko diot bigarren astean ere: lehen hitza beti euskaraz. Eta, horri lotuta, euskara ikasten hasi berri diren ikasleei euskaraz gehiago egiten saiatuko naiz: elkarrizketak luzeagoak izango dira eta sarri mimika erabili beharko dut, baina mereziki du".