Aitor Zubizarretak ez du Lagun Onakeko gizonen lehen taldea gidatzen jarraituko

Julene Frantzesena 2020ko aza. 9a, 11:45
Aitor Zubizarreta iazko otsailean.

2018ko azaroan iritsi zen Espainiako Hirugarren Mailako taldearen gidaritzara, eta klubak eskerrak eman dizkio hari, "egindako ahaleginagatik eta erakutsitako konpromisoagatik". Lagun Onakeko gizonak Espainiako Hirugarren Mailako beren multzoko sailkapeneko azkenak dira, hiru jardunalditan puntu bakarra eskuratuta.

Aitor Zubizarreta entrenatzaileak ez du Lagun Onakeko gizonen lehen taldea gidatzen segituko. Futbol taldeak gaur, astelehena, eman du erabakiaren berri, baina oraindik ez du zehaztu zein izango den taldearen entrenatzaile berria. Lagun Onakek azaldu duenez, bi aldeek hartutako erabakia izan da, eta klubak eskerrak eman dizkio Zubizarretari "egindako ahaleginagatik eta erakutsitako konpromisoagatik".

2018ko azaroan iritsi zen Zubizarreta Espainiako Hirugarren Mailako taldearen gidaritzara. Hain zuzen ere, ordura arte bigarren entrenatzaile lanetan aritu zen azpeitiarra, baina klubak Igor San Miguel kargutik kentzean haren lekukoa hartu zuen azpeitiarrak.

2020-2021 denboraldia pattal hasi du Lagun Onakek. Izan ere, denboraldiko lehen puntua zapatuan eskuratu zuen San Ignacioren aurka jokatutako partidan –hirugarren jardunaldia izan zen–, eta laugarren multzoko B taldeko sailkapeneko azken postuan da Azpeitiko taldea.