Aitor Zubizarreta: "Herriko lehen taldea entrenatzea erronka polita iruditu zitzaidan"

Uztarria.eus 2019ko ots. 1a, 19:34
Aitor Zubizarreta, Garmendipeko aldageletan.

Lagun Onak futbol klubeko gizonen lehen taldeko entrenatzailea da Aitor Zubizarreta, klubak Igor San Miguel kargu horretatik kendu zuenetik. Hura iritsi zenean hamabosgarren postuan zen taldea, eta orain, bederatzigarrenean da. "Gustura" dago.

"Berandu" hasi zen entrenatzaile lanetan Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1978), 35 bat urterekin. Ordutik, baina, ez da gelditu. Lagun Onakeko infantil neskak entrenatzen bi urte egin zituen, eta beste bi urte kadete mailako neskekin. Sasoi hartan, Ermuko jubenilen eta Zumaiako Gizonezkoen Gorengo Mailakoen bigarren entrenatzailea ere izan zen. 2017-2018 denboraldian, Lagun Onakeko gizonen lehen taldeko bigarren entrenatzaile izatera igaro zen, Igor San Miguelen ondoan. Iazko azaroan, emaitza txarrak tarteko, San Miguel kargutik kendu zuen klubak, eta haren lekukoa hartu zuen Zubizarretak.

Entrenatzaile izatea proposatu zizutenean, erraz eman al zenuen baiezkoa?

Buelta batzuk eman nizkion kontuari, baina herriko lehen taldea entrenatzea erronka polita iruditu zitzaidan, nahiz eta egoera ez zen onena. Azken finean, ni ere talde teknikoan nengoen Igor bidali zutenean, eta erabakiak berak hartzen zituen arren, ni ere egoera horren parte nintzen, era batera edo bestera. Errespetua ematen zidan, baina ilusioarekin eta gogoarekin hasi nintzen.

Zer balorazio egiten duzu Igor San Miguelek egindako lanaz?

Egia esan, ni oso gustura egon naiz berarekin. Iruditzen zait oso lan ona egin duela; iazko denboraldian, batez ere. Taldeak joko ona egin du; sekulako partidak ikusi dira Garmendipen nahiz etxetik kanpo, eta uste dut jendea gustura egon dela alde horretatik. Baina beno, gero betikoa gertatu da. Futbola oso aldakorra da, eta aste batean zuria dena hurrengo astean beltza da. Sasoi honetan ez dute emaitzek lagundu, eta dinamika horrek ezer positiboa ekartzen ez duenean, erabakiak hartzen dira; kasu honetan ere gauza bera gertatu da. Azkenean, entrenatzaileari eragiten dio horrek.

Orain, zein daukazu ondoan?

Xabier Alberdi Beltza kirol zuzendaria da, eta bera ari zait laguntzen. Horrez gain, Unai Intziarte aritzen da prestatzaile fisiko lanetan. Taldetxoa gara, eta gustura ari gara.

Nola zegoen taldea zuk ardura hartu zenuenean?

Taldea ondo ari zen lehiatzen. Nire ustez, detaileengatik ez genituen partidak aurrera ateratzen. Hala ere, taldea animoz ondo ikusten nuen. Egoera ez zen samurra, baina taldeak ez zuen ahultasun sentipena transmititzen. Taldea indartsu ikusten nuen egoerari buelta emateko; bazeukan eta orain ere badauka ahalmena talde honek. Alde horretatik, taldearen gaitasunarekin ehuneko ehunean dut konfiantza. Hori ez zen eragozpen bat izan, justu kontrakoa. Aukerekin ikusten nuen taldea.

Talde ona dago, beraz, Azpeitian?

Bai, iruditzen zait talde oso-oso ederra dagoela, eta gauza politak egin daitezkeela.

Taldeak zazpi partida zeramatzan irabazi gabe zu iritsi zinenean. Zu entrenatzaile jarri eta lehen partida irabazi zuen.

Niretzat inflexio puntu bat izan zen hori. Partida hura 1-0 irabazi genuen etxean, oso larri, baina hiru puntu lortu genituen, eta aurrez genuen dinamika puskatu genuen. Horren atzetik emaitza positiboak lortzen hasi ginen, eta egoera asko aldatu da. Beti esaten genuen emaitza positibo batzuk behar genituela konfiantza puntu bat hartzeko eta beste dinamika batean sartzeko, eta uste dut hala izan dela eta hortik etorri dela buelta.

Bederetzigarren postuan dago orain taldea. Zu iritsi zinenean, berriz, hamabosgarrenean. On egin al dio taldeari zu entrenatzaile jartzeak?

Hori jokalariek esan beharko dute [barreak]. Baina egia da koltxoi bat lortu dugula, eta alde horretatik, ondo.

Denboraldiaren lehen zatia pasatu berri da. Zer lortu nahiko zenuke sasoi amaierarako?

Lehen helburua da astebururo lehiatzea, inor baino gutxiago ez izatea, eta hori erakustea futbol zelaian. Lehiakorrak izateko gai bagara, uste dut edonori irabazteko gai izango garela. Gerta daiteke irabaztea, galtzea edo berdintzea, baina lehiakorrak garela demostratzen badugu, aukerak izango ditugu. Horrez gain, Hirugarren Mailan jarraituko dugula ziurtatzea garrantzitsua izango da; aurten, gainera, badirudi Bigarren B mailatik euskal talde dezente jaitsiko direla, eta horrek eraginda, gure mailatik ere talde gehiago jaisteko arriskua dago. Arrisku hori lehenbailehen saihestea da lehen helburua, eta gero, ahal den gorena sailkatzea eta denboraldiaz nahiz futbolaz disfrutatzea. Gu ez gara futboletik bizi, eta ondo pasatzera eta disfrutatzera etorri behar dugu.

Hirugarren Mailako talde bat entrenatzen duzun lehen aldia da. Zer erronka jarri diozu zeure buruari?

Ez dut denbora asko eduki pentsatzeko. Asteroko lanak nahiko denbora kentzen du: aurreko partida aztertu behar duzu, hurrengoarekin pentsatzen hasi, entrenamenduak prestatu… Egongo da helburuak jartzeko denbora.

Gustatuko al litzaizuke taldea entrenatzen urte gehiago egitea?

Bai. Behin dinamika honetan sartu naizenez, jendea, taldea eta zuzendaritza gustura baldin badaude, gustatuko litzaidake.

Salto handia izan al da zuretzat bigarren entrenatzaile izatetik lehena izatera pasatzea?

Bai. Bigarren entrenatzaile nintzenean babestuta nengoen; Igorrek hartzen zituen erabakiak, entrenamenduak berak prestatzen zituen… Parte hartzen nuen, baina gehiago nengoen ikusten eta ikasten, nahiz eta nire iritzia ematen nuen. Eta, bat-batean erabaki guztiak nik hartu behar ditut. Alde horretatik asko aldatzen da.

Iñigo Arregi Lagun Onakeko lehendakariak aste honetan esan du taldean ahalik eta azpeitiar gehien egotea dela erronka. Alde horretatik, zein da taldearen egoera?

Gaur egun, lehen taldean herriko 7-8 jokalari daude. Guztira, hogei bat lagun daude taldean, eta zenbaki aldetik ez gara gehiegi azpeitiarrak, egia esan. Baina uste dut horrek izan behar duela helburuetako bat. Izan ere, ikusten da herriko jendeak parte hartzen duenean jende gehiago etortzen dela partidak ikustera eta animatzera; giro hobea sortzen da. Lagun Onaken filosofia hori da, eta bide horretatik segitu behar dugu. Baina, noski, helburua Hirugarren Mailan segitzea ere bada, eta bi gauzak lortzeko oreka bilatzen jakin behar da.

Lagun Onaken harrobia jarraitzen al duzu?

Bai, joaten naiz partida batzuk ikustera. Bigarren taldea, Gizonezkoen Gorengo Mailakoa, sekulako denboraldia egiten ari da. Lehen postuan doa taldea, eta igotzeko aukera handia du. Gainera, jokalari politak daude, eta tartean behin saiatzen gara bakarren bat gure dinamikan sartzen, Hirugarren Mailarako prestatzen joateko.

Zu jokalari izandakoa al zara?

Bai, baina infantiletan utzi egin nuen. Entrenatzaile ere berandu hasi nintzen, duela bospasei urte. Futbola beti gustatu izan zait, baina behin ere ez nuen pausoa ematen. Lagun batek esan zidan ea lagunduko al nion entrenatzaile lanak egiten, animatu egin nintzen, eta honaino iritsi naiz.

Azpeitiarra izanda, presio handiagoa eragiten al du herriko taldea gidatzeak?

Bai, herrian batek ez bada besteak zerbait esaten dizu, eta zuk zure buruari ere jartzen diozu ardura bat; gauzak ondo egitea nahi duzu. Presio pixka bat bada, baina gustatu egiten zait, beraz… Momentuz jendea gustura dago, eta dinamika onean goaz. Taldean giro ona dago, eta oso gustura nago.