Denboraldiko lehen puntua eskuratu du Lagun Onakek

Atzoko partidako irudi bat. (Lagun Onak)

Partida ia guztia markagailuan aurretik izan ostean, 70. minutuan lortu zuen berdinketa San Ignaciok; bina bukatu zen partida. Hiru jardunaldi jokatuta, Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko B taldeko sailkapenean azkena da Azpeitiko taldea.

Lagun Onakek bina berdindu zuen atzo, zapatua, San Ignacioren kontra Garmendipe futbol zelaian jokatu zuen partida. Partida ezin hobeto hasi zuen etxeko taldeak; izan ere, zortzigarren minutuan sartu zuen lehen gola Geretak. Atsedena baino lehen, 34. minutuan, erdietsi zuen bigarren gola Lagun Onakek: Lagun Iker Olaizolaren erdiraketa on baten ostean, San Ignacioko atzelari batek bere atean sartu zuen gola. San Ignacioren lehen gola ere atsedenaren aurretik iritsi zen, 43. minutuan, hain zuzen ere.

Bigarren zatiko hasierako minutuetan ez zuten aukera handirik sortu bi taldeek. Gero iritsi ziren lehen aldaketak: 67. minutuan zelaia utzi zuen Joanes Otamendik, eta haren ordez sartu zen berdegunera Beñat Uranga. 70. minutuan etorri zen berdinketa, San Ignaciok bigarren gola sartuta. 74. minutuan egin zuen bigarren aldaketa Lagun Onakek, eta Unai Arruabarrena sartu zen zelaira Ekhiren ordez. Aitor Zubizarreta entrenatzaileak partida bukatzeko bost minuturen faltan zelairatu zituen Guibert eta Eneko Azurmendi, Eriken eta Jakes Gurrutxagaren partez. Eta lau minutuko luzapenaren ostean, bina berdinduta bukatu zen partida.

Lagun Onak Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko B taldean ari da lehiatzen, eta talde horretako sailkapenean azkena da. Atzo lortu zuen gizonen lehen taldeak denboraldiko lehen puntua, hirugarren partida jokatuta. Datorren asteko neurketa Pasaian jokatuko du Lagun Onakek.

Hona hemen, Geretak zortzigarren minutuan sartu duen golaren bideoa:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide