Koronabirusa Azpeitian

"Bazetorren, eta iritsi egin da"

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 24a, 10:54
Tabernentzat kolpe gogorra izango da Jaurlaritzaren neurri berria.

Herriko egoera epidemiologikoak larria izaten jarraitzen duen bitartean, tabernek eta jatetxeek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte zabaldu 06:00ak arte. Afariak ematetik bizi diren ostalariak egoera zailean utzi ditu neurri horrek. Da tabernako Eneko Arangurenekin eta Aisialdiko Antonio Herrerorekin hitz egin du Uztarriak.

Azpeitia, 100.000 biztanleko 1.414,81eko intzidentzia tasarekin, semaforo gorria piztuta duten herri horietako bat da, eta atzotik indarrean dira egoera epidemiologiko larria duten herrietarako Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurri murriztaileak. Ondorioz, tabernek eta jatetxeek 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte 06:00ak arte ireki. Gainera, barran ezingo da kontsumitu, soilik mahaietan eta eserita, eta barruko edukiera erdira mugatu beharko dute. 

Neurri berriek "grazia handirik ez" diotela egin aitortu du Da tabernako arduradun Eneko Arangurenek, "eta hala ere, gustura, tabernak itxiarazi ez dizkigutenean", bazuelako horren beldurra. Aisialdi tabernako arduradun Antonio Herrero ere antzera mintzatu da: "Ikusten zen bazetorrela, eta azkenean, iritsi egin da". 

Dak taberna gisa funtzionatzen du astean zehar, eta ostegunetik igandera afariak ere ematen dituzte. Asteburu honetan ikusiko dute jendeak nola erantzuten duen, baina 21:00etan itxi beharrak afarien zerbitzua erabat baldintzatuko diela uste du Arangurenek. "21:00etan ixteko, 19:30etan hasiko gara afariak ematen, baina nor etorriko da ba ordu horretan afaltzera?", galdetu du. Haren esanetan, "jendeari lasai afaltzea eta afaldu eta gero lasai egotea gustatzen zaio, eta ordutegi horrekin ezinezkoa da hori". 

Aisialdiren diru iturri nagusia ere afariak dira, eta ordutegi berriarekin hori gabe gelditu direla dio Herrerok. "Ostegunean, artean neurriak indarrean sartu gabe zirela, hiru mahai izan genituen afaritan, eta hiruak 21:15 aldera eseri ziren. Atzo, berriz, ezin izan genuen afaririk zerbitzatu, soilik eramateko janaria prestatu genuen, baina hori ere 21:00ak arte bakarrik". 

"Zerbait egin beharra zegoen"

Tabernak eta jatetxeak 21:00etan ixteko agindua ez dute gogo onez hartu, baina ustekabean ere ez ditu harrapatu herriko ostalariak. Arangurenek eta Herrerok hala diote behintzat. "Konfinamendua eta gero, jendeak irteteko gogoa zuen, eta irten egin da", esan du Herrerok. "Guretzat uda oso ona izan da, espero genuena baino hobea. Birusak hor jarraitzen zuen, baina bazirudien ez ginela jabetzen horretaz, eta pixkanaka-pixkanaka gain hartu digu". Ikasturtea hasi denetik, positiboak ugaritu ahala, herriko giroa aldatu egin dela nabarmendu du, eta hori tabernako martxan antzeman egin dutela. "Jaitsiera progresiboa izan da; herrian positiboen kopurua gorantz joan den heinean, tabernako martxa moteltzen joan da, eta azken asteetako datuak ikusita, bagenekien horrelako zerbait etor zitekeela", adierazi du Aisialdiko arduradunak. 

Jaurlaritzaren murrizketek gehien kaltetuko duten sektoreko langilea izanik ere, Arangurenek beharrezkotzat jo ditu koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak. "Ostalariok izango gara kaltetu nagusiak eta horrek kezka eragiten dit, baina herriko panorama ikusita zerbait egin beharra zegoen; orain artekoa katxondeo bat izan da". Neurriok egoeraren larritasunaz jabetzeko balio izatea espero du. "Ez gara gauzak ondo egiten ari, neu aurrena, eta ea guzti honek balio digun zerbait ikasteko eta arazoari daukan garrantzia emateko".

Egoera samurra ez den arren, biek ala biek nabarmendu dute lanerako gogoz daudela, eta ahal duten heinean, horretan jarraituko dutela. "Kexatzen gal genitzake indarrak, baina alferrikakoa litzateke. Baikorrak izan behar dugu eta pentsatu behar dugu honetatik ere onik aterako garela", adierazi du Herrerok. "Herrian daukagun egoera hobetzeko gure esku dagoen guztia egin behar dugu orain, herritar bezala zein ostalari bezala, eta etorriko dira garai hobeak".