Herritarrek harrera beroa egin diote 'Korosagasti' filmari

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 26a, 08:57

Beizamako krimenetan oinarritutako Korosagasti filma estreinatu zuten atzo, ostirala, 21:00etan, Soreasun. Filma amaitu ostean, Asier Sustaeta zuzendariak hainbat azalpen eman zuen.

Beharrezko segurtasun distantziak utzi behar zirelako, ez zirudien Soreasuk leporaino beteta zenik atzo, baina sarrera guztiak agortuta ziren Korosagasti filmaren estreinaldirako. 21:00etan hasi zen emanaldia, eta ikusleak gogotsu zeuden 1926ko Beizmako krimenetan oinarritutako filmak zer kontatuko zuen jakiteko, baita aktore lanetan aritu diren herritarren aurpegiak ikusteko ere. Giro berezia sortu zen emanaldian, eta hala baieztatu zuen filma amaitzean entzun zen txalo zaparradak ere: ikusleei gustatu zitzaien filma.

Emanaldia amaitzean, Asier Sustaeta zuzendaria, Oihan Amezua argazki zuzendaria eta Netzer Bereziartua set arduraduna atera ziren jendaurrera; Anartz Izagirre Urolako Komunikazio Taldeko kazetariak hainbat galdera egin zizkien, filmaren nondik norakoak azaltzeko. Bost urte eman dituzte filma ontzen, eta Sustetak esan zuen "luzea eta gogorra" izan dela denbora tarte hori. "Baina aberasgarria ere bai. Ikusi dugu lan kooperatiboarekin zer egin daitekeen", esan zuen. Izan ere, hori da filmaren funtsa: herritarren borondateari esker izan dela posible.

Joan den uztailean aurrestreinatu zuten Korosagasti, baina orduan lanean modu batera edo bestera parte hartu zutenek soilik izan zuten filma ikusteko aukera. Atzo, baina, gainontzeko herritarrek izan zuten filmaz gozatzeko aukera; gaur (22:00), bihar (19:30) eta astelehenean (21:00) ere ikusi ahal izango da lana. Oso eskertuta agertu zen Sustaeta, ikusleek filmari egin zioten harrera beroa dela eta: "Eskerrik asko etorri zaretelako, aspaldiko partez areto hau bete duzuelako".

Erlazionatuak

Bertakoa, bertakoek kontatuta

Ihintza Elustondo - Mailo Oiarzabal 2020 ira 25 Azpeitia