Bertakoa, bertakoek kontatuta

Ihintza Elustondo - Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 25a, 12:30
'Korosagasti' filmeko grabaketen une bat. (Korosagasti)

Gaur estreinatuko dute Beizamako krimenetan oinarritutako ‘Korosagasti’ filma, 21:00etan, Azpeitiko Soreasun. Proiektuan parte hartu duten lau kidek beren esperientzia azaldu dute. 

Beizama. 1926. urtea. Baserri batean, ama eta alaba hilik agertu dira. A zer tragedia. Ordutik, ia mendea igaro da, eta gaiaren inguruan misterio ugari sortu ere bai. Orain, baina, Korosagasti filmean jaso ditu gertakariak Asier Sustaeta zinemagileak. Gaur estreinatuko dute lana, 21:00etan, sarrera guztiak agortuta direla. Film horretan parte hartu duten hiru pertsonarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak: Gurutze Eizmendi Azpeitiko bizilagunarekin, Xanti Alkorta azpeitiarrarekin, Juan Alberto Gaztañaga zestoarrarekin eta Arantxa Areizaga azkoitiarrarekin. 

Gurutze Eizmendi: "Giro ederra zegoen lantaldean, eta gozatu egin nuen grabatzen"

Asier [Sustaeta] bera etorri zitzaidan esanez oso garbi ikusten zuela, gidoia idatzi zutenetik, Jazintaren pertsonaia nik egin behar nuela; Korosagastiko alabetako bat zen Jazinta, baserrian hil zituzten emakumeetako baten alaba eta bestearen ahizpaordea. Nik ilusioarekin jaso nuen filmean parte hartzeko proposamena, are gehiago, zuzendariak horren garbi ikusita pertsonaia horretarako ni nindutela buruan. Pertsonaiarekin ere oso gustura sentitu naiz.

Zer gertatu zen-eta hain garbi jakin gabe baina bai, banuen Beizamako krimenen berri eta banekien zeozer potoloa gertatu zela Korosagasti baserrian.

Egin dudan lehen film luzea da Korosagasti; film laburretan-eta lan egin izan dut, baina inoiz ez horrelako proiektu batean. Oso gustura joaten nintzen grabazioetara. Esklabetan hotz egiten zuen, eta alde horretatik baldintzak ez ziren, agian, egokienak. Baina oso giro ederra zegoen lantaldean, eta gozatu egin nuen grabatzen. Oso esperientzia ederra izan da.

Uste dut proiektuaren ezaugarriek, denak eskualdekoak eta ia denak edo denak amateurrak izate horrek, asko aberastu dutela proiektua bera. Bertako jendeak aukera izan du hemen inguruan gertatutako historia gogor bat antzezteko eta kontatzeko. Oso aberasgarria izan da.

Aurrestreinaldian ikusi nuen filma, eta oso gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Uste dut Erabakikoek egundoko lana hartu dutela eta ikusi egiten dela lan horren emaitza. Beraientzat ere lehen film luzea izan da hau eta iruditzen zait filmean azaltzea nahi zuten hori ondo azaltzen dela. Aktoreen lana ere oso ondo gelditu da. Nire partetik, zorionak eta chapeau lantalde osoari; eta berriz ere nirekin kontatu nahi badute, hemen nagoela!

Xanti Alkorta: "Oso harro nago noraino iritsi garen ikusita"

Asier Sustaetaren bidez iritsi nintzen Korosagasti filmaren parte izatera. Italian bizi nintzela, arratsalde batean, nirekin harremanetan jarri zen zuzendaria, eta garbi zuen ni nahi ninduela proiekturako.

Sekula ez nuen aurrez Beizamako krimenez ezer entzun; egia esan, harrigarria iruditzen zait inguruan halako istorio gogorrak gertatu eta denboran galdu izana.

Aurrez filmen grabaketa askotan parte hartu izan dut,  baina lehen aldiz izan naiz film luze baten irudi arduradun. Kontakizun bat filmatzen hasi aurreko sormen lan prozesua oso ederra da: pertsonaiak perfilatzea, egoeran kokatzea, xehetasun txikiak aztertzea... Txarrena, berriz, errodaje bateko atzerapenak dira.

Korosagasti proiektu txiki bat zen filmatzen hasi ginenean, eta orain, oso harro nago noraino iritsi garen ikusita. Oraindik ez dut filma osorik ikusi, zati batzuk baino ez ditut ikusi, baina irrikaz nago osorik ikusteko.

Filma ikustera joaten denak badaki istorioa nola bukatuko den, eta pelikulak pertsonaiak ezagutzeko eta suspentseaz gozatzeko aukera ematen du.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Erlazionatuak