Koronabirusa Azpeitian

Ibilgailuen zergaren ordainketa urrira atzeratu eta hainbat tasa proportzionalki kobratuko ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 8a, 16:27
Ezohiko itxura eta antolaketa izan zuen atzoko udalbatzarrak. (Mailo Oiarzabal)

Aho batez onartu zituzten alarma egoeraren eraginei lotutako neurriok atzoko udalbatzarrean. Martxotik lehen aldiz, aurrez aurre egin dute osoko bilkura.

Uztaileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo Azpeitiko Udalak, eta COVID-19 gaitzak eragindako alarma egoeraren ondorioekin lotuta hartutako hainbat erabaki izan ziren bilkurako aipagarrienak.

2020rako onartutako egutegi fiskala bigarren aldiz egokitu du udalak uztaileko udalbatzarrean. Martxoaren 20ko ezohiko udalbatzarrean, konfinamenduaren lehen astean, egokitu zuen lehen aldiz aurtengo egutegi fiskala. Orduan, udal zergen eta hainbat tasen ordainketa irailera atzeratzea adostu zuten udal ordezkariek, "egoerak herritarrengan sor ditzakeen zailtasunen jakitun eta laguntza eskaintzeko helburuarekin". Trakzio mekanikodun ibilgailuen zergaren ordainketa izan zen martxoko bilkura hartan irailera atzeratu zutenetako bat. Atzo, berriz, ibilgailuen zerga horren ordainketa urrira atzeratzea erabaki zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean egin ohi duen IBIaren edo kontribuzioaren kobraketa irailera atzeratzea erabaki du, eta herritarrei bi zergen ordainketa epe berean ez eginarazteagatik luzatu du Azpeitiko Udalak urriraino ibilgailuena, Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez.

Merkatarien eta ostalarien tasak, egokituta

Merkataritza eta ostalaritza jarduerei ezarritako hainbat tasen aplikazioa egokitzea ere onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Horrela, jabari publikoaren aprobetxamenduaren gaineko hainbat tasa proportzionalki aplikatuko dituztela jakinarazi zuen alkateak. Kale salmentako postuei -asteartetako azokan plazan jartzen dituztenak- alarma egoeraren ondorioz azokara etorri ezin izan diren asteen zati proportzionala ez diete kobratuko. Azokako baserritarren postuei, aldiz, matendu egingo diete urteko kuota (9,51 euro mahaiko), horien jardunak ez duelako azokako beste saltzaileen bezalako etenik izan.

Tabernen terrazetako tasa ere proportzionalki kobratuko du udalak: martxoaren 14tik konfinamendua arindu eta terrazak jartzeko aukera izan zuten arteko epealdia ez dute ordaindu beharko ostalariek. Merkatariei eta ostalariei beste tasa bat ere egokituko diete; horrela, establezimenduak itxita egon diren epealdian lokal guztiei kobratu ohi zaien guxtieneko zabor bilketa tasa kobratuko zaie.

Udal zerga eta tasekin lotutako erabakiok aho batez hartu zituzten, udalbatzarraren lan zerrendako gainerako puntu guztiak bezalaxe. Joan den martxoaz geroztik udaletexeko areto nagusian eta aurrez aurre egindako lehendabiziko osoko bilkura izan zuten atzokoan udal ordezkariek. COVID-19a dela-eta hartu beharreko neurriak ezarrita, ezohiko moduan antolatu zituzten mahaiak eta aulkiak, maskarak soinean zituzten zinegotzien arteko tarteak areagotzeko.